Prentsa aretoa
Lau atal
"Generación Click" dokumental sailaren estreinaldia, gaur, ETB2n
EITB MEDIA
Mugikorrak eta sare sozialak erabiltzeak nerabeengan dituen ondorioak aztertzen ditu. "Klik Belaunaldia" euskarazko dokumental sailaren lehen atala ikusgai da Primeran plataforman.
-
Bilboko Bizkaia Aretoan egindako aurrestreinaldiaren familia argazkia
Gaur, irailak 16, "Generación Click" saioa estreinatuko da ETB2n, 22:55etik aurrera. Mugikorrak eta sare sozialak erabiltzeak nerabeengan dituen ondorio larriak aztertzen ditu lanak: antsietatea, depresioa, kirurgia estetikoarekiko obsesioa, adikzioak, apustuak, agresibitatea, loezina, eskola-porrota eta, are okerrago, suizidioa. Azken hori gazteen heriotza-kausa nagusia bihurtu da. Lau ataletako bakoitzean hainbat arazo eta gertaera aztertuko dituzte, eta, horretarako, guraso eta seme-alabak izango dituzte, bizitakoak kontatzen. Halaber, adituekin hitz egingo dute, hala nola psikologoekin eta medikuekin, baita mendekotasuna gainditu duten pertsonekin eta biktimekin ere.
Programaren irudia
Asteartean, telebistako estreinaldiaren aurretik, aurrestreinaldia egin du EITBk, publiko eta guzti, Bilboko Bizkaia Aretoan. Eider Hurtadok aurkeztu du, eta bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Ruth Martínez Shine Iberia ekoiztetxeko entretenimendu-zuzendaria.
"Generación Porno" lanak lortutako arrakastaren ondoren dator "Generación Click". Izan ere, pornoaren industriak belaunaldi berrien bizitza sexuala nola markatzen duen aztertu du lehenak, eta hainbat sari eta aitorpen lortu ditu, baita nazioarte mailan ere. Sarietan azkena, larunbat honetan bertan FesTVal jaialdian jasotakoa. Hain zuzen ere, joan den ostegunean, Shine Iberia ekoiztetxearekin batera, Gasteizko telebista jaialdiaren barruan aurkeztu zuen EITBk "Generación Click", harrera bikainarekin aurkeztu ere.