Prentsa aretoa
Gaztearen 30. urtemuga
EiTBko Gaztea irratiak 30 urte bete ditu
EiTB
Jon Lamarka Gaztearen koordinatzaileak ikusteko irratia egiteko ahaleginetan ari direla diosku, "Internet eta sare sozialak baitira gazteak dauden tokia".
Gazteak 30 urte bete zituen larunbatean (martxoak 21). Bide bizi eta betea egin du, beraz, ordutik hona irratiak. Hainbat euskarritan jarduten den hedabide honen helburua gazteak erakartzen jarraitzea da, eta "ikusten den" euskal irratia egitea.
Jon Lamarka EiTBko Gaztearen koordinatzaileak hedabidearen ezaugarri eta arrakastaren giltzaz gogoeta egin du. "Gaztea irrati formula generoan kokatu behar dugu. Eta irrati formula generoak baditu ezaugarri batzuk, izan hemen edo munduko beste edozein herrialdetan", esan du. Gazteak, ordea, berezko ezaugarriak ditu, horren hitzetan: "Irrati formularen generoan baldin badago ere, berezia da, nortasun propioa du. Hasteko, euskaraz egiten den irrati formula da. Orain 30 urte Euskadi Gaztea sortu zenean, EiTBk oso argi zuen gazte jendea euskararen mundura ekarri behar zuela, eta, musika emozionala izanik, gazteentzako irrati kanala sortzerakoan, musika ardatz izango zuen entretenimendu-irratia martxan jarri behar zuela".
Nortasuna da, Lamarkaren aburuz, Gaztearen arrakastaren gako bat. "Euskal Herrian egiten den musika da gure ezaugarri handienetako bat, nortasuna definitzen digun edukietako bat. Herri txiki bat bagara ere, euskal musikaren sorkuntza oso osasuntsu dago. Talde horiek ezagutarazten laguntzen du Gazteak, mundu mailako beste arrakasta eta musika eskaintzarekin batera", adierazi du.
"Euskal Herriko talde horiek (euskaraz gehienek, ingelesez eta gaztelaniaz beste batzuk) gure irratia definitzen dute", gaineratu du. Eta bidean, halaber, gazteentzako irrati arrakastatsua egitea lortzen bada, "lan txukuna egiten ari garen seinale", erantsi du.
Gaztearen ibilbide honetan badira arrakastaren erreferente batzuk, aurten 29. edizioa beteko duen Maketa Lehiaketa, esaterako. “Irratia entzuleen parte hartzerik gabe ez da irratia", adierazi du. Bere esanetan, entzuleen parte hartzea Gaztearen balioetako bat da. "Kuriosoa da, ostera, streamingez musika eskaintzen duten plataformek gero eta irrati 'klasikoen' antz handiagoa bilatzen dutela", horren ustez.
Maketa Lehiaketaren atzetik, beste lehiaketa batzuk egin ditu Gazteak: bideoklip, dantza, DJ eta gidoi lehiaketak, besteak beste. "Azken finean, gazteek gustuko duten kultura eta aisialdia dira, kontsumitzaile eta sortzaile moduan gustuko dituzten edukiak, horien lehiaketak dira", azaldu du.
Euskal Herriko panoraman oso ezagunak diren taldeak atera dira Maketa Lehiaketatik. Sua izan zen azken edizioan, baina Belako, Zea Mays, Berri Txarrak eta El Columpio Asesino dira, beste askoren artean, lehiaketaren irabazle zerrenda osatzen duten talde handiak.
"Aurtengo Maketa Lehiaketaren finala apirilaren 3an genuen aurreikusita, baina, egoera kontutan hartuta, finala ekainean egiteko asmoa dugu. Ea zer talde deskubritzen dugun", zehaztu du.
Gaztearen koordinatzailearen aburuz, covid-19aren krisiak inoiz baino ageriago utzi du sare sozialen eta komunitate birtualen garrantzia. "Garai batean, irratiak ziren musika preskriptore bakarrak; musika gustuko zuenak irratian deskubritzen zituen talde eta artista berriak. Youtube eta streaming plataformak etorri ziren, eta, ukalondoka, gure tokia bilatzen saiatu gara. Kotxeetan ere, irratia zegoen tokian, gailu digitalak hartzen ari dira protagonismoa. Erronka berria du, berriz, irratiak", azaldu du.
Internet eta sare sozialen garrantzia
"Irratia ikusteko ahaleginetan ari gara oraintxe bertan, Internet eta sare sozialak dira gazteak dauden tokia", esan du Lamarkak. "Horietara joan behar dugu, haiek gugana etortzea nahi badugu. Irrati bisuala garatu, sare sozialetan gure marka eta edukiak zabaldu (bideoa lagungarri gisa, irrati bat garela ahaztu gabe). Askotan eduki propioak plataforma bakoitzerako egiten saiatzen gara. Eta, jakina, etorkizuneko irratia, podcastak, ere egiten ditugu".
Esperimentatu, gauza berriak egin eta musika eta entretenimendua kontatzeko bide berriak urratzearen beharra ere azpimarratu du, "betiere gure eskaintzaren kalitatea bermatuz. Zer, non eta nola; hiru ardatz horiek definitzen dute gure etorkizuneko ahalegina".
Gaztearen euskarri desberdinen elkarbizitza ez dela erraza azaldu du Lamarkak: "Euskarri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta guk baliabide gutxi dugu horiei guztiei jaten emateko. Sare sozialen mundua oso aldakorra da. Snapchat ahaztu dugu dagoeneko, eta TikTok dago orain modan. Sare sozialen kasuan, gainera, gure eskutik kanpo dauden euskarriak dira, eta adin txikiko asko dabil ikusmiran. Kontu handiz ibili behar dugu, baina mugikorrean ez dagoen komunikabideak jai du. Eta mugikorrean egoteko ahalegina egin behar dugu. Gainera, modako plataforma edo euskarrietan euskararen presentzia hedatzen ere ahalegindu beharko dugu".
Gazteak egiten duen ahalegin oro markaren mesedetan egin behar dela ezin dela ahaztu azpimarratu du: "Gaztearen marka indartzeko, EiTBren marka indartzeko azken finean".
30 urteko historia
Jakeline Barkerrek jarri zion ahotsa lehen aldiz orduan Euskadi Gaztea izena zuen irratiari duela hogeita hamar urte; 1990. urteko martxoaren 21ean, hain zuzen ere. Hertzainak taldearen "Aitormena" izan zen uhinetan lehenengoz entzun zen abestia.
Hastapenetan bi lerro zituen irratiak: gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Gaztelaniaz, Patricia Gaztañaga, Cristina Ardanza, Eli Legarda, Jon Uriarte eta Iñigo Lejarza ari ziren. Euskaraz, berriz, Jone Larrañaga, Edurne Otaegi, Marijo Oria, Joxan Arratibel, Jakeline Barker eta Joseina Etxeberria hasi ziren lanean, Edurne Ormazabal koordinatzailea zela. Gaztelaniaz, Bizkaian eta Araban entzuten zen gehien, eta euskarazkoa, Gipuzkoan eta Nafarroan. 1992an, programazio bat eta bakarra egitera pasatu zen, euskara hutsean, gazteen artean dagoen eskaintza berezi bihurtuta, euskaraz eginiko irrati publiko gaztea.
Urte hauetan guztietan kazetari ezagun pila bat pasatu da bertatik. Besteak beste, Joseina Etxeberria, Klaudio Landa, Manu Etxezortu, Garikoitz Udabe, Joseba Iriondo, Ilaski Serrano, Susana Mujika eta Dani Arizala.
Euskadi Gazteak 1991n jarri zuen martxan Maketa Lehiaketa, eta lehen irabazlea EH Sukarra izan zen. Gaur egun oso ezagunak diren taldeak eman ziren ezagutzera lehiaketaren bidez: aipatutako EH Sukarraz gainera, Berri Txarrak, Sorotan Bele, Zea Mays, Kerobia, Kauta eta Lain taldeak, kasurako. Oihartzun handia izan zuten, halaber, zenbait urtez antolatutako Gaztea Sariek, esparru ezberdinetan nabarmendu ziren gazteak saritzeko.
Horrez gainera, 30 urteotan Gaztea kontzertu garrantzitsuetan egon da. Irratiaren 10. urteurrenean, esaterako, Euskadi Gaztearen eskutik, Pearl Jam-ek kontzertua eskaini zuen Donostiako Belodromoan.
eitb.com-en barruan jarri zen Gaztearen webgunea abian, eta bilakaera garrantzitsua izan du gerora. Atari propio bihurtu da, eta abesti, zuzeneko emanaldi eta musika zein hedabidearen informazioa du bere baitan.
2007ko neguko denboraldian, Euskadi Gaztea zena Gaztea bihurtu zen, marka, irudi eta logo berria estreinatuz.