Itxi

Zinemaldia 2024

69. edizioa

Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic eta Claire Simon, Zinemaldiaren Sail Ofizialean

N. V. | EITB Media

Donostiako zinema jaialdiaren 69. edizioko sariak irabazteko lehian izango diren bederatzi pelikula iragarri dituzte antolatzaileek.

  • "Earwig" Lucile Hadzihalilovic

    "Earwig" aurkeztuko du Lucile Hadzihalilovic frantses zinemagileak

Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic, Claudia Llosa eta Claire Simon izango dira Donostiako Zinemaldiko 69. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko direnetako batzuk.

Gainera, irailaren 17tik 25era bitartean egingo den jaialdian, Alina Grigorek, Zhang Jik eta Tea Lindeburgek lehenbiziko filmak aurkeztuko dituzte, eta Ines Barrionuevok laugarren lana erakutsiko du.

Laurent Cantetek Zinemaldiko New Directors Saria eskuratu zuen Ressources humaines (1999) filmarekin, eta, harrezkero, hainbatetan parte hartu du Perlak sailean. Gainera, Entre les murs (2008) lanarekin Urrezko Palma eskuratu zuen Cannesen.

Terence Daviesi atzerabegirakoa eskaini zion Zinemaldiak 2008ko edizioan, eta hirugarren aldiz arituko da Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian; aurretik, The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) filmekin parte hartu zuen.

Lucile Hadzihalilovicek ere New Directors Saria eskuratu zuen Innocence (2004) estreinako filmarekin. Evolution (2015) bere bigarren film luzearekin Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta oraingoan Earwig aurkeztuko du, Brian Catling idazlearen eleberriaren egokitzapena.

Claudia Llosa lehenbizikoz lehiatuko da Sail Ofizialean, Distancia de rescate / Fever Dream lanarekin. Aurretik, Berlingo Zinema Jaialdiko Urrezko Hartza irabazi zuen La teta asustada (2009) filmarekin.

Claire Simonek Vous ne désirez que moi / I Want to Talk about Duras lana aurkeztuko du, Michèle Manceaux kazetariak Yann Andrea Marguerite Duras idazlearen azken urteetako maitalearekin izandako elkarrizketa bat.

Bestalde, Ines Barrionuevok Camila saldrá esta noche bere laugarren film luzearekin parte hartuko du lehiaketan, eta beren lehen filma aurkeztuko dute Alina Grigore aktore eta gidoigile errumaniarrak (Crai nou / Blue Moon), Zhang Jik (Ping Yuan Shang De Mo Xi / Fire on the Plain) eta Tea Lindeburgek (Du som er i himlen / As in Heaven).