Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Saio berria

ETB2k "RH+" estreinatuko du astelehenean, Gorka Aginagaldek aurkeztutako eguneroko infoshowa

Entretenimendua eta irreberentzia baliatuz, ikus-entzuleak informatzea du helburu "RH+" programak. Astelehenetik ostegunera emitituko da, zuzenean, 22:15ean, Euskal Telebistan.

Datorren astelehenean, abuztuak 26, ETB2k "RH+" saioa estreinatuko du, umorearen bitartez eguneroko albiste nagusiak beste ikuspuntu batetik aztertuko dituen programa berria. Astelehenetik ostegunera, 22:15etik aurrera, Gorka Aginagalde umorista gasteiztarrak informazioa entretenimendu bilakatzen duen zuzeneko saio berritzaile hau aurkeztuko du: gaurkotasuna beste ikuspuntu batetik jorratuz, irreberentziatik abiatuta.

Aginagalderekin batera hiru erreportari arituko dira, egunari behar adinako dibertsioa eta umorea emateko. Hala, Asier Navarrok, Leyre Barriocanalek eta Sergio Izanek bestelako ikuspuntuetatik jorratuko dituzte eguneko albiste nagusiak. Gainera, Pirata musikariak zuzeneko soinu-banda jarriko dio espazio honi, eta gauero jorratuko diren gaien inguruan duen iritzi kritikoa emango du. Bost laguneko lantaldea ez da bakarrik egongo, umorista ezagun askok platoa bisitatuko baitute: Ana Goitia, Julen Axpe, Ahijar Azcona, Tania Llasera, Telmo Irureta, Humberto Gutierrez, Sergio Arrospide, Amets Arrieta, Iban Garcia, Susana Soleto, Mirari Bilbao...

Publikoak izango du azken hitza

Estilo lotsagabea ardatz izanda, erreportariek oharkabean pasa ezin daitezkeen istorioak eskainiko dituzte, gaiak ikuspuntu ausart eta berritzailetik abiatuta jorratuz. Ildo horretatik, gauero, Asierrek, Leyrek eta Sergiok publikoaren iritzia jasoko dute, hiruretatik zeinek egin duen hobeto jakiteko. Gonbidatutako umoristek eta Pirata musikariak ere izango dute hitza eta botoa.

'RH+' saioko berriemaileak

'RH+' saioko berriemaileak

Albiste saio bat baino askoz gehiago da "RH+": informazioa eta dibertsioa uztartzen dituen programa, eguna irribarre batekin amaitzeko asmoz. Egon prest gaurkotasunaren berri bestelako modu batean izateko! Astelehenetik ostegunera, access prime time-an, "RH+" saioa dator: 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista
  • Umorea