Zinemaldia 2024
Urrezko Maskorraren irabazlea
"O corno", ahizpatasunaren indarra
Natxo Velez | EITB Media
Jaione Camborda donostiar zinemagilearen bigarren film luzea, Zinemaldiaren Urrezko Maskorraren irabazlea, amatasunaz, elkartasunaz, abortuaz eta emakumeen gorputz eta borondateaz hausnartzera garamatzan istorio indartsu, lakar eta korporala da.
-
"O corno"
Erditze izerditsu, benazko, zaratatsu eta gogor batek irekitzen du O corno, Jaione Cambordaren bigarren film luzea; 10 minutuko erditze gordin bat erakusten du hasi eta berehala Claire Denis buru izan duen epaimahai ofizialak hala erabakita Zinemaldiko film onenaren Urrezko Maskorra irabazi duen filmak, eta halakoa da pelikula bera, 103 minutuz: izerditsua, bene-benetakoa, nola naturaren, bizitzaren eta gure aberetasunaren indarra hala gizatasunaren eta ahizpatasunaren beroa pantailaratzen duen istorio ahaltsua.
Maria (Janet Novas dantzariak gorpuzten du, aukeraketa ederra hain interpretazio fisiko baterako) da filmaren protagonista, eta 1970eko hamarkada hasieran dago girotuta, frankismoare azken urteetan. Itsaski-biltzailea da Maria, eta beste emakumeei laguntzen die, ama izateko ahalmena burutzen, erditzen, zein zekale-ainoaren infusioak erabiliz (horri esaten diote corno, adarra, galizieraz) haurdunaldia eteten.
Halako batean, gertakari lazgarri baten ondorioz, Mariak herrixkatik ihes egin beharko du, Portugalen babesa hartzeko (1970eko hamarkada hasieran Portugalgo zein Espainiako diktaduretan emakume langile batek inon toki seguru bat aurkitzerik izan bazuen, betiere), eta ahizpatasunak, emakumeen arteko laguntza sareak, soilik lagunduko dio asmo horretan; klandestinitate behartuan, boterearen, diruaren eta autoritatearen ifrentzuan, bizibidea ateratzeko lanean diharduten emakumeen laguntasunak eskainiko dio Mariari lehenengo pauso botatzeko euskarria; horrek besterik ez.
Emakumeen eskutik soilik etorriko zaio protagonistari berriz hasteko aukera (Egunero hasten delako izena du Ramon Saizarbitoriak film honetan bezala abortuari buruz hitz egiteko 1968an idatzitako eleberriak; historia ziklikoa da, oinarritik aldatzen ez bada). Pertsonaia batek pelikularen une jakin batean Mariari esaten dion bezala, nahi duen izena hartzeko abagunea izango du halako batean, elkartasun horri esker, "hau baita orain existitzen dena. Lehengoa jada ez da existitzen".
'O corno'
Road movie-aren tentsio dramatikoa, edertasunaren bilaketa (argiaren erabilera ederra, sekuentzia preziosista zenbaitetan), fisikotasunaren indarra (emakumearen gorputza eta paisaia basa oso presenta daude filmean) eta emakumeen zapalkuntzaren berri emateko zein gaur egungo bizitzan eragiteko borondatea darizkio Urrezko Maskorraren irabazleari.
Urriaren 11tik aurrera ikusi ahalko da O corno, galizieraz filmatutako pelikula, Hego Euskal Herriko zinemetan.