Zinemaldia 2024
Elkarrizketa
Manu Gómez: "Adiskidetasuna eta amets hautsiak omentzen ditu 'Érase una vez en Euskadi'k"
Natxo Velez | EITB Media
Manu Gomezek "Érase una vez en Euskadi" bere lehen film luzea estreinatuko du gaur gauean Zinemaldian, 80ko hamarkadan Euskal Herrian sortutako adiskidetasunei eta galdutako ametsei eginiko omenaldia.
-
Manu Gomez, "Érase una vez en Euskadi"ren zuzendaria
Ilusioak dira munduaren motorra: mugiarazten gaituzte eta egoera berrietara bultzatzen gaituzte. Baina berezko arrisku bat dute: hauskorrak dira.
"Érase una vez en Euskadi"k, Manu Gomez zuzendariaren (Arrasate, 1973) lehen film luzeak, 1985eko euskal herri industrial bateko biztanle batzuen ametsetan zehar garamatza ehun minutuz, eta amets horietan lerratuko dira punk musika (RIP, Joey Ramone, Barricada…), pintadaz beteriko hormak, ETAren indarkeriaren eta gatazka politikoaren itzala, hiesaren mehatxua eta, jakina, hilabete amaierara iristeko komeriak.
Jaioterrira (Arrasate) egindako itzulera erakutsiko du Gomezek gaur gauean Zinemaldian, haurtzarora egindako begirada kostunbrista bat, lau umeren eta inguruan dituzten istorioen bidez. Udako ametsak eta bizitza berri baterako esperantzak pantailaratu ditu "Érase una vez en Euskadi"n, hautsiko diren batzuk eta dagoeneko hautsita dauden beste batzuk tartean; nolanahi den, nola zineman hala bizitzan, amaiera zoriontsua ez izateak ez du esan nahi istorioa txarra denik.
Gomezekin mintzatu gara, "Érase una vez en Euskadi"ri buruz.
Lehen film luzerako, 80ko hamarkadaren erdialdeko Debagoienera itzuli zara. Bazegoen pelikula hau beste nonbait egiterik?
Pelikulak ez du garai haren erradiografia soziopolitikoa izan nahi, baina ezin da saihestu edonola ere. Hala ere, egia da pelikula hau egiteko distantzia handia hartu behar izan dudala 80ko hamarkadan gertatu zitzaigunarekin eta nik hori bizi izan nuen moduarekin.
Pelikula hau ezberdina zatekeen, seguru asko, duela hogei urte egin izan bazen.
Nire ustez, "Érase una vez en Euskadi" pelikulak garai hartako adiskidetasuna eta amets hautsiak omentzen ditu.
Mundu hartako zer elementu ezin ziren falta "Érase una vez en Euskadi"n?
Niretzat, funtsean, punk musika, hiesa eta ETAren itzala, berunezko urte haietan ekin betean ari zen eta. Ezinezkoa da hori guztia kanpoan uztea nik Arrasateri egin diodan erradiografiaren moduko bat egiten duzunean.
'Érase una vez en Euskadi'
Eta beste askok Katalunian egin zuten bezala, hona bizibidea ateratzera etorri ziren familia horiei buruzko pelikula kostunbrista da.
Istorioan haurtzaroari, Rilkek "gizakiaren benetako aberria" deitu zionari, egindako begirada nostalgikoa dago. Zer eragin du gugan haurtzaroak edo, nahiago baduzu, iraganak?
Egia esan, garai hartara begiratzen duzunean, orduan gertatu zenak denetariko gidoi piloa elikatu duela ikusten duzu.
Nik García Márquezen esaldi bat erabiltzen dut beti, esaten duena bizitza ez dela bakoitzak zer bizi duen, zer gogoratzen duen eta nola gogoratzen duen baizik. Ordukoak arrasto sakona utzi zigun, baina gure egunerokoaren barruan zegoen. Pelikulako lehen sekuentzian ume protagonistak gomazko pilotak biltzen agertzen dira, manifestazio baten ondoren, horiekin jolasteko.
Geroago konturatzen zara oso haurtzaro oparoa izan genuela eta nik mila aldiz errepikatuko nuke. Oroz gaindi, umeok zoriontsu izan behar genuen, eta primeran pasatzen genuen, nahiz eta inguruan oso egoera gogorrak izan: oso gertu genituen heriotza, nire herria erabat erraustu zuen hiesa eta indarkeria.
Gai oso oinarrizkoak, hala nola ilusioak galtzea, heriotza, gaixotasuna edo abandonua, lau ume protagonisten begietatik erakusten dira pelikulan. Zer abantaila ekarri dizkizu ikuspegi horrek?
Haurtzaroari eta lagunei egindako omenaldia da. Lau ume horiek garai hartan ezagutu nituen ume askoren frankensteinak dira, eta, egia esan, ez nion neure buruari mugarik jarri.
Okada moduko bat izan zen gidoia idazteko prozesua. Ez nuen gidoiaren ohiko eskemarik egin, eta seguru asko ez dut sekula gehiago horrela idatziko, baina prozesua bidaia bat izan zen. Tripi bat, orduko hitz bat erabiltzearren.
Haurtzaroko ametsetan aztarrika hasten zarenean, kate erreakzio bat izaten da eta desagertutzat jotzen zenituen oroitzapenak agertzen dira. Bila jarraitzen duzu, eta egoerak, uneak, elkarrizketak… agertzen dira. Ez nuen inolako autozentsurarik egin.
'Érase una vez en Euskadi'
Nolakoa izan da eskarmentu handiko aktoreek (Marian Álvarez 2013ko Zilarrezko Maskorraren irabazlea, Luis Callejo, Vicente Vergara, Josean Bengoetxea…) eta aktore oso gazteek osatutako talde batekin lan egitea?
Aktoreez gauza ederrak besterik ezin dut esan. Aipatu dituzun izen horiek guztiak, eta Pilar Gómez, Vicente Romero, María Isasi eta beste batzuk, Interpretazioaren elitean daude, eta oso alde izan nituen une oro. Horiekin lan egitea gozamen hutsa izen zen.
Umeei dagokienez, hasieran beldurtuta egon nintzen, baina gero espero baino errazagoa izan zen dena. Casting izugarria egin nuen, bostehun ume baino gehiagorekin, baina oso denbora gutxi behar duzu ume bat egokia den edo ez jakiteko.
Lau ume hauekin berehala sortu zen magia, probaren aurreko elkarrizketatik. Ez nuen duda izpirik ere izan.
Horrez gain, filmatzean eta entseguak egiten dituztenean, jolasean ari dira etengabe. Ez dute presiorik eta ez dute beren burua helduek bezainbeste estutzen. Ez da stanislavskitarren arrastorik edo aktore batzuek pertsonaia bat egiteko jasaten duten sufrikarioaren hondarrik. Ondo pasatzen zuten, besterik ez.
Granadako etorkinen semea zara, protagonistetako bat bezala, eta pelikulak migrazioaren gaineko ikuspegi garratza ematen du, "amerikar ametsaren" bestaldea. Garrantzitsua iruditzen zitzaizun migrazio ekonomikoen konplexutasuna irudikatzea?
Granadaren kontua gurasoei egindako omenaldia da. Maite zuten bizitoki zuten lurra eta Euskal Herria maite zuten, baina 16 urte zituztela atera zituzten Granadatik, hainbat arrazoi tarteko, eta 60ko hamarkadako Bergarara eraman zituzten.
Eta pelikulan langile klasean beti egon den errealitate bat ageri da: Euskal Herri hartan gatazka bat zegoen, independentziaren aldeko borroka zegoen, baina jende horren arazo nagusia hilabete amaierara iristea zen.
'Érase una vez en Euskadi'
"Érase una vez en Euskadi"n kontatzen den istoriotik 35 urte joan diren honetan, zer deritzozu 1985ean 12 urte zituzten umeen parte-hartzea duen gizarteari? Zer dago hobeto eta zer okerrago?
Oso argi dut ez duela harekin zerikusirik, hobetu egin dela. 80ko hamarkadan izugarria izan zen eta markatu egin gintuen zerbait egon zen: hezkuntza. Ikastetxe publikoan ordubetez soilik ikasten genuen euskara, eta nahiago nukeen horrela izan ez balitz.
Gaur egun ez da halakorik gertatzen, eta guri gauza eder bat ukatu ziguten, bizi zaren lurreko hizkuntzan hitz egin ahal izatea.
Baina asko aldatu da dena, hobera.
Filma Zinemaldian estreinatuko da. Zer esanahi du horrek zuretzat? Zer harreman duzu jaialdiarekin?
90eko hamarkadan Saroben, Urnietan, Zinemagintza ikasi nuenetik, beti joan izan gara Zinemaldira. Ez dago jaialdi hoberik Espainiako Estatuan, eta izugarria da zure opera prima bertan estreinatzea.
Ez dut uste toki hoberik dagoenik horretarako. Gustura baino gusturago gaude, pozarren, urrian zinemetara iristeko eta publikoaren erantzuna ikusteko irrikan.
Aretoan sartu eta begiratu nahi dut. Pelikula horrenbestetan ikusita, zuzendariok perspektiba galdu ohi dugu, eta erreakzioak harrigarriak dira beti.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Ez. Oraingoz beste film luze baterako ideien bila ari naiz, baina oso berde dago dena. Garatu, eta norantz jo erabaki behar dugu.
Azkenean, oso erabaki garrantzitsua da, kasurik onenean ere zure bizitzako hiru urte emango baitituzu horretan lanean.
Yon González, 'Érase una vez en Euskadi'n