Prentsa aretoa
EITB Taldea
FORTAk ikus-entzunezko komunikabideen etorkizunari buruzko udako ikastaroa antolatu du Donostian
EITB Media
FORTAren 35. urteurreneko ekitaldien barruan antolatutako jardunaldia UPV/EHUrekin lankidetzan egingo da, irailaren 4an, eta Estatu osoko unibertsitate irakasle zein ikus-entzunezko sektoreko profesional ospetsuen parte hartzea izango du. Izen emateko epea zabalik dago.
-
FORTAk antolatutako uda ikastaroa irailaren 4an egingo da
Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioak (FORTA) udako ikastaroa antolatu du datorren irailaren 4rako Donostian. EITB kide duen erakundearen 35. urteurrenaren harira eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) lankidetzan egingo den jardunaldiaren helburua izango da Estatuko ikus-entzunezko komunikabideen oraina eta etorkizuneko joerak aztertzea, ikuspegi akademikoa zein ikus-entzunezko industriaren begirada kontuan izanik.
El futuro del sector audiovisual a través de los medios de comunicación públicos autonómicos / Ikus-entzunezko sektorearen etorkizuna komunikabide publiko autonomikoen bidez izenburupean egingo den ikastaroak arreta berezia eskainiko dio adimen artifizialari, digitalizazioari eta publiko berrietara iristeko moduari. Bertan parte hartu ahal izango dute ikasleek (unibertsitatean daudenek zein ez daudenek), irakasleek, sektoreko profesionalek eta ikus-entzunezkoen arloan interesa duen pertsona orok. Izena emateko epea zabalik da UPV/EHUko Udako Ikastaroak Fundazioaren web orrian. Bertan kontsultatu daiteke, halaber, ikastaroaren programa osoa.
Etengabe aldatzen ari den sektorea
Ikastaroak datuak, baliabideak eta esperientziak eskaini nahi dizkie ikasleei, ikus-entzunezko industriaren eraldaketa ulertzeko. Berebat, erronka horiei aurre egiteko profesionalek eta telebista kanalek abian jarritako estrategiak ezagutu ahal izango dituzte. Jorratuko diren gaien artean daude komunikabideen eraldaketa digitala, adimen artifizialaren erabilera eta albiste faltsuen garaian informazioa nola landu. Horrekin batera, etorkizuneko joerak eta publikoarekin zein gizartearekin konektatzeko estrategiak izango dira mintzagai.
Ospe handiko hizlariak
Aurrez aurreko metodologiarekin egingo den ikastaroak hitzaldi magistralak, ponentziak, mahai-inguruak eta elkarrizketak eskainiko ditu. Hizlarien artean egongo dira unibertsitate irakasle ospetsuak, komunikabideen azterketak egiten adituak eta ikus-entzunezko industrian esperientzia handia duten profesionalak.
Horien artean dago Carlos Scolari, Komunikazio Digital Interaktiboaren Teoria eta Analisian katedraduna Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Aditua da transmedia hedabideen, interfazeen eta narratiben bilakaeran. Berak izango du jardunaldia zabaltzeko ardura, eraldaketa digitala eta ikus-entzunezko bitarteko publikoen berrikuntza ardatz izango dituen hitzaldi magistralarekin.
Ikastaroan parte hartuko du, halaber, Roberto Suárez Candelek. Erakundeetako balioa eta inpaktua neurtzen eta estrategiak lantzen dituen South180 enpresako sortzaile eta zuzendari exekutiboa da. Gainera, Irratigintzako Europar Batasuneko (UER) Hedabideen Estrategia eta Inteligentziako burua izan da, eta Munduko Ekonomia Foroko Hedabideen, Entretenimenduaren eta Kirolaren Etorkizuneko Kontseilu Globaleko kidea. Suárez Candelek ikus-entzunezkoen sektorearen eraldaketa digitalari buruzko solasaldia gidatuko du. Bestalde, kanal autonomikoek Estatu mailako panorama mediatikoan duten rolari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du.
Santiago de Compostelako Unibertsitatean Informazio eta Ikus-entzunezko Enpresaren Kudeaketako irakasle den Francisco Campos ere etorriko da Donostiara. Ingurune politikoak komunikabideetan duen esku-sartzean aditua, kazetaritzak albiste faltsuen garaian dituen erronkei buruzko ponentzia gidatuko du.
Horiekin batera, FORTAko 12 hedabideetan lan egiten duten komunikazioko eta informazioko profesionalak batuko dira uda ikastarora, etengabe eraldatzen ari den sektoreari buruzko esperientzia eta ezagutza partekatzera.
FORTAren 35. urteurreneko ekitaldien barruan kokatzen da UPV/EHUren Uda Ikastaroetan egingo den jardunaldia. Bi helburu ditu: batetik, didaktikoa izatea; bestetik, hedabide publiko autonomikoek gizartea egituratzeko, egiazkoa eta hurbilekoa den informazioa sortzeko eta eskualde-identitateak babesteko eta egituratzeko duten funtsezko eginkizuna nabarmentzea.
FORTAri buruz
FORTA (Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Erakundeen Federazioa) irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bertan biltzen dira Estatuko autonomia erkidegoetako irrati- eta telebista-zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten zuzenbide publikoko erakunde nagusiak Gaur egun, 12 irrati eta telebista erakunde autonomikok osatzen dute FORTA. Informazio gehiago hemen: https://www.forta.es/