Itxi

Zinemaldia 2024

Donostia saria

Johnny Depp: "Erosoago egoten naiz pertsonaiaren atzean tren batean ni neu izaten baino"

Natxo Velez | EITB Media

Estatubatuar aktorea oso eskertuta agertu da Zinemaldiarekin, "benetako zinema jaialdi batekin", Donostia saria emango diola eta.

  • Johnny Depp, Donostiako Zinemaldian (Efe)

    Johnny Depp, Donostiako Zinemaldian (Efe)

Atzo gauean ezustean iritsiera atzeratu behar izan eta gero (Biarritzera eraman behar zuen hegaldia Frantziako Tolosara desbideratu zuten, eta goizaldeko bostetan iritsi da María Cristina hotelera), Johnny Depp kazetarien aurrera agertu da arratsaldean, 22:00etan Zinemaldiaren hirurogeita bederatzigarren edizioko bigarren Donostia saria jaso aurretik. Lehenengoa Marion Cotillard frantses aktoreak jaso zuen, larunbatean.  

Nahiz eta jaialdiaren arduradunek elkarrizketa Deppen eremu profesionalera mugatu nahi izan duten –prentsaurrekoaren gidariak ohartarazpen hori egin du ekitaldia hasi aurretik, eta Depp saritzearen aurka emakume zinemagileen zazpi elkartek egindako protestei buruzko galdera bat arbuiatu du–, aktorearen egoera pertsonalaren itzala (indarkeria matxistarekin lotutako salaketak jaso ditu, baina ez dute ezein erasogatik zigortu) presente egon da prentsaurreko osoan.

Artistak sare sozialetan eta kazetariak "ezeztapenaren kultura" deitu duenaren aurrean, lintxamendu digital bidegabeak eta inolako erantzunik jaso gabe nahi dena egin eta esateko pribilegioa galtzearen aurreko erremina nahasi eta parekatzen dituen kontzeptu labain eta malguaren aurrean, babesgabe ote dauden galdetuta, Deppen esanetan, "inor ez dago seguru" garai hauetan, "esaldi baten aurrean ez baituzu ebazteko tarte nahikorik, bete-betean jo baitzaituzte, baina egiaren jabe baldin bazara, hori besterik ez duzu behar".  

Johnny Depp (Efe)

Johnny Depp (Efe)

"Bidegabekerien aurrean, zure aurkakoa zein maite duzun edo zure uste osoa duen norbaiten aurkakoa izan, har ezazu jarrera bat eta ez gelditu egonean ezer egin gabe, behar zaituzte eta", azpimarratu du aktoreak.

"Inor ez dago seguru, inor esaldi soil bat esateko prest baldin badago, esaldi batekin nahikoa da", esan du jaso dituen salaketa eta kritikei buruz.

Pertsonaiak, "lotuta"

Ibilbide profesional oparoan gorpuztu dituen pertsonaiei buruz galdetuta, aktoreak esan du "ia" aktore guztiek aukeratu dutela bera.

Deppen hitzetan, bere ekarpenak aberastuko dituen pertsonaiak hautatzen ditu, eta uste du, "harrigarriro", interpretatu dituen paper guztiak, elkarren artean oso ezberdinak izanik ere, "lotuta" daudela. "Nolabaiteko hari batek josten ditu, oihalaren atzean hariak mugituz egin dudanaren itzalak", adierazi du.  

Poz-pozik, "benetako" zinema jaialdi batera itzultzearren

Donostia saria emango diotela eta, Deppek esker ona agertu die Zinemaldiaren antolatzaileei, Jose Luis Rebordinos zuzendariari eta Eneko Goia hiriko alkateari, "ez baitute erosi luzeegi dirauen baina existitzen ez den ni bati buruzko ideia".

Gainera, saria emango diotela-eta "kezkatuta" egon dela ere azaldu du, jendea "minduko" ote zen beldurrez. "Ez dut inor iraindu nahi; pelikulak egiten ditut, besterik ez", erantsi du.

Halaber, Zinemaldira hainbat aldiz etorri dela ekarri du gogora, eta beti gustatu zaiola eta errespetatu duela "benetako zinema jaialdia delako" eta pelikulekin lotuta dagoelako, "ez inori koipea ematearekin".

"Beti itzultzen naiz poz-pozik hiri honetara", gehitu du.

Johnny Depp (Efe)

Johnny Depp (Efe)

Maskararen atzean

Azkenik, Deppek zinemazaletasuna hartu du hizpide, eta Charles Chaplin, Buster Keaton eta Lon Chaneyren pelikula mutuak berarentzat oso garrantzitsuak izan zirela aipatu du, baita gero beldurrezko zinemarekin zaletzen hasi zela ere, Frankenstein, Drakula eta Gizotsoa pertsonaien eskutik.

Hain zuzen ere, beldurrezko zinemaren aurreko miresmen horrek lotu zuen Tim Burton zinemagilearekin. "Uste dut gustatu zitzaidana izan zela pertsonaiak maskara baten atzean ezkuta zitezkeela eta itzuri egin diezaioketela horrela zeu zaren horrek jartzen dizun zamari". "Erosoago egoten naiz pertsonaiaren atzean tren batean ni neu izaten baino", esan du bukatzeko.