Itxi

Zinemaldia

71. edizioa

Sail Ofizialeko lehen izenak iragarri ditu Zinemaldiak: Robin Campillo, Joachim Lafosse, Cristi Puiu…

N. V. | EITB Media

Donostiako Zinemaldiak irailaren 22tik 30era egingo du 71. edizioa, eta Urrezko Maskorrerako lehian izango diren lehen zazapi filmak aurkeztu ditu.

  • Raven Jackson zuzendariak "All dirt roads taste salt" bere lehen film luzea aurkeztuko du

    Raven Jackson zuzendariak "All dirt roads taste salt" bere lehen film luzea aurkeztuko du

María Alché eta Benjamín Naishtat bikoak, Robin Campillok, Joachim Lafossek, Noah Pritzkerrek, Cristi Puiuk, Raven Jacksonek eta Martín Rejtmanek beren film berriak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean

María Alchék (Buenos Aires, Argentina. 1983) eta Benjamín Naishtatek (Buenos Aires, Argentina. 1986) elkarrekin zuzendu dute Puan. Naishtatek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2018an, Rojo filmarekin, eta film berrian bi irakasle jarri ditu aurrez aurre, Marcelo Subiottok eta Leonardo Sbaragliak gorpuztuta.

Robin Campillo (Mohammédia, Maroko. 1962) zinemagile frantziarra lehendabizikoz lehiatuko da Donostian, L'île rouge filmarekin, Madagaskar uhartearen kolonizazio frantziarrean girotutako istorioarekin. 120 battements par minute (120 BPM) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Campillok eta laugarren lana da Donostiara ekarriko duena.

Raven Jackson (Tennessee, AEB. 1990) bere lehen filmarekin lehiatuko da Donostian; Mississippiko emakume baten bizitzaren esplorazio lirikoa da All dirt roads taste of salt.

Joachim Lafossek (Uccle, Belgika. 1975) hamargarren film luzea aurkeztuko du Sail Ofizialean, Un silence drama. 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak Les chevaliers blancs / The White Knights filmarengatik, eta bere lanetako bi Perlak sailean izan dira: L'économie du couple / After Love (2016) eta Les intranquilles / The Restless (2021).

2015ean "Quitters" filmarekin debuta egin eta gero, Noah Pritzkerrek (San Francisco, AEB. 1986) bigarren film luzea, Ex Husbands, aurkeztuko du Donostian. Aktore taldean, ageri dira Griffin Dunne, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette eta Eisa Davis.

Cristi Puiu (Bukarest, Errumania. 1967) zuzendari errumaniarraren lanak Cannesko eta Karlovy Varyko zinema jaialdietan izan dira, eta The Death of Mr. Lazarescu (2005) bere filma Errumaniako zinemaren olatu berriko lan nagusitzat jotzen da. MMXX pelikulak historiaren bidegurutzean harrapatutako arima alderrai mordo baten ibilerak atzitzen ditu, Zinemalditik azaldu dutenez.

Martín Rejtmanek (Buenos Aires, Argentina. 1961) La práctica / The Practice komediarekin parte hartuko du lehen aldiz Sail Ofizialean. Bere ezkontidearekin krisi betean dagoen yoga-irakasle baten rola jokatzen du komedia horretan Esteban Bigliardi aktoreak.