Zinemaldia 2024
Lurra Saria
Esnalen 'Urtzen' saritu du Greenpeacek, uraren garrantziaz hausnartzeagatik
Agentzia | Erredakzioa
Telmo Esnal zuzendariak hartu du Lurra Saria. Gizakiak urarekin daukan harremana berreskuratzeaz eta gure ekosistemaren errespetuaz ari da pelikula.
Telmo Esnalek zuzendutako Urtzen pelikulari, Donostiako Zinemaldiaren Zinemira sailean aurkeztua, Lurra Saria eman dio Greenpeacek. Nerea Barros aktoreak eman dio saria lantaldeari.
Greenpeacek azaldu duenez, epaimahaiak Urtzen saritu du uraren inguruan egindako hausnarketagatik, planetako biziarentzat eta gizakientzat oinarrizko elementu bezala.
Seigarren urtez eman du sari hau Greenpeacek. Erakundearen oinarrietan dauden ingurumenaren eta bakearen baloreak hobekien islatzen dituen pelikula saritzen du urtero. Gainera, Zarauzko zuzendariak saria eskuratzen duen bigarren aldia da. Aurrekoa 2018an izan zen, Dantza filmearekin.
Epaimahaia Nerea Barros aktoreak (Made in Spain sailean La isla de las mentiras pelikula aurkeztu du), Ana Amigo ekoizleak (El juego del ahorcado, Desconectados), Gregorio Belinchon El Pais-eko kazetariak eta Cristina Castro Greenpeceko komunikazio arduradunak osatu dute. Esan dutenez, urarekin daukan harremana berreskuratzearen garrantzia eta gure ekosistemaren errespetua azpimarratzen ditu pelikulak.
Saria Marina Anaya artistak diseinatu du. Ilargia eta paneta baten orbita irudikatu du.