Prentsa aretoa
EiTB Euskaraldian
EiTBk, erakunde gisa, ariguneak sortuz hartuko du parte Euskaraldian
EiTB
"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" leloa izango duen ekimenean modu aktiboan hartuko du parte Euskal Irrati Telebistak, aurreko edizioan bezala.
EiTBk, erakunde gisa, ariguneak sortuz hartuko du parte azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den bigarren Euskaraldian. Ariguneon helburua EiTBren barruan hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsak ematea eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestea izango da.
Euskaraldiaren arduradunak izan dira EiTBko egoitzan astelehen honetan, irailaren 14an. Alde batetik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Jasone Mendizabal Euskalzaleon Topaguneko zuzendariak eta Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak ekimena aurkeztu diete EiTBko arduradunei; bestetik, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, Urko Aristi EiTB Irratietako zuzendariak, Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuko buruak eta Marta Alvarez EiTBko Gizarte Erantzukizun eta Prozesuen arduradunak, komunikazio taldearen izenean, Euskaraldiarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa agertu diete, lehen edizioan egin zuten bezalaxe.
Erakunde gisa parte hartzeaz gain, jazotzen den guztiari hedabide guztietan oihartzun zabala eskainiko dio EiTBk Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa izango duen ekimenari. "Guk beste konpromiso bat ere hartzen dugu: bozgorailua jartzea eta hauspotzea. Edukietan ere, alegia, tarte zabala eskainiko diogula: bai Euskaraldiaren lehen ediziotik ateratako esperientzia positiboak balorean jarriz, horrekin lotutako istorioak kontatuz, eta oraingo honetan parte hartzeko egin beharreko urratsak ere garbi azalduz", azaldu du Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak.
2018an egindako lehen Euskaraldian norbanakoengan jarri zen fokua, eta milaka izan ziren hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Bigarren edizio honetan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzen saiatu daitezen, eta langileen parte-hartzea bultzatzeko.
Barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak izango ditu EiTBk
Hartara, erakunde gisa EiTBk barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak sustatuko ditu. Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira ariguneak. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen % 80 gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartuko duen.
"Gainerako erakundeetan bezala, gurean ere etxe barruan lana egin beharko dugu 'arigune' horiek zehazteko. Komunikabide bat garen heinean gainera, bai barne bai kanpo ariguneak izango ditugu, eta horregatik, orain lehenengo fase honetan, horretantxe ari gara, arigune horiek identifikatzen", azaldu du Urko Aristi EiTB Irratietako zuzendariak.