Itxi

Zinemaldia 2024

69. edizioa

Hamar film lehiatuko dira Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean

N. V. | EITB Media

Latinoamerikako filmak erakusten dituen atal horretarako hautatu dituzten filmen erdiak Donostiako Zinemaldiko 'work in progress' latinoamerikarretik atera dira.

  • "La caja" filmeko irudi bat

    "La caja" filma aurkeztuko du Lorenzo Vigas zinemagileak

Argentina, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Mexiko, Suitza, Uruguai eta Venezuelako zinemagileek zuzendutako hamar film erakutsiko ditu Horizontes Latinos Donostiako Zinemaldiaren sailak irailaren 17tik 25era, jaialdiaren 69. edizioan.

Film horietatik hiru zinemagileen lehen lanak izango dira, eta beste edizio batzuetan sail horretan izan diren hainbat errealizadore ere itzuliko dira, hala nola Paz Fábrega, Alonso Ruizpalacios eta Lorenzo Vigas.

Iván Fundek bikote ezkondu baten dolua erakutsiko du Piedra noche filmean, Maximiliano Schonfeld zinemagile argentinarrak saila irekiko du Jesús López filmarekin eta Manuel Nieto Zas uruguaitarrak itxiko du El empleado y el patrón lanarekin.

Madiano Marcheti zuzendari brasildarra Madalena pelikularekin lehiatuko da, Paz Fabrega costarricarra Aurora lanarekin, 2010ean ere Agua fría de mar-ekin lehiatu eta gero, eta Lorenzo Vigas venezuelarra La caja filmarekin.

Alonso Ruizpalacios mexikarrak Horizontes saria irabazi zuen bere lehen filmarekin (Güeros, 2014), eta Una película de polícias filmarekin itzuliko da. Andreas Fontana zuzendari suitzarrak Azor Argentinako diktaduran girotutako pelikula ekarriko du Donostiara, Tatiana Huezo zuzendari mexikarrak Noche de fuego eta Simon Mesa Sotok Amparo bere lehen film luzea.

Horizontes Latinos saileko filmak Espainiako Estatuan eman gabeak izaten dira, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak, jatorri latinoko zinemagileek zuzenduak edota marka edo gai gisa komunitate latinoak dituztenak.

Saria 35.000 eurokoa da, zuzendariarentzat eta filma Espainiako Estatuan merkaturatzeko ardura duen banatzailearentzat.