Itxi

Zinemaldia 2024

Iruzkina

'Emilia Perez', zertaz ari gara gaur eta orain?

Natxo Velez | EITB Media

Zinemaldiko Perlak sailak Jacques Audiard zinemagile handiaren pelikula berria ekarri du Donostiara, Manitas del Monte ankerra atzean utzi eta Emilia Perez izan nahi duen mexikar narkoari buruzko musikal muturreko eta harrigarria.   

  • Zoe Saldaña, "Emilia Perez" filmean

    Zoe Saldaña, "Emilia Perez" filmean

Jakinaren gainean geunden; jakin bagenekien Canneseko zinema jaialdian batzuk zur eta lur utzi zituela Jacques Audiarden Emilia Perez film berriak, filmografian De rouille et d'os drama idorra, The Sisters brothers westerna, Les Olympiades errealismo sozialeko lana eta Un prophète thriller biolentoa biltzen dituen zuzendariaren pelikulak. Beste batzuek, ostera, gogo beroz, txaloka, erantzun zioten zinema garaikideko zuzendari interesgarrienetako bat denaren azken lanari, eta bi sari eraman zituen pelikulak: emakumezko aktore onenarena (Karla Sofía Gascón) eta epaimahaiaren saria.

Hala ere, horren berri izanda ere, Donostiako Zinemaldian ikusi eta gero, Emilia Perezek ikuslerik sinesgogorrena ere harrapatzeko eta txunditzeko ahalmena duela berretsi dezakegu, ikuslearen espektatibak gainditzekoa, hain da indartsua nola narratibari hala itxurari begiratuta. Gehiegizkoa ere izango da zenbaitentzat, baina muturreko musikal bridagabea da, akaso, halako istorio bat pantailaratzeko molde bakarra: Manitas del Monte mexikar narkotrafikatzaile ankerrak besteren begiradek ezartzen dioten paperaren eta bere benetako izaeraren artean banatuta dagoen bizitza gainditu nahi du kosta ahala kosta, ez besterik.

Hortik abiatuta, gidoiak abaila bizian egiten du aurrera, tarteka bideokliparen estetika eta une jakin batean selfien berezko enkoadraketak ere besarkatzen dituela, eta Mexikoko indarkeria, bertako pertsona desagertuak, ustelkeria, emakumeen aurkako tratu txarrak, erredentzioa eta barkamena jorratzen ditu, sigi-saga. Ohi bezala, Thomas Bidegain zuberotarra izan du lagun Audiardek gidoia idazteko.

Karla Sofía Gascón eta Zoe Saldana ('Emilia Pérez')

Karla Sofía Gascón eta Zoe Saldana (Emilia Perez)

Arriskua dario, izan ere, Emilia Perezi, forman eta funtsean, eta, harritzeko jaidura etengabe horren ondorioz, gidoian eta elkarrizketetan elkarren segida aurkituko ditugu transexualitateari eta beste hainbat gairi buruzko hausnarketa sakon eta baliotsuak eta adierazpen elkor eta naif samarrak ("borrokatzeko eta hiltzeko hezten zaituztenean, hobe da dantzan egin edo hil"). Goietarako bidetik (gehienbat) leizera amiltzeko gainbeherara (erabaki gutxi batzuetan) joan-etorrian ibiltzen da filma, hasierako kantuetako baten hitzak jasota.

Aipamen berezia merezi du aktore protagonisten lanak, Karla Sofía Gascónena Emilia Perezen larruan eta Zoe Saldañarena Rita abokatuarenean; bizimodu ez bizigarriak bizitzeaz akituta iritsi da Rita berrogei urtera, Anarik kantagai hartzen dituen "gehiegi luzatzen diren salbuespen egoerekin" enpo eginda, eta Emilia Perezi bere bidaian laguntzeko enkargua onartuko du. Elkarri esku hartuta egingo dute bi emakume ahaldunduek bidea, De rouille et d'os eta The Sisters brothers filmean, esaterako, maskulinitateei aberaski begiratu dien zuzendariaren ikuspegitik.

Zoe Saldaña ('Emilia Perez')

Zoe Saldaña (Emilia Perez)

Emilia Perezek, zeina Ipar Euskal Herrian abuztuan estreinatu baitzen eta Hegoaldeko zinema aretoetara abenduaren 5ean iritsiko baita, hainbat gauza baliotsuz hitz egiten digu gaur eta orain, hala nola gorputzak aldatzea gizartea aldatzea dela, sentitzen dugun hori garela, La mala costumbre Alana S. Porteroren eleberrian esaten den bezala zorigaitza eragiten diguten zerbait dela, eta ez jaiotzatik dagokigun sorginkeria bat eta izan badela duela minutu bat birjaio denik.