Zinemaldia 2024
Elkarrizketa
Maria Elorza: "Literaturaz edozeinentzat hitz egin nahi nuen, ez ikusle espezializatu gutxi batzuentzat"
Natxo Velez | EITB Media
Gasteiztar zuzendariak “A los libros y a las mujeres canto” dokumentala aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean, liburuei eta liburuzaleei idatziriko maitasun gutuna.
-
Maria Elorza "A los libros y a las mujeres canto" filmaren zuzendaria
"Literatura ez da katedradunena. Denoi dagokigu, eta herritar xeheen erretratuen atzean ezkutatzen da". Filmean parte hartzen duen emakumeetako baten esaldi horrek laburbiltzen du A los libros y a las mujeres canto, Maria Elorza zinemagileak (Gasteiz, 1988) Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean (zuzendarien lehen edo bigarren filmak biltzen ditu atal horrek) aurkeztu duen filma.
Liburuak suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka defendatu dituzten lau emakumeren lekukotasunak bildu ditu Elorzak oso urrunera jotzeko beharrik gabe (familiakoak eta ingurukoak ditu solaskide denak), eta artxiboko irudiekin uztartu ditu hitzok, oso era interesgarrian, tarteka, kontakizuna ironiaz blaituta.
Erresistentzia intimo baten ikus-entzunezko laudorio eder hau da Elorzaren lanaren emaitza, eta berarekin hitz egin dugu pelikulari buruz.
Zorionak, Maria, New Directors sailean zaudelako! Zelan hartu duzu gertu-gertukoa duzun jaialdi honetan berriz parte hartzeko aukera?
Ilusioz, hasteko, lehen film luzea Donostian estreinatzea aukera oso ona delako. Horrez gain, filma nazioarteko lanekin lehiatuko da, eta publiko zabalak ikusi ahal izango du: bertakoek eta Zinemaldira kanpotik datozenek.
Epaimahaikide, zinemagile eta, esan gabe doa, ikusle gisa hartu duzu parte Zinemaldian. Zer da euskal zinemagile batentzat Donostiako zinema jaialdia? Nola bizi izaten duzu zuk?
Lehenik eta behin, eskola bat da; duela urte batzuk batez ere, zirkuitu komertzialetik kanpo zeuden filmak Donostian ikustea oso zaila zenean.
Bestalde, egun frenetikoak izaten dira: film mordoa, konpromiso asko, hiria jendez lepo... Beti geratzen zait zapore garratz arrasto bat nahi nuen guztia egin ez dudalako.
Noiz erabaki zenuen, Virgiliok Eneidan armei eta gizonei egin bezala, liburuei eta emakumeei kantatzea? Nola iristen da liburuz beteriko apal bat jaustearen inguruko anekdota 72 minutuko pelikula izatera?
Amari etxean liburuen apalategia erori zitzaionekoa kontatzen dut beti pelikularen arrazoi gisa, momentu hori izan zelako kamera hartu nuen lehen unea etxeko liburutegiei buruz hitz egiteko.
Dena den, nire aurreko lanetan ere badaude literaturarekiko interesa eta emakume asko. Zentzu horretan, proiektu hau aurreko ikerketen jarraipen modura ikus daiteke ia. Baina elkarrizketak grabatzen hasi nintzenean ulertu nuen aukera zegoela gai horren inguruan film luzea egiteko, hain zuzen ere, filmeko protagonista izan diren emakumeen etxeetara joatean, han zeuden liburuak arakatu eta ikus-entzunezko forma nola eman probatzen hasi nintzenean.
72 minutuetara pazientzia handiz iritsi naiz, apurka-apurka grabatzen, protagonisten kontakizunetatik tiraka irudiak bilatuz, bidaiatzen eta filmak berak nora neraman ikusiz.
'A los libros y a las mujeres canto'
Pelikulako pertsonaia batek esaten duenez, ez da zertan poesia ulertu, begiratu egin behar zaio. Zure filmak, baina, egitura bati jarraitzen dio ulergarria izateko. Nola erabaki zenuen kapitulu bidezko kontakizuna eraikitzea eta lekukotasunei gaur egun duten erritmo eta antolaera ezartzea?
Proba asko egin ditut, eta filmak hamaika egitura izan ditu. Badaude kanpoan geratu diren hainbat sekuentzia, adibidez, edo birritan grabatu ditudanak.
Protagonistei egindako elkarrizketek eta nire off ahotsak ardazten dute narrazioa, eta lehenengo horiek gidatu dute filmaren muntaia: lau emakumeek kontatutakoak zuen indarrak eman zidan grabatzen jarraitzeko bultzada.
Lekukotasun horiek irudi bilakatzea izan da filmaren ikerketa lan nagusiena: zinemaren artxiboetan arakatzera eraman nauena, paisaia ezberdinak filmatzera, esperimentuak egitera, bidaiatzera.
Kapituluak hasieratik nituen buruan, literaturarekin duten harremanagatik, baina ez dira muntaketa lanaren oinarria izan. Off ahotsarekin ere antzeko zerbait gertatu da: nahiko hasieran erabaki nuen egongo zela, ahozkotasunak garrantzi handia duelako filmean, baina beste ikus-entzunezko materialak erabili eta ordenatu ondoren idatzi eta txertatu nuen, ikusleari laguntzeko eta geratzen ziren hutsuneak betetzeko.
Ironiaz ere blaitu duzu dokumentala. Lasterbide balekoa izan da literatura bezalako gai gaitzari heltzeko?
Publikoak filmarekin ondo pasa dezala nahi dut, eta nik neuk ondo pasa nahi nuen filma egiten.
Umoreak publikoarekin harreman zuzenagoa izaten laguntzen du askotan, eta horixe nahi nuen: lan dibulgatibo bat egin, literaturaz hitz egin edozeinentzat, ez ikusle espezializatu gutxi batzuentzat.
Artxiboko irudiekin lan izugarria egin duzu. Zelakoa izan da irudi horiek bilatzeko eta aurkitzeko lana?
Lan izugarria eta, aldi berean, dibertigarria. Asko erabili dut ideien asoziazio askea, modu desberdinetan. Alde batetik, protagonistak beren literatura iruditerian murgildu diren bezala, nik neure iruditeria filmikora jo dut etengabe: batek loreei buruz hitz egiten bazidan, ni Chaplinen Luces de la ciudadeko lore-saltzaileaz oroitzen nintzen, edo zaldi bati buruzko poema irakurtzen bazidan, Eadweard Muybridgeren zaldiak etortzen zitzaizkidan burura.
'A los libros y a las mujeres canto'
Bestalde, "umezurtzak" diren irudi zaharren artean bila ibili naiz: XX. mendeko lehen erdialdeko familia grabazioak, iragarkiak, hezkuntza bideoak, pelikula antropologikoak eta filmatze zientifikoak.
Ordu asko pasatu ditut horrelakoei begira eta bildumazale baten moduan proiektuaren disko gogorrean gordetzen. Asko eta asko kanpo geratu dira, noski, baina ikusitako ia gehienek filma elikatu dute nolabait.
Literaturak, sorkuntzak, bere mugak dituela esaten da pelikulan halako batean; gero, boteredunek erabakitzen dituztela kontuak. Hala ere, literaturak, zinemak, sorkuntzak, hor jarraitzen dute beti, muga horiek gorabehera. Zergatik? Zertarako?
Literaturari dagokionez, irakurle moduan baino ezin dut hitz egin; zinemari buruz, ordea, sortzaile bezala.
Bi kasuetan berdina erantzungo nuke: askeago eta zoriontsuago izaten lagunduko didatela sentitzen dudalako.
Sua, hautsa, ezjakintasuna eta fanatismoa izan dira liburuen, eta hortaz liburuzaleen, etsaietako batzuk. Zein arrisku dituzte orain liburuek, sormenak eta jakintzak?
Ni baino jakintsuagoak direnek luze hitz egiteko moduko galdera da. Akaso, niri kezkagarrien egiten zaidana analfabetismoa da: ilustraziotik XX. mendearen amaierara arte alfabetatzea borroka etengabea izan da, eta bazirudien egunen batean amaitu egingo zela, denek ikasiko zutelako irakurtzen.
Hala ere, azken urteetan, irakurtzeko gaitasuna behera egiten hasi da ustez garatuak diren herrialdeetan. Irakurtzeko "teknika" ikasteko aukera dutenen artean ere ulertzeko ezintasuna zabaltzen hasi da.
Maria Elorza
Aukeratzen ditugun liburu-pelikulek gure genealogia zehazten badute, zer hiru liburu eta film ikusiko genituzke ezinbestean Maria Elorzaren zuhaitz genealogikoan?
Senideen artean aukeratzea ez da konpromiso atsegina, baina tira. Oso nobelazalea naizenez, lehenik, Tolstoiren Gerra eta bakea ikusiko zenukete eleberrien ordezkari gisa. Bigarrenik, zinemagile italiarren batek ere egon beharko luke (Fellini, Rossellini, Antonioni, Visconti...), bai zine hori asko maite dudalako eta baita nire erro italiarrak oroitzeko ere.
Azkenik, Maria Molinerren hiztegia egongo litzateke, aldarrikapen moduan, hiztegien balioa erabat gutxietsita dagoelako gaur egun. Egiten dituztenek ez dute idazle edo artisten estatusa izaten, baina ezinbesteko lana egiten dute pazientzia handiz; eta omentzeko moduko pertsona iruditzen zait Maria Moliner (nire izenkidea, gainera!).
Zer etorkizun opa diozu filmari?
Beti opa diedana: ikusle askok gozatu, eta zerbait baliagarria atera dezatela.