Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Txirrindularitza

Itzulia Women txirrindularitza lasterketa, igandera arte, zuzenean, EITBn

EITB MEDIA

ETB1 eta eitb.eus-en zuzeneko jarraipena izango du maiatzaren 12tik 14ra jokatuko den hiru etapako lasterketak. EITBk, gainera, maillot horia emango du hiru egunetan, eta igandean, berriz, EITB saria.

  • Itzulia Women 2023

    Itzulia Women 2023

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren bigarren edizioa, Itzulia Women, maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da eta EITBk jarraipen zabala egingo dio zuzenean gaurtik aurrera. Etxebarrian hasi eta Donostian amaituko den hiru etapako lasterketa, zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.

Lehen bi etapetako emanaldiak 12:00etan hasi eta 14:00etan amaituko dira; azken eguna berriz, arratsaldez jokatuko da eta 17:30etik 20:00etara izango da ikusgai Xabier Andueza, Leire Olaberria eta Ainhize Vegaren kontakizunarekin.

Etapak emateaz gain, EITBk probari babes berezia eskainiko dio liderraren maillot horia emanez. Horrez gain, igandean, EITB Saria emango dio euskaldun onenari. Izan ere, Itzulia Women-eko 2. edizio honetan, euskal kirolariei aipamen berezia egin nahi izan die Euskal Irrati Telebistak.

Hiru etapa

Itzulia Womeneko 2 .edizioak 372 kilometroko ibilbidea izango du, hiru etapatan banatuta. Lehenengoak Etxebarria eta Markina-Xemein lotuko ditu 122,2 kilometroko ibilbidean zehar, eta parte-hartzaileek bi gain puntuagarri igo beharko dituzte: 3. mailako bat eta 2. mailako beste bat. Urkaregiko mendateak eta bere jaitsierak erabakiko dute zein emakume lehiatuko diren garaipena eta maillot horia lortzeko.

Bigarren jardunaldia Gasteizen hasi eta Amurrion amaituko da. Ziklistek jardunaldirik luzeenari egingo diote aurre (133,2 kilometro), tartean, 3. mailako bi mendate. Txirrindulariek Lezama igoko dute helmugatik soilik bost kilometrora eta puntu erabakigarria izan liteke, garaipena nork eskuratzen duen zehazteko edo, gutxienez, hautagai batzuk baztertzeko.

Lasterketaren azken eguna Gipuzkoako hiriburuan barrena jokatuko da oso-osorik, Donostia izango baitu abiapuntu zein helmuga. 114,8 kilometro izango ditu etapak, eta guztira hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, tartean 1. mailako Jaizkibel eta 2. mailako Mendizorrotz. Gipuzkoako hiriburuan argituko da nor den Itzulia Women lasterketaren bigarren edizioaren irabazlea.