Zinemaldia 2024
IRAILAK 24
Viggo Mortensenek gaur jasoko du Zinemaldiaren Donostia Saria
EITB.EUS
Gainera, EiTBren parte-hartzearekin egin duten "Hil Kanpaiak" Imanol Rayo nafarraren filma estreinatuko da, eta Pablo Ibar presoari buruzko dokumentalaren emanaldia ere izango da.
-
Viggo Mortensen Donostian da jada. Argazkia: EFE
Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak jasoko du Donostia saria Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak Falling filma aurkeztuko du, lehen lana zuzendari gisa. Horrez gain, Hil Kanpaiak filma ikusi ahalko da lehenengoz; Imanol Rayo zuzendari nafarraren bigarren lana, Eneko Sagardoy durangarra du protagonista eta EiTBk babestutako filma da.
68. Zinemaldiak bere bidearen erdia egin du jada, eta gaur Donostia sariaren txanda iritsi da. 18:00etan hasiko da sari-ematea gala Kursaalen jauregian. Witness pelikulan lehen aldiz agertu eta gero, hirurogei fimetan baino gehiagotan parte hartu du Viggo Mortensen-ek (Watertown, New York. 1958), tartean, Carlito’s Way, The Lord of the Rings trilogian, A History of Violence, Zinemaldia inauguratu zuen Eastern Promises, Captain Fantastic edo Green Book filmetan, besteak beste. Azken hiru lan hauengatik Aktore Onenaren Oscar saria jasotzeko izendatu zuten.
Falling Sundance jaialdian estreinatu zen. Lance Henriksen eta Mortensen bera dira filmeko protagonistak, eta aita-semeak dira bertan.
Hil Kanpaiak eta Pablo Ibarri buruzko lana
Donostia sariaz gain, badira bestelako kontuak gaur Zinemaldian, esaterako, EiTBk babestutako Hil Kanpaiak pelikularen estreinaldia. Goya sariaren irabazlea den Eneko Sagardoy du protagonista, eta euskaraz grabatuta dago. Itziar Ituño eta Yon Gonzalez aktoreek ere paper garrantzitsua dute film horretan, eta Kandido Uranga, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu, Josean Bengoetxea, Dorleta Urretabizkaia eta Itsaso Arana aktoreak ere ikusiko ditugu bertan.
Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan egin ziren grabaketak aurreko udazkenean, eta muntatze lanak, berriz, konfinamendu garaian egin dira. Miren Gorrotxategiren 33 izkin eleberrian oinarritutako lana da, eta Joanes Urkixo arduratu da gidoia egokitzeaz. Garizmendi baserriko Fermin baratzean lanean ari dela, garezur bat aurkituko du. Harrituta, Nestor semeari kontatuko dio, eta honek, berriz, Ertzaintzari emango dio abisua. Heltzen direnerako, baina, ez dute garezurrik aurkituko.
Bestalde, lehiaketaz kanpo, baina Zinemiraren baitan, El estado contra Pablo Ibar dokumentala ikusi ahalko da. Olmo Figueredok sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da, Pablo Ibar presoaren gorabeherak kontatzen dituena.