Prentsa aretoa
Gaurkotasuna
Review formatu berritzailearen aurrestreinaldia, urtarrilaren 25ean, EITBren Bilboko egoitzan
EITB Media
Asier Sánchez EITBko kazetariak sortutako formatu honek gaurkotasuna kontatzeko modu berri bat proposatzen du. Lehen sortak "Review: Aita Mari" du izena eta lehen bi atalak ikusi ahalko dira asteazkenean. Gaia lantzeko mahai-ingurua egingo da, eta erakusketa bat izango da ikusgai.
-
Gonbidapena
EITBk Review formatu berritzailea estreinatuko du hilabete honetan. Asier Sánchez EITBko kazetariak sortu eta zuzendutako egitasmoa da, eta gaurkotasuna kontatzeko modu berritzaile bat proposatzen du, Europa mailan aitzindari. Edukiok plataforma anitzetan zabalduko dira, eta lehen sorta honek Mediterraneo erdialdeko migrazio-krisia jorratuko du, "Review: Aita Mari" izenarekin. Hala, Aita Mari itsas salbamenduko ontzian bizitako 19 eguneko esperientziari helduko dio berriz ere kazetariak.
Esperientzia hura modu tradizionalean landu eta kontatu zen telebistako eta irratiko albistegietan; orain, mugikorrarekin grabatutako materiala berreskuratu du Asier Sánchezek, eta kontakizun hori berriz jorratu du, lengoaia eta estetika digitalera egokitzeko. Informazio-kontakizuna plataforma anitzeko formatura eramango du lehen aldiz.
"Review: Aita Mari" proiektuak ikus-entzunezko zortzi pieza ditu: bost gaztelaniaz eta hiru euskaraz. Aurrestreinaldia urtarrilaren 25ean egingo da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan, 19:30ean, eta lehen bi atalak eskainiko dira bertan. Bertan egon nahi dutenek review@eitb.eus helbidean eman dezakete izena.
Formatu berri hau Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako zuzendariak aurkeztuko du, Asier Sanchezekin batera. Gainera, proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egingo da gaia jorratzeko, eta honako hauek hartuko dute parte: Izaskun Arriaran, erizaina Aita Mari ontzian; Tere Ayarza, medikua Aita Marin; Edou Thiam, interprete eta marinela; eta Isabel Eguiguren, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren prentsa arduraduna.
Aurrestreinaldian migrazioaren eta lankidetzaren arloko erakunde eta elkarteetako ordezkariak izango dira, bai eta komunikazio eta kazetaritza arloko elkarte eta fakultateetako kideak ere. Kulturaren eta gizartearen munduko izen propioak ere ez dira faltako, tartean Itziar Ituño aktorea, Ingot bere taldeak Aita Mariren inguruan egindako bideoklipa aurkeztuko baitu ekitaldian.
Halaber, aurrestreinaldia dela-eta, egoitzan migrazio-krisiari buruzko erakusketa bat jarri du EITBk, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEarekin lankidetzan. Aita Mari ontziak Mediterraneo itsasoan egindako erreskate-misioen irudiak biltzen ditu erakusketak, eta GKEko boluntarioek egiten dituzten beste hainbat proiekturi buruzko informazioa ere eskaintzen du.
Estreinaldia, YouTuben
Biharamunean, urtarrilak 26, "Review: Aita Mari" EITBren YouTubeko kanalean estreinatuko da; 20:00etan euskaraz eta 20:45ean gazteleraz. Hortik aurrera, pieza guztiak ere estreinatuko dira, YouTuben bertan, www.eitb.eus/review webgunean eta EITB Nahieran appan.
Ikus-entzunezko piezekin batera, sare sozialetarako eduki bereziak izango dira, komunikatzeko eta elkarrizketa sortzeko modu berriak bilatuz. #ReviewAitaMari hashtag-a erabiliko da sare sozialetan.
Jada estreinatu da teaser edo aurrerapen bat estreinatu da YouTuben, sare sozialetan eta kanal ezberdinetan.
Otsailean iritsiko da edukia ETB1era eta ETB2ra.
EITBko informazio zerbitzuek bultzatutako proiektua da Review, ikus-entzunezko taldearen apustu sendoa eduki digitalak eta informazio-kontakizuna gazteei eta formatu berriei egokitu eta bideratzeko, kontuan izanda publiko horrek Internet eta sare sozialak informazio-iturri nagusi gisa erabiltzen dituztela.
"Aita Mari"
Aita Mari ontzian bizitako erreskate misio hartatik hainbat hilabetera, Asier Sanchez kazetaria berriz ere elkartu da ontziko tripulazioarekin eta bertako osasun-langileekin, eta baita Mediterraneoko uretan erreskatatu zituzten errefuxiatuetako batzuekin ere. Itsaso zabalean elkarrekin bizi izan zutena gogoratuko du, eta bertatik bertara kontatuko digu gaur egun non eta nola bizi diren. Libiako kostaldetik ihes egindako errefuxiatu haiek azkenean iritsi al ziren Europan zuten helmugara? Bidaia bera egingo al lukete berriro? Bizi izandako guztiak merezi izan al du?
Gaur egungo irudiak eta Aita Mari ontzian grabatutakoak tartekatuz, Asier Sanchezek Mediterraneoko migrazioaren errealitatearen berri emango digu, hurbileko eta egungo ikuspegi batetik, Europako mugetan urtero milaka hildako uzten dituen krisi humanitarioaren datuak eta protagonistak ikus-entzuleengana hurbiltzeko.
Asier Sánchez
Review-ren edukiak
Youtube: youtube.com
Instagram: @asiersangar
Instagram: @eitb
Tik Tok: @asiersangar
Tik Tok: @eitbeus
facebook.com/eitb
Twitter: @eitbofiziala
EITB Nahieran (urtarrilaren 26tik aurrera)