Itxi

Zinemaldia 2024

Zinemaldia

Johnny Depp: "Donostia Saria oroimenean izango dut beti"

Agentziak | EITB Media

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eman dio saria estatubatuar aktoreari, eta oso eskertuta eta hunkituta agertu da.

Johnny Deppek Zinemaldiaren 69. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du

Johnny Deppek 2021eko bigarren Donostia Saria jaso du asteazken honetan. Izan ere, Marion Cotillard frantziar aktoreak jaso zuen Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan banatutako lehena, joan den ostiralean egindako inaugurazio ekitaldian.

Estatubatuar aktoreak eskerrak eman dizkio Zinemaldiari, bere esanetan, "benetakoa" den zinema jaialdia baita. "Inoiz ahaztuko ez dudan saria da, oroimenean izango dut beti", esan du Deppek. Hain zuzen ere, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eman dio saria.

Beltzez jantzita eta txapelarekin agertu da Kursaaleko Auditorioan, bere ibilbide profesionala aitortzen duen saria jasotzera. Izan ere, Deppek hiru izendapen lortu ditu Oscar sarietarako eta Urrezko Globo bat irabazi du, beste sari askoren artean. Horrez gain, hamar bat film ere ekoitzi ditu.

Edurne Ormazabalek aurkeztu duen galan, Depp "sailkatzeko zaila bezain aktore bikaina" dela esan du, "bere magnetismoa eta pertsonaia bakoitza interpretatzeko modu berezia" azpimarratu ditu, eta, besteak beste, ondorengo pertsonaiak aipatu ditu: Edorta Eskuartazi, Jack Sparrow, Willy Wonka eta Kapelagile Zoroa.

Koronabirusa dela eta, bigarren urtez jarraian publikoari irekitako alfonbra gorririk egon ez den arren, jende asko bildu da Kursaal inguruan. Dena dela, segurtasun neurriak indartu dituzte, jende-pilaketak saihesteko asmoz, estatubatuar aktorea ikusi nahi zuten pertsona asko bertaratu baitira.

Saria eman aurretik, haren ibilbide profesionala gogoratzeko irudi batzuk jarri dituzte. Jarraian, aktorea oholtza gainera igo da, bere txapel beltz bereizgarriarekin, eta Donostia Saria jaso du Rebordinosen eskutik. Une horretan, "zeharo eskertuta" dagoela esan du, eta ohore handia dela gaineratu du. "Arrazoi bakar batengatik nago hemen: jendearengatik. Zinema pertsonentzat da, eta pertsonek agintzen dute", azpimarratu du antzezleak.

Horrez gain, euskaraz hitz batzuk esatera ausartu da aktorea: "Gabon Donostia". Ondoren, eskerrak eman dizkio Rebordinosi, saria berak emateagatik, eta "gauzak bere gain hartzeko duen modu fantastikoa eta gauzak ikusteko duen modua" nabarmendu ditu. "Inoiz ahaztuko ez dudan saria da", adierazi du. Izan ere, izendapenak polemika handia sortu zuen, emakume zinemagileen elkarteen artean bereziki, Amber Heard emazte ohiak salatutako indarkeria matxista kasu batekin lotura izan zuelakoan.

Halaber, eskerrak eman dizkie Zinemaldian irmo lan egiten duten pertsona guztiei. Bere esanetan, "egiazkoa da, zinemaldi batek izan beharko lukeen ideia horrekin, zinema eta pertsonak ardatz hartuta". Halaber, Eneko Goia Donostiako alkatea ere izan du gogoan, baita donostiarrek eman dioten "ongietorri beroa" ere.

Bestalde, Marion Cotillard frantziar aktorea zoriondu du, hark ere jaso duelako aurten Donostia Saria. "Neska zoragarria" da, esan du. Saria "umiltasun osoz" jaso duela adierazi du Deppek, bere esanetan, "edozein negozio motaren hierarkiak gorabehera, pertsonak baitira aurrera jarraitzeko inspirazioa eta indarra ematen dutenak".

Jendearen babesa

Gainera, eskerrak eman dizkie beti babesa adierazi dioten pertsonei, bere bizitzan "funtsezkoak" baitira. "Nigan sinesten dut", gaineratu du.

Aktoreak azaldu duenez, "duela asko, Arkansasko herri txiki batean, hiru haur hil zituzten eta atxiloketak izan ziren". "Errugabeak ziren, eta Damien, atxilotuetako bat, zigortuta egon zen eta zortzi urte eman zituen heriotzaren korridorean. Bere kasua aztertu nuen, eta auzia epaitegietara iristea eta pertsona horrek askatasuna lortzea lortu genuen", azaldu du.

"Pertsona bat justiziaren monolitoa zizelkatzen has daiteke", esan du. "Ez dezagun ahaztu beti daukagula tresna hori gure boterea erabiltzeko, eta hau esaten dut oso txiki sentitzen naizelako uneotan", gaineratu du.