Zinemaldia 2024
72. edizioa
Barbara Goenaga, Itziar Ituño, Marta Etura eta Eneko Sagardoy, Zinemaldiko galetan
N. V. | EITB Media
Sail Ofiziala "We Live in Time" John Crowleyren film berriak itxiko du, lehiaz kanpo. Cate Blachettek larunbatean (irailak 21) jasoko du Donostia saria, eta Pedro Almodovarrek hilaren 26an.
-
2023ko Zinemaldiaren itxiera gala. Argazkia: Efe.
Andreu Buenafuente eta Berto Romero komiko katalanek aurkeztuko dute, irailaren 20an, Donostiako Zinemaldiaren irekiera ekitaldia, Barbara Goenaga gipuzkoar aktorearekin batera. Itziar Ituño eta Malcolm Treviño-Sitté aktoreek gidatuko dute amaierako gala, eta Donostia sariak banatzeko ekitaldiak Marta Eturak eta Eneko Sagardoyk.
Eturak Cate Blachetti Donostia saria emateko ekitaldia aurkeztuko du, larunbatean, hilak 21, 19:15ean; Sagardoyk, berriz, Pedro Almodovar saritzeko ekitaldia, ostegunean, hilak 26, 18:00etan.
Cate Blanchetten ohorezko ekitaldiaren ondoren, Rumours filma emango da, Cannesko zinema-jaialdian estreinatua. Guy Maddinek eta Evan eta Galen Johnson anaiek zuzendutako filmean, Blanchettek Alemaniako kantzilerrarena egin du, G7ko bilera batean anfitrioi lanak egiten dituena, krisi global betean.
Pedro Almodovarri Tilda Swinton aktoreak emango dio saria, zeremoniaren ondoren emango den pelikularen protagonistak, La habitación del lado / The Room Next Door filmaren protagonistak, alegia.
Amaierako galan, Itziar Ituñok eta Malcolm Treviño-Sitték aurkeztutako sari banaketaren ostean, We Live in Time filma proiektatuko da, John Crowleyk zuzendua eta Andrew Garfield eta Florence Pugh protagonista dituena.
Bihar, asteartea, jarriko dira salgai lau saioetarako sarrerak. Hasiera- eta amaiera-ekitaldietarako sarreren prezioa 80 eurokoa izango da, eta Donostia sariak ekitaldikoak 50ekoa.
Javier Bardemek iazko Donostia saria jasoko du
Inaugurazio galan, Emmanuelle Audrey Diwanen filmaren mundu mailako estreinaldiaren aurretik, Javier Bardemek iaz AEBko interpreteen grebaren ondorioz jaso ezin izan zuen Donostia Saria jasoko du.
ETBk eta eitb.eus-ek lau galok emango dituzte, zuzenean.