Itxi

Zinemaldia 2024

69. edizioa

Sean Baker, Julia Ducournau, Todd Haynes, François Ozon eta Céline Sciamma, Zinemaldiko Perlak sailean

N. V. | EITB Media

Duprat eta Cohnen 'Competencia oficial' filmak irekiko du aurretik beste jaialdi batzuetan erakutsitako lanen lagina, eta eta Haynesen 'The Velvet Underground'ek itxi.

  • "Titane" Julia Ducournauren filmaren irudi bat

    Julia Ducournauk "Titane" Urrezko Palmaren irabazlea aurkeztuko du Perlak sailean

Donostiako Zinemaldiak beste zinema jaialdi handi batzuetan (Cannes, Venezia eta Berlin) programatutako 15 film erakutsiko ditu Perlak sailean, ohi bezala. Izen handi-handien film berrienak ikusi ahalko dira atal honetan: Ryusuke Hamaguchi; Todd Haynes; François Ozon; Paul Verhoeven; Julia Ducournau, Canneseko Urrezko Palma irabazi duen azken zuzendaria; Céline Sciamma; Sean Baker; Joachim Lafosse…  Gainera, Emmanuel Carrère idazleak fikziozko bere bigarren lana aurkeztuko du, eta Charlotte Gainsbourgek bere debuta.

Gastón Duprat eta Mariano Cohn zinemagileen Competencia oficial komediak irekiko du saila. El artista (2008) eta El ciudadano ilustre (2016) filmen zuzendarien pelikula berriko protagonistak Penélope Cruz eta Antonio Banderas dira, eta Nagore Aranburu eta Koldo Olabarri euskal aktoreen parte-hartzea du, gainera.

Ixteko ardura, berriz, The Velvet Underground dokumentalak izango du Lou Reed buru izan zuen rock talde ospetsuaren errepasoa, Todd Haynesen zuzendaritzapean. Lehiaz kanpo emango dute pelikula hau, gainera, Cannesen nabarmendu diren bi film bezala: Titane, Julia Ducournau zuzendari frantziarrarena, Urrezko Palmaren irabazlea, eta Drive My Car Ryusuke Hamaguchi japoniarrarena.

Hamaguchi, gainera, Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko bidean ere egongo da, Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy ere aurkeztuko baitu, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Bereziaren irabazlea.

Céline Sciamma (Tomboy, Portrait de la jeune fille en feu) Perlak sailera itzuliko da bi neskatoren adiskidetasuna kontatzen duen Petite Maman lanarekin, eta azken urteotan Sail Ofizialean parte hartu duten eta euren lan berriak Cannesen erakutsi dituzten hiru zuzendari ere lehiatuko dira: Joachim Lafosse (Les intranquilles), François Ozon Urrezko Maskorraren irabazlea (Tout s'est bien passé) eta Louis Garrel (La Croisade).

Shipei Wen txinatar zinemagileak Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight? thrillerra  erakutsiko du Perlak sailean, eta Sean Bakerrek (The Florida Project) Red Rocket aurkeztuko du.

Izen handien zerrenda luxuzkoarekin jarraitzeko, Paul Verhoevenek Benedetta eramango du Donostiara, eta Jane par Charlotte Charlotte Gainsbourg aktore eta abeslariaren dokumentala ere egongo da ikusgai, zuzendu duen lehen lana. Lanean, Gainsourgek Jane Birkin amaren deskribapen bat egiten du, irudi ezezagun, argazki eta elkarrizketak uztartuz.

Azkenik, Emmanuel Carrère idazle ezagunak fikziozko bere bigarren filma aurkeztuko du, Ouistreham / Between Two Worlds, eta Xavier Giannolik Les illusions perdues.