telebista
21:45ean
"Lete; gezur eta egia, gurea" ikuskizuna, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITBMEDIA
Musika eta poesia uztartzen dituen emanaldiaren ostean, "Ni naiz Lete" dokumentala izango da berriro ikusgai.
-
"Lete; gezur eta egia, gurea" ikuskizuna
Leteren heriotzaren 10. urteurrena gogoratzeko hainbat saio berezi eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek. 21:45etik aurrera, "Lete; gezur eta egia, gurea" ikuskizuna estreinatuko da; ondoren, "Ni naiz Lete" dokumentala izango da berriro ikusgai.
Xabier Leteri eskainitako gau berezian, "Lete; gezur eta egia, gurea" musika eta poesia uztartzen dituen emanaldia aurkeztuko du Ilaski Serranok. Bere heriotzaren 10. urteurrena betetzen den urte honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokiak musikari eta abeslari ugari bildu zituen Oiartzungo abeslariaren lana, musika eta pertsona omentzeko. Oholtza gainean bost isats-piano, eta bakoitzean izen handiko piano-jotzaile bat: Iñaki Salvador, Joana Ortega, Karlos Gimenez, Fredi Pelaez eta Maite Arregi. Fernando Velazquezen obertura batek emango dio hasiera ikuskizunari eta jarraian musikari, poeta, idazle, bertsolari, antzezle eta abeslari ugari arituko dira Lete omentzen.
Ilaski Serranok aurkeztutako ikuskizunean, besteak beste, Jon Martin eta Alaia Martin bertsolarien errimak entzungo ditugu. Gainera, Oihana Lekuona, Mikel Markez, Petti, Antton Valverde, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Pie Paul Berzaitz eta Irati Odriozola abeslariek euren ahotsekin omenduko dute Xabier Lete.
Poeta eta idazleak ere arituko dira emanaldian, haien artean Asier Serrano, Juanjo Olasagarre, Karlos Linazasoro, Itxaro Borda, Aintzane Galardi, Jon Gerediaga, Mireia Gabilondo, Mariasun Landa, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi, Igor Estankona, Miren Agur Meabe, Luis Garde, Tere Irastorza, Karmele Jaio, Kirmen Uribe.
Ane Gabarain eta Iñaki Beraetxe aktoreek ere esku hartuko dute Karlos Gimenezek zuzendutako funtzioan.
"Ni naiz Lete" dokumentala
Ostean, "Ni naiz Lete" dokumentala berriz ere ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Leteren heriotzaren 10. urteurrenean, bere musika, poemak eta historia biltzen ditu lan honek. Istorioak azaltzeko bi modu daude: batetik, pertsona baten kronologia eta gertakizunak kontatzera mugatzea; bestetik, pertsonaren kontzientziari, sentsibilitateari, espirituaren aldaketari, argitasunari, iluntasunari eta zalantzei buruz aritzea.
Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Arantxa Lete eta Lourdes Otaegiren laguntzarekin, Xabierren udaberria, uda, udazkena eta negua errepasatuko ditu dokumentalak, ikusleari sortzailearen mundu artistikoa zein intimoagoa ezagutzeko aukera emanez.
Hainbat artistek Leteren kanten bertsio bereziak eskainiko dituzte; tartean, Eñaut Elorrieta, Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Ainara Ortega, edota Antton Valverde. Gainera Leteren poemak errezitatuko dituzte besteak beste, Kirmen Uribek, Karmele Jaiok, Miren Amurizak, Toti Martinez de Lezeak, Kike Amonarrizek edota Jon Maiak.