Zinemaldia 2024
New Directors
David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"
Natxo Velez | eitb.eus
Bizkaitar zuzendariak bi lan ekarri ditu besapean Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ediziora: “Ane” bere lehen film luzea eta “Alardea” ETBrentzako telesaila.
-
David Perez Sañudok "Ane" eta "Alardea" aurkeztuko ditu Zinemaldian
David Pérez Sañudo zinemagileak (Bilbo, 1987) bi leiho izan ditu Donostia Zinemaldian bere lanetarako. Batetik, “Ane” filma erakutsi du Sañudok New Directors sailean, zinemagileen lehen edo bigarren film luzea aukeratzen dituen atalean, eta, bestetik, “Alardea” ETBrentzat egin duen telesailaren editatze berezi bat proiektatu dute bart Victoria Eugenia antzokian, EiTB Galan.
2018an film labur gisa pantailaratua, orduan zirriborratutakoak garatu ditu Perez Sañudok “Ane” film luzean, Donostia Zinemaldian oro har publikoaren eta kritikarien oniritzia biltzeko. Ama baten eta horren alabaren (Patricia Lopez Arnaiz eta Jone Laspiur, “Akelarre” filmean ere ikusi genuena) arteko harremanaz dihardu funtsean pelikulak, pertsonon artean zabaltzen diren arrakalez, 2009ko Euskal Herrian kokatuta, gatazka sozialak bor-bor direla: abiadura handiko trena eraikitzeko lanak (ama segurtasun zaindaria da trenaren lanetan eta alaba proiektuaren aurkako ekintzailea), desjabetzeak, kale erasoak, atxiloketa eta kargak…
Absentzia hizpide hartuta, hasi eta buka ikuslearentzako keinu sinbolikoz blaituta ageri den filmari buruz hitz egin digu Perez Sañudok.
Duela bi urte, film labur gisa erakutsi zenuten “Ane”n ageri den istorioa. Tarteko pausoa izan zen?
2018an egin genuen film laburra oso ezberdina zen, baina, esan duzunez, estrategia ona izan zen gure trebetasun profesionalak erakusteko. Film luzearen estiloa latzagoa da, zorrotzagoa.
Mikel Losada eta Patricia Lopez Arnaiz
Sormenerako zer ate ireki dizkizu laburretik luzerako jauziak?
Formatu luzean, gauza pila bat hartu behar dituzu kontuan. Inportanteena da ondo erabakitzea, lantaldearekin batera dena antolatzea eta filmatu aurretik preprodukzio ona egitea. Dudarik gabe, esperientzia zaila izan da.
2009ko Euskal Herrian kokatu duzue istorioa, indarkeria eta liskar giroa agerikoa den testuinguru batean (AHTaren aurkako borroka, atxiloketak, kargak…). Zergatik aukeratu duzue giro hori inkomunikazioari buruzko filma girotzeko?
Oso interesgarria iruditu zitzaidan, ingeniaritza zibileko lanak oso metaforikoak direla uste dut. Adibidez, errepideko edo trenbideko lanek bi puntu lotzen dituzte, hori izaten dute helburu, baina, aldi berean, bi espazio bereizten dituzte.
“Ane”ren kasuan, istorioa fikziozko auzo batean gertatzen da. Baina AHTaren aitzakiarekin, komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu.
Patricia Lopez Arnaiz
Patricia Lopez Arnaiz eta Jone Laspiur dira filmaren protagonista nagusiak pelikulan. Zer azpimarratuko zenuke bi aktoreok egin duten lanaz?
Castinga bukatu eta Jone Laspiur ikusi nuenean, oso argi izan nuen Ane berak gorpuztuko zuela, Ane zen. Eta ziur nago datorren urtean lanez gainezka egongo dela.
Patricia famatua da, esperientzia handia dauka eta nahasketa horrek proiektuari lagundu dio. Azkarrak dira biak, eta inportanteena, pertsona onak dira.
Sinbolo eta arrasto ugari aurkituko ditu ikusleak filmak aurrera egin ahala. Zer-nolako ikuslea izan duzue buruan gidoia idazteko orduan?
Ikuslea errespetuz hartu nahi izan dugu hasieratik, alde sinbolikoari zein distantzia formalari dagokienez. Elementuen kokapena, erabilera, erabili dituenaren aztarna... Denak dira proposamenaren parte.
Filmak komunikazioari buruz hitz egiten du, isiltasunari buruz, hutsuneei buruz... Horrelakoetan antzematen da elementuen aztarna. Hori ez da analogikoki bakarrik gertatzen, digitalean ere ematen da, eta horrek Anek egiten duen guztian murgiltzeko aukera ematen digu.
Nola hartu duzue “Ane” New Directors sailean egotea?? Zinemaldiak filmari zer eman diezaiokeela uste duzu?
Esango nuke Donostiako Zinemaldia munduko lekurik onena dela pelikula hau proiektatzeko. Kalitatezko etiketa eransten dio proiektuari.
“Ane”z gain, “Alardea” telesaila ere aurkeztuko duzu Zinemaldian, EiTB Galan. Zer konta diezagukezu telesailaz?
Esperientzia oso ezberdinak dira, nire lehenengo aldia izan da telesailen munduan eta “Alardea” telesaila enkargua izan da. Istorio oso feminista aurkitu nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Hala ere, esan dudanez, prozesua oso ezberdina da: alde batetik, zuzendariaren lana oso erlatiboa da. Telebista-kateak ezartzen du muntaiaren erritmoa, eta ia-ia dena erabakitzen du. Kontuan hartu behar duzu ez dela zure proiektua.
Orain, proiektu ezberdin bat egitea gustatuko litzaidake. Erasmus belaunaldiari buruzko gidoia idazten ari naiz, Marina Paresekin batera.