Loteriak albisteak gaur: Loteria Nazionala, Euromilioiak, Primitiboa eta Bonolotoa - EITB

Loteria

17:05

Loteria

GABONETAKO LOTERIA

Nola bizi dute loteria-saltzaileek Gabonetako Loteria? Horien istorio bitxienak

EITB.EUS

Gabonetako loteria urte erdiko lana da saltzaileentzat, eta mota guztietako bitxikeriak eta superstizioak ikusten dituzte sasoi horretan. Horiekin aritu gara, horien istorioak ezagutzeko.

  • Loteria-administrazio bat barrutik.

    Loteria-administrazio bat barrutik. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gabonetako zozketaren aurreko egunetan, ilara luzeak aurki daitezke loteria-administrazioetako sarreretan. Loteria-saltzaile bakoitzak bere modura pasatzen ditu salmenta ugariko egun horiek, baina bizipen batzuk ohikoak dira.

Carlos Resa Laudioko 2. loteria-administrazioaren kudeatzailearentzat, Gabonetako egunak neketsuak dira. Resa Etxean, uztailean hasten dira lanean, Eguberrietako loteria heltzen denean, eta abenduaren 22ra arte ez dute bukatzen. “Loteriaren bizitzako urte erdi ematen dugu Gabonetako zozketara begira”, azpimarratu du loteria-saltzaileak.

Azaroko azken egunetan, Gabonetako loteria eskatu duten pertsonen erregistro luzea izaten dute, Internet bidez saldu dituzten zenbakien egiaztagiriak sorta lodi batean izateaz gainera. “Azken egunak ikaragarriak dira; jende ugari etortzen da Aiarako eskualdetik, eta Bilbon ere bezero asko ditut”, esan du Resak.

Ormaechea Bilboko saltokiko salmenta gehienak ere egun horietan izaten dira. Bilboko 1. loteria-administrazioaren jabea den Sergio Echevarriaren arabera, fakturazioaren % 60 Gabonetan egiten dute. Hori dela eta, Indautxuko administrazio horrek erlazio estua du Gabonekin.

Loteriaren zozketa “Gabonetako txupinazoa” izateaz gain, data hori egutegian nabarmenduta du bilbotarrak, urtean zehar jokatzen ez duen jendeak Eguberrietako loteria erosten duelako eta, gainera, parte-hartze hori kolektiboa delako: “Tokatzen denean, sektore bereko jende askori tokatzen zaio. Erraz ikus daiteke loteria non tokatu den”.

Echevarriaren esanetan, Gabonetako zozketan batez ere, administrazioek nolabaiteko lotura dute loteria erosi duten elkarte, taberna eta enpresekin; bestalde, senideekin batera jokatzen dutenak anonimoagoak dira. Resaren arabera, sariak “kopuru arruntak direnean”, errazagoa da irabazleak anonimatua aldera batera utzi eta sariaren berri ematea.

Sineskeriak

Zenbakiak aukeratzeko orduan, kontsumitzaileak erosten dutenari zentzu bat bilatzen saiatzen direla nabarmendu du Echevarriak.

13 zenbakia zorte txarrarekin lotuta omen dago; Ormaechea saltokian, aldiz, azkar amaitzen da zenbaki hori. Bezero batek astearte batean, hilaren 13an, 13:13an sartu nahi izan zuen Indautxuko administrazioan, loteria egun, ordu eta minutu horretan erosteko, horren esanetan.

Irekitzeko eta ixteko orduan, gauza bera gertatzen da. Echevarriaren arabera, kontsumitzaile batzuek gustuko dute loteria erosten duten azkenak izatea, eta pertsianaren azpitik sartzeko ahaleginak egiten dituzte ia-ia; beste batzuek, berriz, nahiago dute lehenak izan. Goizeko bederatzietan hasten den Gabonetako zozketaren egunean, azken dezimoa nola edo hala erosi nahi duten bezeroak ere izaten dira.

Aurten, aldiz, denetarik saltzen ari direla adierazi du Carlos Resak. Laudioko administrazioaren buruaren arabera, oso urte arraroa da. Hala ere, zenbaki bat eskatzeko orduan, jendea apetatsua dela aitortu du. Horren esanetan, ohikoa da senide baten jaiotegunarekin bat egiten duten zenbakiak erostea.

Behin Resa Etxean ez zuten zenbaki bat zozketaren eguna heldu baino bi egun lehenago eskatu zion gizon batek. Epe labur horretan, ezin izan zuen zenbaki hori eskuratu. Harrigarria bada ere, gizon hark eskatu zion zenbakiak Gabonetako zozketaren bigarren saria jaso zuen. Bizitzako ustekabeak dira, Resaren hitzetan.

Sari nagusiak

Laudioko Andaluziako Etxean, data jakin bati aipamena egiten dion zenbaki bat loteriaren lehenengo saria izan zen 2016an, 600.000 eurokoa. Andaluziar zentroak 15784 zenbakiarekin jokatzen zuen loterian, zentro hori 1984ko uztailaren 15an sortu zutelako.

Haurraren loteriako bigarren saria Laudion egokitu zen eguna (2009ko abenduaren 7) ere gogoan du Carlos Resak: “Izugarria da herritarren artean 60 miloi euro banatzea”. Dena den, aste arrunt bateko sari potoloa banatzeak ilusio bera ematen diola adierazi du laudioarrak.

Sergio Echevarriak, bere aldetik, 1986ko Gabonetako zozketaren sari potoloa aipatu du. Bilboko loteria-saltzailearen esanetan, “oso hunkigarria” izan zen zenbaki sariduna hainbat modutan saldu zelako, ez bakarrik leihatilan.

Indautxuko Partikular kaleko ile-apaindegi batek saritutako zenbakia erosi zuen Ormaechean; sari nagusia, beraz, ile-apaintzaile guztiei eta hainbat bezerori egokitu zitzaien. Egun horretan lan egiten ari ziren ile-apaintzaileak xanpain botilarekin ateratzen ikustea benetan hunkigarria izan zen Echevarriarentzat.

Zori onak San Mames zaharra ere ukitu zuen, loteria kalean saltzen zuen Alejandro izeneko gizon bati esker; Bartzelonaren kontrako partida batean saldu zuen saritutako zenbakia, eta Bilboko zenbait tabernatan ere saldu zuten.

Bilbon gero eta loteria-saltzaile gutxiago daude kalean, eta desagertzear omen daude. Hiruzpalau loteria-saltzaile ibiltari egongo dira Bilbon, Echevarriaren ustez. Bestetik, Carlos Resaren gurasoek 1982an Laudioko Areta auzoan administrazioa ireki zutenean, Laudioko erdigunean loteria saltzen zuen pertsona bat zuten. Gaur egun, baina, zaila da loteria-saltzaile ibiltari bat aurkitzea. Resaren iritzian, “asko ibiltzeko gogoa duen adineko erretirodun bat izan behar da”.

Loteriaren pribatizazioa

2011n loteria pribatizatzeko prozesuari ekin zion Espainiako Gobernuak, baina gelditu egin zuen gero. Loteria Estatuaren jabetza izatetik negozio pribatua izatera pasatzeko hipotesiaren aurrean, honakoa uste du Resak: “Ezin daiteke jakin pribatizazioa hobea edo txarragoa izango litzatekeen”.

Sergio Ormaechea loteria pribatizatzearen alde dago, produktua ezagutzen ez duen zuzendari nagusirik berriro ez izateko. “Kasu honetan ere, profesionaltasuna funtsezkoa iruditzen zait; elektrizitate-enpresa baten buruan inork ez luke jarriko sektore horri buruz ezer ez dakien inor, ezta?”, azaldu du.

Gainera, lehiakortasunak bezeroarekiko arreta hobetzea eragingo lukeela uste du, eta ez du etorkizunean pribatizatzeko aukera baztertzen.

Telebistako iragarkia

Eguberrietako loteriaren iragarkiak jaiegunak gertu direla adierazten du; baina, Carlos Resaren ustez, salmentek ez dute zerikusirik urtero botatzen duten iragarkiarekin. Laudioarraren arabera, bezero gehienek iragarkia kaleratu baino lehen erosten dute loteria, iraila eta urria bitartean. Hala ere, erosleen % 20-25ek Gabon aurretik erosten dutela esan du.

Publizitatea positiboa dela uste du Resak, eta, hori dela eta, iragarki propioak egiten ditu. “Polita da besteengandik bereizteko iragarki propioak egitea”, horren aburuz.

Echevarriaren esanetan, aldiz, “Gabonetako kanpaina on batek iragarki txar batek baino gehiago saltzea eragiten du”. Gainera, sare sozialek oinarrizko zeregin bat betetzen dutela adierazi du, sare sozialetan telebistako iragarkiari buruz hitz egingo dutelako, iragarkia gustuko izan ez arren.

Bilboko loteria-saltzailearentzat, gizarteari komunikatzeko mezua zaila da, errealitatea azaldu behar baitu: “Loteria egokitu ahal zaizu edo ez”.

Iruzkinak