Itxi

Zinemaldia 2024

Atzerabegirakoa 

Donostiako Zinemaldiak 50eko eta 60ko hamarkadetako hegokorear filmak erakutsiko ditu

N. V. | EITB Media

69. edizioko atzera begirako zikloetako bat korear zinemaren "urrezko aroari" eskainiko diote.

  • "Flower in hell" pelikulako fotograma bat

    "Flower in hell" da ikusgai egongo den pelikuletako bat

Donostia Zinemaldiak Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoa eskainiko du 69. edizioan. 50eko eta 60ko hamarkadetako hamar film erakutsiko ditu pandemia dela eta iaz bertan behera gelditu zen zikloak, eta liburu monografiko bat ere landuko da.

Hego Koreakoa zinema garaikideko erreferente bihurtu da, baina zinematografia hartako historia ezezagun samarra da oraindik. 90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen, oro har.

Zikloak bere gain hartuko duen garaian, publiko handiak eskatzen zuen zinema popularra ekoizteko gai izan zen industria zinematografiko bat garatu zen Hego Korean.

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk daude: Hanyeo / The Housemaid (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Ji-okhwa / The Flower in Hell (1958) eta Obaltan / Aimless Bullet (1961); eta Gwiro / Homebound (1967), Angae / Mist (1967) eta Hyu-il / A Day Off (1968) melodrama klasikoak.

Beste genero batzuetako filmak ere izango dira, hala nola film noir-eko Geom-eun meori / Black Hair (1964), Ma-ui gyedan / The Devil's Stairway (1964) thrillerra eta Maenbal-ui cheongchun / The Barefooted Young (1964), gazteentzako filma. 

Gainera, irailaren 10etik 30era bitartean, Koreako Kultur Festibala izango da Donostian; besteak beste, ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak eta jardunaldi gastronomikoak egongo dira.