Itxi

Zinemaldia 2024

Elkarrizketa

Irati Gorostidi: "Aurreiritziak auzitan jartzea edo berrikustea da 'Contadores'en asmoetako bat"

Natxo Velez | EITB Media

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztuko du Gorostidik "Contadores", Cannesko Kritikaren Astean erakutsi eta gero.

  • Irati Gorostidi, "Contadores" filmaren zuzendaria

    Irati Gorostidi, "Contadores" filmaren zuzendaria

2022ko Kimuak katalogorako aukeratua, Cannesko Kritikaren Astean proiektatua eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehian. Ez da nolanahikoa Contadores Irati Gorostidiren film laburra egiten ari den bidea.

1988an Eguesibarren jaiotako zinemagileak 1978an kokatu du istorioa, eta frankismoa amaitu berritan bizitzeko eta antolatzeko modu berriak arakatzeko irrikan zegoen langile talde bati begiratu dio.

Metal arloko hitzarmen berri baterako negoziazioetan, beste bizimodu posible batean sinesten dutenen gazi-gozoak erakusten ditu Gorostidik 19 minutuko istorioan, oso ikuspegi pertsonaletik. Berarekin hitz egin dugu.

Zelako harrera izan du orain arte Contadores-ek?

Orain arteko ibilbideak ate asko ireki dizkio lanari, errekonozimendu handia jaso du. Eta Zinemaldian pelikula aurkezteko irrikan nago, noski. Testuinguru zoragarria da, eta are gehiago lagunartean eta ekipo osoa gertu. Oso pozik nago.

Eta zer esangura du filma Donostiako Zinemaldian erakusteak bertoko zinemagile batentzat?

Ilusio gehien egiten didana da bertako audientziak pelikula ikusteko aukera izango duela; hori garrantzitsua da niretzat.

Gainera, Zabaltegi betidanik interes handiz jarraitu dudan saila da. Ederra izango da filma Donostian erakustea.

Zalantzarik gabe, festibal nabarmena da, eta imajinatzen dut bertatik pasatzeak asko erraztuko duela filma beste leku askotara iristeko bidea.

Nola bizi izan duzu Zinemaldia orain arte, eta nola bizi nahiko zenuke aurten?

Hain gertu edukita, Zinemaldia zinema deskubritzeko ate bikaina izan da niretzat, oso txikitatik.

Horregatik, bereziki zirraragarria da lehen aldiz pelikula batekin parte hartzea.

Contadores-en formari helduta, formatuak, koloreek, testurak-eta filma kokatuta dagoen garaira garamatzate, 1978ko Euskal Herri industrialera. Zer hausnarketa dago aurkezpen horren atzetik?

Formaren atzean ez dago garaiaren irudikapen errealista bat egiteko asmo hutsa. Esango nuke errealismoa prozesuaren ondorioa izan dela, eta ez alderantziz.

Uste dut panfletoaren inpresioaren adibideak nahiko ondo azaltzen duela nolakoa izan den prozesu hori. Filmean, langile talde batek panfleto bat inprimatuko du, partekatzen duen apartamentuan. "Vietnamita" izenez ezagutzen zen multikopista bat erabiliko dute (dirudienez, Viet Congek erabiltzen zuelako izendatzen zen horrela), fabrikatzeko, garraiatzeko eta ezkutatzeko oso gailu erraza zena; egokia zen klandestinitatean erabiltzeko.

Egia esan, 1978. urtean vietnamita bat erabiltzea ez da oso errealista, anakroniko samarra da. Frankismo garaian erabiltzen zen gehienbat, 1960ko hamarkadan, 1970ekoaren hasieran… Hala ere interesgarria iruditzen zitzaidan pelikulan erabiltzea; protagonisten aldarrikapen nagusia autonomia dela kontuan hartuta, iruditu zitzaidan zentzua zeukala metodo hori nolabaiteko nostalgiaz erabiltzen jarraitzeak.

Sekuentzia grabatzeko beharrezkoa izan zen nola funtzionatzen zuen ikastea, sistema erreproduzitzea eta haren erabilerei buruzko ikerketa sakona egitea. Horrek guztiak une historikoa ulertzeko balio izan zuen, ikerketa teoriko hutsarekin lortu ezin zen modu batean.

'Contadores'

'Contadores'. © Gabriel Pericàs

Epikatik erabat urrundu zara kontaketan, han-hor-hemen mezu emozionalen gaindosia dagoen garai batean. Zer arrazoi dago erabaki estilistiko eta estetiko horren atzean?

Hau ere prozesuaren ondorioetako bat dela esango nuke. Nire interesa garaiko elkarrizketak eta beste ñabardura batzuk ulertzea zen, baita, zinemagile bezala, lan egiteko era batzuk probatzea ere.

Adibidez, kolektibotasunari buruz pentsatzen nuen pelikularen bitartez: nola gauzatzen diren elkarrizketa kolektiboak, zer egitura mota daukaten asanbleetan izaten diren elkarrizketek...

Pelikula egiten nuen bitartean, ez nengoen pelikulak izango zuen efektuan pentsatzen (sortuko zuen inpaktu emozionalean, etab.), baizik eta kontu formal, estetiko eta teoriko horiek arakatzen, zinemak ahalbidetzen dituen tresnekin.

Unean uneko kateek estututa (frankismoa eta postfrankismo edo trantsizioa, kasu honetan) kudeaketa horizontala bultzatzen dutenei begira dago pelikula. Zenbat dago omenalditik eta zenbat orainerako edo etorkizunerako hauspotik filmean?

Omentzeko asmoa badauka, bai, neurri batean, betiere nostalgia edo idealizazioa saihestearen aldeko kezka handiarekin.

Orainerako edo etorkizunerako hauspoa dela asko esatea iruditzen zait; ederra izango litzateke, noski!

Agian, zehatzago, pelikularen atzean dagoen asmoetako bat izan daiteke garai hartan gertatu zenaren aurreiritziak auzitan jartzea edo berrikustea.

'Contadores'

'Contadores'

Antolaketa eta kudeaketa horizontalerako proposamenak askotarikoak dira, nonahikoak eta noiznahikoak. Zer eduki zuten berezitik 1978 haren bueltan Euskal Herriko langile mugimenduan sorturikoek?

Egia esan, ez dakit une horretako proposamenak bereziak diren. Agian, arreta handiagoa jarri dut beste prozesu batzuekin daukaten antzekotasunetan, desberdintasunetan baino…

Esango nuke une horretara begira edo hortik abiatuta eraiki dela orainaren azken urteetako historiaren narratibaren parte esanguratsu bat, eta arreta ematen didate garai hori azaltzeko orduan alboratu diren elementu batzuk. Langile mugimenduaren kasuan zentratu naiz, baina seguru badaudela gauza harrigarriak eta esanguratsuak beste esparru batzuetara begiratuz gero ere.

Hein batean lan harremanez hitz egiten duen film bat izanik, nolakoa izan da pelikula lantzeko prozesua?

Halako proiektuetan, oso lagungarria da beti zurekin afinitatea daukaten pertsonekin lan egitea. Nahiz eta lantaldeko kide bakoitzak funtzio zehatz bat duen, oso lagungarria da haien ikuspegia proiektuarekin lerrokatuta egotea eta modu transbertsal batean parte hartzea.

Nola ikusten duzu euskal zinemagintzaren egungo egoera?

Zorioneko sentitzen naiz, miresten ditudan lagunen artean lan egiten dudalako; gure praktika gure arteko elkarrizketan garatzen ari garela sentitzen dut. Hori zoragarria da, opari bat da, plazer izugarria ematen dit, eta uste dut horregatik ez balitz ez nintzatekeela ariko egiten ari naizena egiten.

Sentsazio alai horretaz aparte, ezin dut asko esan; ez dut euskal zinemagintzaren egungo egoera aztertu, eta zaila egiten zait halako galderei erantzutea. Burutazio hutsak saihesten saiatuta, begi-bistakoa den zerbait bururatzen zait: Euskal Herrian finantzazio aukerak badaudela, eta, horregatik ez balitz, ezinezkoa litzatekeela egiten duguna egitea.

Seguru asko, euskal zinemaren ugaritasuna eta ikusgarritasuna gai material hutsei zor zaie lehenik eta behin.

'Contadores'

'Contadores'

Bai Contadores bai San Simón 62 (Irati Gorostidi, Mirari Echávarri) film laburrak Anekumen film luzearen sortze prozesuan etorri dira. Zertan da Anekumen? Zer aurrera diezagukezu proiektu horri buruz?

Anekumen 1980ko hamarkada hasieran girotutako fikzio bat da, eta Arco Iris deituriko komunitate baten inguruan egin dudan ikerketan oinarritzen da.

Aipatu dituzun bi laburrek ere abiapuntu berbera daukate. Oraintxe, garapen fase aurreratuan gaude, eta ekoizteko finantzaketa prozesuan.

Dena ondo badoa, 2024ko udan filmatuko dugu.

Zer opa diozu Contadores lanari?

Bere bidea aurkitzea opa diot. Ea elkarrizketa interesgarriei bide ematen dien eta, urte batzuen ondoren atzera begiratzen dudanean, ikasketa prozesu batean garrantzitsua izan dela sentitzen dudan.