Prentsa aretoa
2023ko uda ETBn
Zuzenekoz, kale eta jai giroz, kirolaz eta sukalde kontuez blai dator aurtengo udako programazioa
EITB MEDIA
Gastronomiak protagonismo berezia izango du aurtengo udan, "Gastronomadak" eta "Baserri Gourmet" saio berriekin, besteak beste. ETB1ek "Gora Bihotzak" uda giroko zuzeneko programa estreinatu du eta ETB2n bi estreinaldi izango ditugu: "Aupa Hi!" saio ibiltaria eta "Dinero a Saco" lehiaketa.
Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu ostean eta sanferminak ate joka ditugula, Euskal Telebistak 2023ko udarako prestatu duen programazioa aurkeztu du asteazken honetan, uztailak 5. Kantauri itsasoari begira egin da ekitaldia, Donostiako Paseo Berrian, Bokado jatetxearen parean, Unai Iparragirre ETBko zuzendariaren gidaritzapean. Haren alboan egon dira Joseba Urkiola EITB Mediako Kiroletako zuzendaria eta Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria. Honako aurkezle hauek ere bildu dira bertara: Miren Nogales, Ilaski Serrano, Agustin Ezenarro, Iban Garate, Ander Gonzalez, Gabriela Uriarte, Zigor Iturrieta, Ane Muruamendiaraz, Eritz Hernandez, Julen Axpe, Klaudio Landa, Iker Lauroba eta Klara Mendizabal.
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
Dagoeneko estreinatu den "Gora Bihotzak" talk-show berria da uda honetako lehen nobedadea, Julen Telleriak eta Miren Nogalesek aurkeztuta. Zarauzko erdiguneko lokal batetik arituko dira, zuzenean, astelehenetik ostegunera, belaunaldien arteko kolaboratzaile talde zabala lagun dutela.
Miren Nogales
Bestalde, ostegun honetatik aurrera, EITB buru-belarri murgilduko da sanferminetan. Ilaski Serranok txupinazoaren eta "Gaixoa Ni" ekitaldien emanaldiak gidatuko ditu, eta Iban Garatek "Entzierroa" saioa aurkeztuko du uztailaren 7tik 14ra bitartean. Aurten ere Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituen emozioz beteriko lasterketa euskaraz jarraitu ahal izango dugu egunero ETB1en.
Abuztuan, urtero bezala, Gasteiz, Donostia eta Bilboko jaietan izango da ETB, eta festen hasiera ekitaldiekin batera, su festak zuzenean eskainiko ditu Ilaski Serranoren eta Agustin Ezenarroren gidaritzapean. Gainera, hiriburu bakoitzeko jaiekin bat eginez, "Lau Teilatu" kontzertu bereziak izango ditugu ikusgai: Janues Lester Iruñean, Ines Osinaga Gasteizen, Huntza Donostian eta Olaia Inziarte Bilbon. Halaber, Euskal Herrian barrena grabatutako musika eta dantza ikuskizunak eskaintzen jarraituko du "Oholtzan" saioak udan.
Ilaski Serrano, Iban Garate eta Agustin Ezenarro, Unai Iparragirrerekin
Musikarekin lotuta, "SOS Kantak Arriskuan" ETB1eko programaziora itzuliko da uztailaren 13an. Udazkenean bezala, galtzeko zorian diren kantu herrikoiak errekuperatzeko lanean ibiliko dira Iker Lauroba, Lide Hernando eta Klara Mendizabal. Azpeitia, Lemoa, Arrasate, Bidarrai, Mungia, Zarautz eta Urruñara joango dira oraingo honetan.
Iker Lauroba eta Klara Mendizabal
Gastronomia
Sukaldaritzak protagonismo berezia izango du aurtengo udako programazioan. Izan ere, bi saio berri estreinatuko dira: "Gastronomadak" (uztailaren 9tik aurrera ETB1en) eta "Baserri Gourmet" (uztailaren 13tik aurrera ETB2n). Lehena Egoitz Txurrukak eta Javi Rivero sukaldariak aurkeztutako lehiaketa izango da; saio bakoitzean, Riverok kozinatutako menu bat dastatuko dute hiru bikotek, eta, ondoren, plater horiek egiten ahalegindu beharko dira. Bigarrenak, jatetxe bihurtu diren Euskal Herriko baserrietan barrena bidaia egingo du; gure inguruetako paisaiak, ondare arkitektonikoa eta kultura gastronomikoa emango digu ezagutzera Julius Bienert aurkezleak.
Horrekin batera, "Tupper Club" saioaren laugarren denboraldia iritsiko da uztailaren 24an ETB2ra. Javi Sierra buru duen saioan, astero, sukalderako dituzten dohainak erakutsiko dituzte hiru pertsonaia ospetsuk. Aurtengo gonbidatuen artean daude, besteak beste, Eder Aurre diseinatzailea, Igor Yebra dantzaria, Lierni Osa, Iñaki Goikoetxea Osa eta Iñaxio Perurena kirolariak, eta África Baeta, Xabier García Ramsden eta Klaudio Landa kazetariak.
Bestalde, "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriarteko gidatzen duten "A Bocados" saioak kaletik egingo dira udan, eta urtaro honetara egokitutako platerak prestatuko dituzte.
Halaber, kirola, turismoa eta gastronomia uztartzen dituen "Chiloé Lasterka Munduan" saioaren denboraldi berria dakar Zigor Iturrietak.
Zigor Iturrieta, Unai Iparragirrerekin
Bi saio berri ETB2n
Uztailaren 12an estreinatuko da "Aupa Hi" saioa, Julen Axperekin. Azken lau urteotan bizileku duen furgoneta hartuta, Euskal Herria barrena ibiliko da Julen. Sareetan dituen jarraitzaileak ezagutzea izango du helburu eta berak prestaturiko erronketan parte hartzera gonbidatuko ditu.
Julen Axpe
Bestalde, abuztuaren 21etik aurrera "Dinero a Saco" game-show dibertigarri eta zirraragarria gidatuko du Klaudio Landak. Parte-hartzaileek galderei erantzuteko duten zorroztasun mentala erakutsi beharko dute. Izan ere, galdera horien erantzunak zinta garraiatzaile batetik pasatzen diren diru-poltsetan daude kokatuta, eta azkar pentsatu beharko dute erantzun zuzenak dituzten poltsak aukeratzeko. Asmatuz geroz, poltsako dirua irabazten dute, baina okerrekoa aukeratuz gero, dena gal dezakete.
Klaudio Landa
Udako kirolak
Kirol eskaintza betea izango dugu udan ETB1en. Uztailaren 23ra arte Frantziako Tourrarekin gozatu ahal izango dugu egunero, eta haren atzetik, Donostiako Klasika eta Getxoko Sari Nagusia, Poloniako Tourra eta Burgosko Itzulia etorriko dira. Txirrindularitzarekin batera, arrauna izango dugu protagonista: Galiziako itsasoa dela medio ezusteko hasiera izan duten Euskotren eta Eusko Label ligak osorik eskainiko dira, baita Donostiako Bandera ere. Esku pilotari dagokionez, San Fermin Torneotik hasi eta Logroñoko San Mateoak bitarte, jaialdi andana izango ditugu ikusgai.
Joseba Urkiola, Ane Muruamendiaraz eta Eritz Hernandez
Aktualitatea eta entretenimendua
"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek eguneko informazioaren kontakizun zehatza eta hurbilekoa egiten jarraituko dute udan. Bestalde, arratsaldeko entretenimendu saioek ez dute etenik izango: "Biba Zuek!" saioak uztailaren 28an amaituko du denboraldia eta abuztuan ikasturteko laburpena ikusteko aukera izango dugu, formatu txikiago batean; ETB2ko "Esto No Es Normal" eta "Nos Echamos a la Calle" saioak, berriz, uda giroan murgilduko dira.