Prentsa aretoa
Fikzioa
Hasi da Bilbon "Detective Touré" telesailaren filmazioa, Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako fikzioa
EITB MEDIA
Filmaketa ekainetik irailera bitartean egingo dute, Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan. EITB, RTVE, Tornasol Media, DeAPlaneta eta Detective Touré AIEren koprodukzioa da, eta EITBk euskaraz estreinatuko du.
"Detective Touré" telesaila filmatzen hasi dira aste honetan Bilbon. David Perez Sañudo (Ane) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya Sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta ("Los misterios de Laura") detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute, Flora Gonzalez Villanueva ("Nacho") gidoilariaren parte-hartzearekin eta Jon Arretxe idazle sarituaren eleberrietan oinarrituta. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana.
Malcolm Treviño Sitté aktoreak (Lo nunca visto) antzezten du Mahamoud Touré, ikusleen bihotzak bere umore eta abileziarekin konkistatuko dituen detektibe karismatiko eta ohiz kanpokoa. Mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre Tourék, eta adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko.
Malcolm Treviño Sitté protagonistaren inguruan antzezle lantalde zabala biltzen da, besteak beste Unax Ugalde (No controles), Itziar Ituño (Las buenas compañías, "Intimidad", "La Casa de Papel"), Loreto Mauleón (Los renglones torcidos de Dios, "La Chica de la Nieve", "Patria"), Itsaso Arana (La virgen de agosto, "Las de la última fila"), Urko Olazabal (Maixabel), Gorsy Edu ("Dos vidas"), Emilio Buale (Adú), Goize Blanco (20.000 especies de abejas), Lander Otaola (La vida padre), Ayoub El Hilali ("El Príncipe"), Jon Olivares ("Los pacientes del doctor García", "Patria") eta Ane Gabarain (Loreak, "Patria").
Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean filmatuko dute lana, Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan, tartean Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian edo San Frantzisko auzoan.
Filmazioaren irudia. Argazkia: David Herranz
Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Nobela beltzaren egile handienetako bat da, eta bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratutakoak, bestseller bihurtu dira. Literatur ibilbidea 90eko hamarkadan hasi zuen, eta, gaur egun, idazle eta opera abeslari lanak uztartzen ditu, Bilboko eta Iruñeko opera abesbatzetako kide baita.
Proiektuan aholkulari lanetan aritu dira Lucía Mbomio kazetaria, Espacio Afro-ko kidea eta 2020an APDHE Asociación Pro Derechos Humanos de España elkartearen Komunikazio Sariaren irabazlea, eta Mamadou Ngom, Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen bitartekari eta Bilboko Mugimendu Panafrikanistaren koordinatzailea. Afrikako pertsonaiak telesailean irudikatzeko ezagutza eskaini dute.
Guztira sei atal izango ditu telesailak, eta Esteban Crespo (Black Beach) eta Violeta Salama (Alegría) zinemagileek zuzenduko dituzte atalok. 2024an TVEn eta EITBn estreinatuko da telesaila, EITBren kasuan euskaraz.
Intriga, umorea eta pertsonaia kuttunak uztartzen ditu fikzioak, eta hurrengo denboraldiko apustu handienetako bat da pantaila txikian.
Sinopsia
Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré, eta bat-bateko detektibe gisa bizimodua ateratzen du. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du Touré, kasu askotan egoera arriskutsuekin: higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak, Nigeriako mafia…
Filmazioaren irudia. Argazkia: David Herranz
Tornasol Media
Gerardo Herrerok eta Javier López Blancok sortu zuten Tornasol 1987an, eta 1999an Mariela Besuievskyk egin zuen bat proiektuarekin. Bere ibilbide luzean 170 film, telesail, film labur eta dokumental baino gehiago sortu dituzte, eta hainbat sari jaso ere. Saritutakoen artean ditugu, besteak beste, Juan José Campanellaren El secreto de sus ojos (2010ean atzerriko film onenaren Oscar saria), Alex de la Iglesiaren Balada triste de trompeta (zuzendaritza onenaren zilarrezko lehoia eta gidoi onenaren Osella Veneziako 67. zinemaldian) edo Rodrigo Sorogoyenen El Reino (2019an zazpi Goya sari, zuzendaritza onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak barne).
2017an, Cuatro estaciones en la Habana filmak Iberoamerikako minisail onenaren Platino saria eskuratu zuen. 2021ean, berriz, "Ana Tramel. El Juego" telesaila estreinatu zuten, RTVE, DeAPlaneta eta ZDF Enterprisesen (Alemania) arteko koprodukzioa; eta telesailak Malagako Jaialdian, Montecarloko Telebista Jaialdian eta Gasteizko FesTVal jaialdian parte hartu zuen. Egun Netflix plataforman aurki daiteke.
2023an, besteak beste, honako izenburu hauek estreinatu dituzte: Alfonso Albaceteren La novia de América komedia; Gerardo Herrerok zuzendutako Bajo terapia (Malagako Zinemaldian epaimahaiaren zilarrezko sari berezia); eta Alguien que cuide de mí, Daniela Fejerman eta Elvira Lindoren lana. Laster estreinatuko dute Belén Maciasen Verano en rojo eta Simon Casaleren Justicia Artificial.
DeAPlaneta
Zinemarako filmak eta bideo-formatuak erosi eta banatzen ditu DeAPlanetak, DeAgostini eta Planeta Europako bi komunikazio-talde handik bat eginda. Era berean, entretenimenduko edukiak ekoizten eta banatzen dituzte, tartean telesailak, zuzeneko ikuskizunak eta online jokoak.
DeAPlanetaren arrakasten zerrendan ditugu 12 años de esclavitud, El médico, Hasta el último hombre, ¿Quién es Quién?, Tres mil años esperándote, Superagente Mackey eta Mediterráneo, besteak beste.
Telesailen arloan, DeAPlanetak "Ana Tramel" estreinatu zuen 2021ean, Roberto Santiagoren eleberrian oinarrituta eta Maribel Verdú protagonista zuela. Almudena Grandes idazle ezagunaren Los Pacientes del Doctor García bestsellerraren egokitzapena arrakastaz estreinatu berri dute.
"Detective Touré" proiektuak EUROPA CREATIVA MEDIA programaren babesa du.