Prentsa aretoa
Denboraldi berria
EiTBko irratiek aldaketak izango dituzte ordutegi nagusiko emanaldietan
EiTB
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak irailaren 7an abiatuko dute denboraldi berria.
-
Soinu mahaia. Argazkia: EiTB.
Ordutegi nagusiko komunikatzaile esanguratsuenen eta albistegi batzuen aldaketa izango da EiTB Taldeko irratietako berritasun azpimarragarriena. Aldaketa horien bidez, indartu egingo dira goizetako irratsaioak, orduantxe izaten baita entzule gehien, eta eguerdira arte luzatu. Bloke trinko bat eratuko da, non, magazinaren entretenimendua txertatuz, irrati bakoitzak leiho bat izango duen irekita, gertatzen den guztiari erantzun ahal izateko.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratian, Iñaki Guridi izango da "Faktoria" saioko informazio-tartearen gidari berria. Programaren lehen zati horretan, eguneko informazioa laburbiltzen eta informazio-agenda markatuko duten gaiak zabaltzen jarraituko dute, baita protagonista nagusiak elkarrizketatzen eta solaskideen analisiarekin osatzen ere. Maite Artolak, 13:00etan, "Goizak Gaur" albistegia aurkeztuko du. Atal berriak izango ditu, azken ordukoez arduratuko da, eta eguneko gai nagusiak aztertzeko tartea ere izango du, esate baterako. Albistegiei dagokienez, "Mezularia" saioak ere editore berria izango du denboraldi berri honetan: Oihane Perezek laburbilduko ditu eguneko berriak eta Lurdes Arrizabalagak emango dio amaiera, "Egun Bete" albistegiarekin. Asteburuetan, Igotz Alkortaren esku egongo da azken ordukoen berri ematea.
Manu Etxezortuk jarraituko du "Faktoria Magazina" gidatzen irrati urte berrian, Maider Segurolaren laguntzarekin, besteak beste. Gertatzen denari poesia jartzen lagunduko digu Josu Goikoetxeak, irribarreari eusten Fede Badiolak eta sukaldean, Pili eta Igorren dema ahaztu gabe, berrikuntza ekarriko du Julen Bazek. Oraindik gauza asko debalde direla gogoraraziko dute Aritz Brantonek eta Amaia Urberuagak eta krisi ekonomikotik ateratzea posible dela esango dute Olaia Martiarena eta Jon Bernat Zubiri ekonomialariek. Oskar Estangak "kanta pertsonalizatuak" eskainiko ditu eta En Tol Sarmientoko kantari Iñigo Etxezarretak bere playlist kuttunak ekarriko dizkigu.
Arratsaldeetan, "Baipasa" saioaren txanda izango da jarraian, urtarrilean estreinatu zen informazio-magazina. Ikasturte honetan ere, Olaia Urtiagaren zuzendaritzapean, entretenimendua eta informazioa uztartzen eta nazioarteko gaurkotasunari arreta berezia eskaintzen jarraituko du. Euskal sortzaileak eta beren lanek "Arratsean" izango dute erakusleihoa, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren eskutik.
Eta asteburuetan, Nagore Telleriak zuzenduko du "Amarauna", Gorka Otaegi, Arantxa Arza eta Unai Urreaga lagun hartuta.
Zientzia dibulgazioa egiten jarraituko dute Elhuyarrekin elkarlanean, Guillermo Roaren eskutik eta Interneten mugitzen denaren berri ematen puntu.eus-ekin lankidetzan, Leire Palaciosen ahotsean.
Musika maite dutenentzat, Joseina Etxeberriak jarraituko du "Kantu Kontari" gidatzen bazkalostean, eta iluntzetan, Jon Basagurenek "Zidorrean" egingo du. Asteburuetako musika eskaintzak Asier Leozen esku egoten jarraituko du "Portobello" irratsaioan.
Eta, jakina, "Hiru Erregeen Mahaia" eta "Kirol Legez" saioetako lankideek kirol berri, elkarrizketa eta ekitaldien kontakizuna ekarriko dituzte euskal uhinetara.
Radio Euskadi
Radio Euskadiren kasuan, albistegien atalak izango ditu aldaketa gehien ikasturte berrian. Ander Arzak "Boulevard"eko informazio tarteaz arduratuko da, eta, bertan, eguneko protagonistak jasoko ditu, herrialdeko informazio agenda markatzen duten elkarrizketetan. Horrez gain, saioak arreta berezia eskainiko dio gaurkotasun hurbilenari, eta, horretarako, albistea dagoen lekura bertara joango da.
Miriam Duquek eta Iñigo Lejarzak gidatutako "Boulevard magazin"aren ostean, Dani Alvarezek "Crónica de Euskadi" berritua ekarriko du. Informazioaren blokean, azken ordukoa eta lehen analisia nahastuko dira, eta kulturari eta kirolari eskainitako tarteak ere izango dira.
"Boulevard magazin"aren denboraldi honetan, kontsumo-teknologiaz arituko dira Eva Rodríguez de Luisekin, egoera zail honetan pertsiana igo duten ekintzaile guztiei ahotsa ematearen aldeko apustua egingo dute, Manu Suduperekin arrazakeriaz arituko dira (Kenoshan edo hemen), eta eskuekin lan egiten ikasiko dugu, Yolanda Alzola adituari esker. Saioa osatzen duten ahots berriek entretenimendu, dibulgazio eta berdintasun gune izatea dute aurtengo jomuga.
Arratsaldeari hasiera emateko, Eli Legardaren solasaldi lasaia izango dugu "Vivir para ver" tartean. Irratsaioa amaitzearekin batera, kulturaren arloko azken berriak ekarriko dizkigu, aurrena "Iflandia" saioak, Kike Martin eta Félix Linaresekin, eta geroxeago "Graffiti"k. Bertan, kultura alternatibo eta abangoardistenaz gain, interes sozialeko gaiak eta entretenimendu hutsa ere izango dira.
Datorren ikasturtean, "Ganbara" saioa ere berrituta etorriko zaigu, Euskadiko irrati-gauen albistegi dekanoa. Ainara Torreren eskutik, egunaren laburpena eta "Ganbara de cerca" ataleko solasaldi sakonaz gain, tertulia tradizionala ere izango da, kolaboratzaile talde berriarekin. Egunari amaiera emateko, bi saio izango ditugu: "Fuera de juego", Diego Aranbalzarekin, eta "La casa de la palabra", Roge Blascorekin. Asteburuetan, José Luis Fonsecak ekarriko digu informazioa.
"Más Que Palabras"ek aldaketa esanguratsuekin estreinatuko du denboraldia. Hainbeste zalantzaren artean, gure irratiko ziurtasunak hauek dira: ez ditugu entzuleak bakarrik utziko, mikrofonoak zabalik izango dira beti, eta horrenbestez, kalera maiz irtetea izango da asmoa. Roberto Moso eta Ander Iribar izango dira, bestalde, astebururo Euskal Herriko kaleetako bizimoduaren berri emango digutenak. Igandeetako eskaintzan, atal berri bat ere estreinatuko dute: De la piel del diablo, Julian Diaz Alonsorekin. Entzule guztien oroitzapenak, parte-hartzea eta umorea pizteko gune bat. Flan a las doce tarteak denetik jorratuko du: artea, sareak, gidoiak, musika…
Kolaboratzaile talde paregabe batek parte hartuko du "MQP" saioan larunbat eta igande goizetan, hala nola Almudena Cacho, Roberto Moso, Ander Iribar, Mariza Ozalla eta Goizalde Landabaso. Ondoren, Jose Luis Fonseca izango da gaurkotasun guztia ekartzearen arduraduna.
Radio Vitoria
Radio Vitoriak "Radio Vitoria Gaur" irrati bloke sendoaren aldeko apustuarekin jarraituko du. Maritxu Diezek gidatuko du lehen tarte informatiboa, eta Pilar Ruiz de Larreak gidatuko du magazinaren zatia. Unai Ugarteren "Herrian" programak tokiko informazioaren eta udalerrietako gaurkotasunaren alde egiten jarraituko du. Baina, batez ere, Arabako kirola eta haren jarraipena izango dira, orain arte bezala, Arabako irrati dekanoaren programazioaren ardatz.
Halaber, Radio Vitoriak, analisi- eta iritzi-kolaboratzaileen zerrenda berritu du, eta goizeko magazineko tarteekin, entzuleen parte-hartze zuzenarekin eta lurraldeko gizarte- eta kultura-eragileentzako asteko leihoekin indartu du ikasturte berriko programazioa.
Gaztea
Gaztea irratiak entretenimendua eta gaurkotasun musikala eskaintzen jarraituko du. Entretenimendua "Dida" eta "Gu" magazinen eskutik etorriko da; lehen bezala, egunero izango dute tartea. Asteburuetan, "Top Gaztea" eta "Be positive" saioen txanda izango da. "B aldea"k harribitxi musikalak ezagutarazten jarraituko du, eta, egunean zehar, irrati formularen bidez, estatuko eta nazioarteko gai berrienak eskainiko dizkigu.
Denboraldi honetan, ezusteko asko izango da, eta apurka-apurka jakinaraziko dituzte Instagramen duten kontuan, @gaztea_Irratia-n. Halaber, 30. urtemugako zenbait ekintzaren berri ere izango da udazken honetan.
Irrati-eskaintza EiTB Musika eta EiTB Euskal Kantakekin osatuko da.