Zinemaldia 2024
Donostia Saria
David Cronenberg: "Artearen krimena inoiz baino gehiago behar dugu"
Mikel Dominguez | EITB Media
Zinegile kanadarrak zinemak subertsiboa izan behar duela aldarrikatu du, eta Donostia Saria pelikulak egiten jarraitzeko arnasa gisa jaso du.
David Cronenbergek Zinemaldiaren ohorezko Donostia Saria jaso du. Zuzendari kanadarrak filmak egiten jarraituko duela agindu du, eta zinemaren krimena "inoiz baino beharrezkoagoa" dela esan du, arteak subertsiboak izatea garrantzitsua baita.
Victoria Eugenia antzokian egindako galan, Cronenbergek aitortu du bere bizitzako uneren batean pentsatu zuela gaurkoa bezalako ohorezko sariak erretiratzeko gonbidapena zirela, "nahikoa da" esateko modu bat zela, baina denborarekin ulertu du ez dela horrela, eta gustura onartu du saria zinema egiten jarraitzeko "arnasa" gisa.
Gainera, eskertu egin du Donostian jaso izana, kulturarekin eta zinemarekin "hain lotuta" dagoen hiria baita. Esan duenez, oso garrantzitsua iruditzen zaio artea subertsiboa izatea gaur egungo munduan, baldin eta horrekin gizartea harmonian bizi badaiteke.
Bere miresle handi batek, Gaspar Noe zuzendari argentinarrak, eman dio saria, laudorio zaparrada baten ondoren. Noeren arabera, Cronenberg obra bat eraikitzea lortu duten zuzendarietako bat da, eta "ezohiko ikuspegi kezkagarri eta heldu batekin" egin du.
Gaspar Noe eta David Cronenberg. Argazkia: EFE
Viggo Mortensen aktore argentinarra kanadarraren hainbat pelikulatako protagonista izan da, tartean Eastern promises eta A history of violence, baita saria emateko ekitaldiaren baitan estreinatu den Crimes of the future ere. Mortensenek ez du aukera galdu, eta zorion hitz batzuk helarazi dizkio Cronenberg lagunari.
David Cronenberg (Toronto, 1943), gidoilaria eta inoiz aktorea ere izateaz gain, azken mende erdiko zinemagile berezienetako bat da. Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisutzat jotzen da.
Hogei bat film zuzendu ditu, eta telebistarako lan ugari egin ditu. 2004an, Zinemaldian egon zen Crash (1996) filmarekin, atzera begirako batean, eta 2008an, Eastern promises-ekin itzuli zen, orduan, Sail Ofizialean.
Scanners (1981) eta Videodrome (1983), Haragi Berriaren estetikaren gailurretako bat, ere sinatu ditu, eta horiekin genero erradikaleneko zinegile gisa ospea lortu zuen. Ondoren, The fly (1986), Dead ringers (1988) eta M. Butterfly (1993) filmatu zituen, azken biak Jeremy Ironsekin.
Orain, Crimes of the Future-rekin, bere obsesio zaharren berrikuspen edo laburpen bat egin du laugarrenez Mortensenekin.