Prentsa aretoa
Urriak 31
'Graffiti' saio berezia Donostiatik, Gau Beltzaren harira
EiTB
Galder Perezek gidatzen duen irratsaioa Victoria Eugenia antzokiko Klub aretotik egingo da, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiarekin bat eginez.
-
Galder Perez. Argazkia: EiTB
Radio Euskadiko 'Graffiti' saioak Bilboko estudioak utzi eta Donostiara joango da ostegun honetan. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren karietara eta Gau Beltzari keinu egin asmoz, irratsaio berezia egingo dute Galder Perezek eta bere lan taldeak Victoria Eugenia antzokiko Klub aretotik. Ordutegia ohikoa izango da: 17:00etatik 19:00etara.
Olatz Salvadorrek zuzeneko emanaldia eskainiko du. Abeslari donostiarra Zintzilik diskoaren bira amaitzen ari da. Bestalde, zine jaialdiko zuzendaria elkarrizketatuko dute: Josemi Beltran.
Zinemaldian aurkezten diren zenbait lan ezagutuko dituzte. Batetik, Sesión salvaje dokumentala, Julio César Sánchez eta Paco Limón zuzendarien eta Fernando Esteso aktorearen eskutik. Bestetik, Amigo thrillerra, Oscar Martín zuzendariaren, Elena Muñoz ekoizlearen eta David Pareja aktorearen bitartez.
Azkenik, Ventajas de viajar en tren filmeko ekoizlea hartuko dute 'Graffiti'ko mahaian: Leire Apellaniz.
Programaren ohiko kolaboratzaileak ere Donostiara etorriko dira: Mikel Zumeta zine aditua, Inko Martin bere antzerki emanaldiarekin eta Sergio Arrospide bere umore tartearekin.