Itxi

Zinemaldia 2024

''918 gau''

"Ezkutuan dauden espazio eta bizipenak irudietara ekartzea izan da nire obsesioa"

Natxo Velez | eitb.eus

Arantza Santesteban iruindar zinemagileak “918 gau” amaierako fasean dagoen pelikula aurkeztuko die profesionalei Zinemaldiko WIP Europa sailean.

  • Arantza Santesteban

    Arantza Santesteban, "918 gau" pelikularen zuzendaria

Egindako pelikulek ez ezik, egiten eta egiteko daudenek ere tokia izaten dute zinema jaialdietan, zinemagintzan diharduten eragile guztien arteko topagunea direnez gero. Donostiako Zinemaldian, esaterako, WIP Europa atalak postprodukzio fasean dauden film aukeratu zenbait aurkezten dizkie produktore, banatzaile, salmenta agente eta programatzaileei, filmok amaitzen eta hedatzen lagun dezaten.

Hain zuzen ere, Donostiako zinema jaialdiaren atal honetan aurkeztuko du Arantza Santesteban historialari, zinemagile eta ikus-entzunezkoen ikertzaileak (Iruñea, 1979) “918 gau”, legez kanpokotzat jotako alderdi politiko batean jarduteagatik terrorismoa egotzita Santestebanek kartzelan igarotako gauak lengoaia zinematografiko esperimentalaren iragazkitik pasatuta erakusten dituen lana.

Santestebanekin mintzatu gara, proiektuaz gehiago jakiteko.

Postprodukzio fasean dago “918 gau” zure lana. Prozesuaren zein puntutan da zehatz-mehatz?

Une honetan, pelikula amaierako fasean dago. Zaila da zehatz-mehatz zein unetan dagoen jakitea; izan ere, pelikula bat egiteko denborak ezberdinak dira beti, proiektu bakoitzean, eta oraindik ez dakit guztiz amaieraren zein unetan nagoen. Edozelan ere, oraindik falta zaizkit gauza gutxi batzuk filmatzeko, soinua hobetzeko, grafika egiteko, musika… Lana geratzen da oraindik.

Arantza Santesteban, "918 gau" filmatzen

Eta zer aurkituko dute zure filma Donostian ikusiko duten produktore, banatzaile eta programatzaileek?

Pelikularen emanaldira bertaratuko diren profesionalek, esan bezala, amaitu gabeko film bat aurkituko dute; halere, nahikoa lagina badago filmaren nondik norakoak argi sumatzeko. Pelikularen funtsa hor dago: zirriborro bati dagozkion inperfekzio guztiekin, pelikula nolakoa izango den ikusi ahalko dute.

Egile bezala, zaila da zuk buruan daukazuna guztiz ez den zerbait, behin-behineko sormen lan bat, erakustea?

Badu zerbait deserosoa amaitu gabeko lan bat erakusteak, bai. Sormen prozesuan, inoiz ez duzu ziurtasun biribilik egiten ari zaren urratsekin; une horretan zaudelarik lana profesionalen aurrean erakusteak posizio zaurgarrian jarri ahal zaitu.

Edozein kasutan, zinema jaialdiek gero eta work in progress sekzio gehiago dituzte, eta bertara joaten diren profesionalek badakite ikusten ari direna ez dela amaituta dagoen film bat, baizik eta sormen prozesuaren azken fasean dagoen lan bat. Alde horretatik, nahiko lasai nago.

Noiz edo nola saihesten da hainbeste urtean buruan izan duzun ideiari buelta gehiago emateko tentazioa? Noizko bukatu nahiko zenuke filma?

Filma aurten amaitzea da nire asmoa, ez nuke gehiago luzatu nahi. Buruan baditut beste proiektu eta zeregin batzuk, eta horiei heldu aurretik filma amaitu nahiko nuke.

Baina, esaten duzun bezala, zaila da amaiera bat jartzea. Film honen kasuan, asko luzatzeak proiektuari kalte egiten diola sentitu izan dut beti: denbora pasatu da filmean kontatzen dudana gertatu zenetik, eta nolabait une batean sortutako pultsioari amaiera jartzeko beharra dut.

Edozein kasutan, ni ez naiz zineman modu profesionalean jarduten, azken urteetan lanean ibili naiz kultur kudeaketan eta lan handia izan da dena uztartzea. Badut amaitzeko unea, beraz.

Zer espero duzu Zinemaldian zure lana ikusiko duten industriako ordezkariengandik?

Zerbait zehatza espero baino gehiago, filmak nola arnasten duen ikustea nahiko nuke. Badu film honek kontakizun bat oso zehatza, Euskal Herrian bizi izan dugun gatazkaren inguruko ikuspegi propio bat, lengoaia zinematografiko esperimentalaren bidez garatua. Horrek Europako zinema industrian zer harrera izan dezakeen interesatzen zait alde batetik.

Bestalde, zinema ekoizpenaren sisteman zirkuitu batzuk oso egituratuta daude, eta pelikula hauek jaialdietan egiten duten ibilbidea WIP (work in progress) sekzioetan has daiteke gaur egun. Pelikulekiko interesa eta ikusgarritasuna halako sekzioetan indartzen da. Horrez gain, bada sari ekonomiko bat filma amaitu ahal izateko, eta, gauzak dauden moduan, laguntza hori beti da garrantzitsua zinemagileentzat.

Noiz erabaki zenuen duela hamar urteko esperientzia pantailara eraman nahi zenuela?

Duela hiru bat urte sortu zitzaidan pelikula hau egin beharra. Kartzela garaiko gutunak eta dokumentu ezberdinak gordetzen nituen kutxa –urteetan ireki ez nuena– zabaltzean, artxibo honek zuen indarraz jabetu nintzen. Kaligrafiak, irudiak, edukiak… Pelikula posible asko ikusi nituen orduan; hortaz, hasi nintzen nire propioa osatzen.

Ordurako, film pare bat eginak nituen eta buruan nuen kezka zen ea non egon zitekeen zinemaren indarra niretzat. Zinemak zertarako balio ote duen pentsatuta, honako galdera nuen buruan garai hartan: Zinemak estereotipoak indartzeko edo estereotipoak zalantzan jartzeko balio al du? Nire kasuan, narrazio politiko nagusien estereotipoak auzitan jarri nahi nituen, eta, horretarako, une horretan presente nuen zinemagintza bide ona izan zitekeela pentsatu nuen.

Alde formalari dagokionez, nola ekarri duzu pantailara berez iruditeriatik at (are gehiago, ezkutuan) gordetzen den toki bat? Zer proposamen bisual egiten du lanak?

Ezkutuan dauden espazioak zein bizipenak irudietara ekartzea izan da nire obsesioa “918 gau” proiektuaren kasuan. Nola kontatu kartzela sistema eta bertako bizimodua ohiko estrategietan erori gabe eta estereotipoa indartu gabe?

Gutun eta irudi artxibo propioa erabili dut alde batetik, eta, bestetik, bidean etorri zaizkidan bestelako irudi batzuk grabatu ditut, nahiko modu intuitiboan. Film hau lan esperimentala da, kartzelako bizimodua eta bide horretan suertatu zaizkidan burutazioak kontatzen ditu.

Zer etorkizun opa eta/edo aurreikusten diozu filmari?

Filma bere neurrian ongi aritzea nahiko nuke. Zinema sisteman bada, nire ustez, handiusteetarako tarte handiegia eta bada mozkortzen denik bere obrarekin. Pelikula hau xumea da bere horretan, zintzoa kontatzen duen horretan. Asko pentsatu dut filma, asko kostatu zait egitea, eta niretzat onena bere mailan, bere neurrian, ongi funtzionatzea izango litzateke. Ez dut pretentsio handiegirik, ez eta txikiegirik ere. Pelikula zintzoa da, eta bere zintzotasunean funtzionatzea nahiko nuke.

2017an, “Euritan” Irati Gorostidirekin batera egindako film laburra ere Zinemaldian izan zen. Nola bizi izan duzu Zinemaldia, barrutik zein kanpotik?

Zinemaldia sekulako aukera da bertoko zinemagileentzat. Ni oso zainduta sentitu naiz beti jaialdi honetan, eta oso gertukoa izan dut honekiko harremana. Ikusle bezala asko gozatu dut, eta zinemagile bezala sekzio ezberdinetan lan egiten duen jendearekin izan dudan harremana ederra izan da.

Irailak badu zerbait berezia: uda amaiera izateaz gain, Zinemaldia galdu ezinezko zita bihurtzen da.