Zinemaldia 2024
Donostia Saria
Almodovarrek tragediak fikzioetarako bakarrik uzteko eskatu du Donostia Saria jasotzeko galan
Mikel Dominguez | EITB Media
Espainiako zinegileari ohorezko saria eman dio Donostiako Zinemaldiak, eta berak bere bizitzako pasioa aldarrikatu du, guztiari zentzua ematen dion zinema.
Lau hamarkada daramatza Pedro Almodovarrek Donostiako Zinemaldira etortzen, eta gaur jaso du, azkenekoz, zinema jaialdiaren aintzatespen gorena, Donostia saria, The room next dooreko, bere ibilbidean ingelesez filmatu duen lehen pelikulako, lantaldeak inguratuta.
Etxean bezala sentitzen da Zinemaldian Mantxako zinemagilea, eta, arratsaldeko ekitaldian, Tilda Swinton aktorearen eskutik jaso du saria, Juliane Moorerekin batera bere film estatubatuarraren protagonista den interprete kultuzkoaren eskutik. The room next dooren, gerrako kazetari bat da Swinton, eutanasia gauzatzera doana, eta gaurko ekitaldian Almodovoar goraipatu du munduko kulturari egindako ekarpenagatik.
Esker ona behin eta berriz erakutsi du saridunak egun osoan, Mr Handsome, "Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente" izenaz ere ezaguna, galara bertaratu delako, eta harentzat izan dira ekitaldiko lehen hitzak, "kultura bultzatzeagatik".
Kursaalen inoiz jotako txalo zaparrada ozenenetako baten ondoren egin duen hitzaldian, zinemarako bere pasioa aldarrikatu du Almodovarrek, eta bere bizitza horrexek gidatu duela adierazi du. "Arrisku askotatik babestu nau seguru asko", esan du.
Filmak egiten jarraituko duela gehitu du Almodovarrek, denak porrot egiten duenean ere: "Txarrak, diot nik, baina horretarako prest ere banago, ezereza baita alternatiba".
El Deseo anaiarekin batera zuzentzen duen ekoiztetxea hartu du gogoan zinemagileak, eta ez du ahaztu ibilbidean zehar ondoan izan dituen aktoreen zerrenda: Carmen Maura, Veronica Forque, Penelope Cruz, Juan Diego Botto…
Swinton, zeinak Gazaren aldeko ikurra baitzuen soinean, uneoro alboan zuela, Almodovarrek aholku bat eman du, errealitateari lotuta: "Gure esku dagoen oro egin dezagun tragedia handiak, eguneroko minak, onarpenik eza, gezurra, enpatiarik eza, gizarte justiziaren falta, gorrotoa eta negatiboa den guztia fikzioarekin lotzeko, eta benetako bizitza bidezkoa eta baketsua izan dadin".
Zuzendaria jakitu da "gehiegi" eskatzen ari dela, "baina beti izan naiz horrelakoa", eta pantailetarako utzi nahi du hori guztia, baimena ematen dioten arte itxaron gabe askatasunari buruzko istorioak kontatzeko erabiltzen jarraituko duen euskarrirako: "Nire bizitzak ez du zentzurik zinemarik gabe".