Prentsa aretoa
Formatu berriak
"Itsatsita" euskarazko instaserie musikala, Instagram eta Tik-Tok sareetan
EITB MEDIA
Bertikalean kontatu eta kantatutako websail musikal bat da, Gari Uriarte, Miren Arrieta eta Iker Huitzi aktore eta abeslarien eskutik. 90 segundoko 39 atal dira guztira, eta irailaren 14an hasiko dira lehen atalak zabaltzen, Instagram eta Tik-Tok sare sozialetan, @itsatsita_eitb profilean.
-
"Itsatsita"
Irailaren 14tik aurrera, "Itsatsita" euskarazko instaserie musikala eskaintzen hasiko da EITB, Instagram eta Tik-Tok sare sozialetan, @itsatsita_eitb profilean.
Bertikalean kontatu eta kantatutako musikal bat da "Itsatsita", Gari Uriarte, Miren Arrieta eta Iker Huitzi aktore eta abeslarien eskutik. Pegados antzezlan katalan arrakastatsuan oinarrituta, euskarazko webseriea da, euskarazko ekoizpena leiho eta lengoaia berrietara egokituta.
Diskoteka baten iluntasun zaratatsu eta beroan elkar erakarrita sentituko dira bi gazte. Alkoholak, erakarpenak, bazileak eragindako giroan sutsuki enroilatzen dira komunean. Sexuaren unerik gorenean jabetzen dira "itsatsita" geratu direla (medikuek "penis captivus" deitzen diote egoera horri). Larrialdietara joan eta egoera surrealista grabatu eta Instagrametik kontatzen hasiko dira. Jarraitzaileak igo ahala, tentsio egoera horren erdian elkar ezagutzera kondenatuta egongo dira. Umorea, tentsioa, musika, konfesioak, bizitza... horiek denak pasako dira boxetik. Ospitaletik ateratakoan, ordea, protagonistak jada ez dira sartu zirenak izango.
Protagonistetako bat Gari Uriarte dugu, egungo Dupla taldeko abeslaria. Musika urbanotik datorren arren, zoragarri egokitu da kantaria umorezko fikzio honetan, aktore bezala estreinakoz.
Miren Arrieta aktorearekin geratu da itsatsita Gari. Abeslaria eta dantzaria ere bada Miren, hainbat telesail eta proiektutan hazten ikusi duguna: "Go!azen", "Etxekoak", "Altsasu"…
Azkenik, umorean eta kantagintzan ibilbide nabarmena duen Iker Huitzi aritu da erizainaren paperean. Demodé Quartet taldeko kidea, "Kutsidazu Bidea, Ixabel" bezalako musikaletan ere parte hartu du.
90 segundoko 39 atal dira guztira, eta irailaren 14an hasiko dira lehen atalak zabaltzen, Instagram eta Tik-Tok sare sozialetan, @itsatsita_eitb profilean. Gaztearen sare sozialek ere zabalduko dituzte atal horietako batzuk, eta urriaren bukaeran atal guztiak, film bilakatuta, Primeran plataforman egongo dira ikusgai.
Pausokak ekoitzi du lana, eta narratiba berrietan euskarazko proiektu pilotuak aztertzen eta ekoizten dabilen EITBLab-en proiektua da honakoa. Gazteei euskal musikal umoretsu bat eskaini nahian, El Terrat eta Kaktus Music ekoiztetxeen Pegados antzezlan arrakastatsuari erreparatu zioten. Izan ere, Estatu mailan 440 antzezpen baino gehiago egin zituen lanak 2010 eta 2014 bitartean, eta Europan eta Latinoamerikan ere antzeztu izan dute.
Orain, euskaraz leiho eta lengoaia berrietara egokituta dator, Pausokaren eskutik.
"Itsatsita"
Zuzendaria: Jon Rodriguez
Zuzendari musikala: Joli Pascualena
Gidoiaren egokitzapena: Carlota Ezquiaga
Produkzio exekutiboa: Xabi Zabaleta
Ekoiztetxea: Pausoka
Ideia eta sormen-ekoizpena: EITBLab