Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Lehiaketa

Martxan da Carlos Perez Uralde irrati-antzerki lehiaketaren seigarren edizioa

EITB Media

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak, Radio Vitoriak eta Laboral Kutxak deitu dute. Irratian soinu-fikzioa sustatzea da lehiaketaren helburua.

  • Marta Monfort, Kepa Koldo Ortiz de Urbina eta Urko Aristi aurkezpenean.

    Marta Monfort, Kepa Koldo Ortiz de Urbina eta Urko Aristi aurkezpenean. Argazkia: EITB Media

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak, Radio Vitoriak eta Laboral Kutxak Carlos Perez Uralde irrati-antzerki lehiaketaren seigarren edizioaren deialdia egin dute. Irratian soinu-fikzioa sustatzea da lehiaketaren helburua, hedabide horretara egokitutako antzezlanen jatorrizko gidoiak baliatuz.

Ostiral honetan, martxoak 26, aurkeztu da seigarren edizio hau, Gasteizko Principal Antzokian. Bertan izan dira Marta Monfort Udal Antzoki Sareko arduraduna, Urko Aristi EITB Media Irratietako zuzendaria eta Kepa Koldo Ortiz de Urbina Laboral Kutxako Komunikazio Babesletza eta Gizarte-Ekimen Lurralde arduraduna.

Guztira 4000 euro emango dira sarietan: 2000 euroko sari bat, irrati-antzerkiko gaztelaniazko lan onenarentzat; eta 2000 euroko beste sari bat, Laboral Kutxa saria, irrati-antzerkiko euskarazko lan onenarentzat. Gainera, lan irabazleak Radio Vitorian emango dira azaroan.

Lanak aurkezteko epea 2021ko ekainaren 30ean amaituko da, eta irabazleak Radio Vitoriaren eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren euskarrietan jakinaraziko dira 2021eko irailaren lehenengo hamabostaldian.

Lanak argitaratu gabeak eta aurretik saririk jaso ez dutenak izan behar dute. Ez da beste lan batzuen egokitzapenik (osorik edo zatika) edo bertsiorik onartuko. Gaia librea da, eta euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke. Irrati gidoiaren formatuan idatziko dira, pertsonaiak gehienez ere lau aktorek interpretatuko dituztela kontuan izanik. Lanak, muntatu ondoren, ez du 25 minututik gora iraungo.

Lanak posta elektroniko bidez aurkeztuko dira helbide honetan: radioteatro@vitoria-gasteiz.org.

Informazio gehiago eta lehiaketako oinarri guztiak Radio Vitoriako webgunean eta principalantzokia.org webgunean.