Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IRAGARPENA

David Fincherren "The Killer" da aurtengo Zinemaldiko ezusteko filma

EITB Media

Pelikula larunbatean, hilaren 30ean, eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian, Erik Messerschmidt argazki zuzendariaren eskutik.

  • Pelikularen fotograma bat.

    Pelikularen fotograma bat. Argazkia: Zinemaldia

David Fincherren The Killer izango da Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko ezusteko filma, jaialdiak ohar bidez gaur jakinarazi duenez. Pelikula Victoria Eugenia antzokian eskainiko dute, larunbatean, hilaren 30ean (19:00etan), eta Erik Messerschmidt argazki zuzendaria arituko da aurkezle lanetan. 

Besteak beste, Se7en, Zodiac eta The Social Network filmen zuzendariaren azken proposamena aurreko Veneziako zinema jaialdian lehiatu zen. The Killer Alexis Nolenten (Matz) izen bereko eleberri grafikoan oinarrituta dago, Luc Jacamonek ilustratu du eta Michael Fassbender du protagonista. Hiltzaile baten istorioa kontatzen du: zorigaiztoko istripu baten ondoren, aurre egingo die bere nagusiei, bai eta bere buruari ere, bere ustez pertsonala ez den nazioarteko jazarpen batean.

Beste bi saiotan ere, ikusgai

Larunbatean bertan, filmaren beste bi emanaldi egingo dituzte. Bata Victoria Eugenian bertan, baina 08:30ean, eta bestea, Antzoki Zaharrean, 13:00etan.

Donostia Zinemaldiak ezusteko film bat programatzeko tradizioa berreskuratu zuen 2019an. The Killer filmaren aurretik, hauek eman dira: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin' Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larrain, 2021) eta Blonde (Andrew Dominik, 2022).

Film sorpresak Antiguo Berri enpresa etxebizitza sustatzaile, eraikitzaile eta lurzoru garatzailearen babesletza du.