Itxi

Zinemaldia

Aurkezpena

Euskal partaidetza oparoa, aurtengo Donostiako Zinemaldian

N. V. | EITB Media

Alauda Ruiz de Azuak "Querer" seriea aurkeztuko du Sail Ofizialean, lehiaz kanpo, eta Aitor Gabilondok eta Javier Ginerrek ere "Yo, adicto". David Perez Sañudo New Directors sailean lehiatuko da, eta Izibene Oñederra Zabaltegi-Tabakaleran.

  • "Azken erromantikoak" David Perez Sañudoren filma New Directors sailean lehiatuko da

    "Azken erromantikoak" David Perez Sañudoren filma New Directors sailean lehiatuko da

Donostiako Zinemaldiak irailaren 20tik 28ra 72. edizioan parte hatuko duten Espainiako Estatuko ekoizpenak iragarri ditu gaur, ostiralarekin, Madrilen, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan.

Sail Ofizialean, Urrezko Maskorrerako lehian, Iciar Bollain madrildar zinemagileak Soy Nevenka filma aurkeztuko du, Urko Olazabal bilbotar aktorea protagonista duela, eta Pilar Palomero zaragozarrak Los destellos, Eider Rodriguez Bihotz handiegia errenteriar idazlearen kontakizunean oinarrituta. Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra da, gainera, film horren protagonista.

Sail Ofizial horretan bertan, baina lehiatik kanpo, Alauda Ruiz de Azuak (Cinco lobitos) Querer telesaila aurkeztuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean senarrarekin hautsi eta bortxaketa jarraituagatik salaketa jarri dion emakume baten istorioa kontatzen duen lana, Nagore Aranburu protagonista dela. Javier Ginerrek eta Aitor Gabilondok, bestalde, Yo, adicto seriea erakutsiko dute, sari nagusietarako bidetik at hori ere, eta Paula Ortiz zinemagileak La virgen roja film luzea, Najwa Nimri protagonista duela.  

Sail Ofizialetik kanpora, David Perez Sañudok Azken erromantikoak Txani Rodriguezen izen bereko eleberrian oinarritutako filma aurkeztuko du, New Directors atalean, Ane bere lehen filmarekin egin zuen bezala. Miren Gaztañaga da EITBren parte-hartzea duen pelikulako aktore nagusia, bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume baten rolean.

Bestalde, Izibene Oñederra azkoitiar zinemagilea Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da, Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animaziozko film laburrarekin.

Halaber, Diego San Jose gipuzkoarrak sortu eta Elena Trapek zuzendu duen Celeste seriea Belodromoan proiektatuko dute oso-osorik, guztira sei atal: Carmen Machi aktorea Zerga Administrazioko Estatu Agentziako ikuskatzailea da, eta, erretiroa hartzear dagoela, musika latinoamerikarreko izar batek Ogasun Publikoari iruzur egin diola frogatzeko enkargua jasoko du.

Donostiako Zinemaldiak, gainera, Albert Serra katalana (Tardes de soledad tauromakiari buruzko ez-fikziozko filma) eta Pedro Martín-Calero (El llanto) ere Sail Ofizialean izango direla iragarri du.