Itxi

Zinemaldia 2024

Uztailak 4 – irailak 24

Publikoari eta Donostiari gorazarre egingo die "Imajinatu Zinemaldia" erakusketak

N. V. | EITB Media

Herritarrek zazpi hamarkadatan ateratako argazkiak bidali ahalko dituzte, eta horien aukeraketa bat "Imajinatu Zinemaldia" Zinemaldiaren 70. urteurreneko erakusketan jarriko dute.

  • "Imajinatu Zinemaldia" erakusketa uztailean irekiko dute Tabakaleran

    "Imajinatu Zinemaldia" erakusketa uztailean irekiko dute Tabakaleran

Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatu dute Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Zinemaldiaren 70. urteurrena dela eta.

Morgancrea estudioa da erakusketaren komisarioa, eta uztailaren 4tik irailaren 24ra egingo da, Tabakaleran, "industriari, komunikabideei eta hiriari gorazarre egiteko, bai eta, batik bat, publikoari ere, hari zor baitzaio bereziki Zinemaldiak zazpi hamarkada hauetan izandako arrakasta".

Erakusketaren lehengaia Zinemaldiko irudiak izango dira, bai ikonikoak (Alfred Hitchcock Victoria Eugenian, Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Warsen Europako estreinaldian, John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen 1983an, Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan…), baita herritarrek edizioz edizio atera dituztenak ere.

Herritarrek argazkietan bildu dituzten oroitzapen pertsonalak igortzeko, online kanal bat ahalbidetu du Zinemaldiak. Komisarioek irudien aukeraketa bat egingo dute, eta publikoa ardatz duen erakusketako espazio bateko pantailetan jarriko dira. Gainera, argazkiak bidaltzen dituzten lehen 500 pertsonek Belodromoko saio baterako sarrera bikoitz bana jasoko dute.

Morgancrea estudiotik azaldu dutenez, "publikoa aintzatetsiko da, Donostia Zinemaldiaren nortasun-ikurretako bat baita, baina baita komunikabideak ere, horiei esker ikus-entzunezkoen artxibo zoragarria dugu eta. Eta, jakina, hiria bera ere. Zinemaldia obra kolektibo bat da eta denak gara protagonistak; horrela aurkeztu nahi dugu Zinemaldia".

Vive le cinéma!

Horrez gain, 70. urteurrenaren bueltan, beste erakusketa bat ere izango da: "Vive le cinéma!". Datorren uztailaren 8an hasiko da, eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili (azken biak hiru Urrezko Maskorren irabazleak).