Zinemaldia 2024
'Crock of Gold'
Deppek ez du Trumpi buruzko pelikula bat egin nahi: "Beldurrezko komedia bat da"
Agentzia | Erredakzioa
Johnny Deppek ekoiztutako 'Crock of gold' dokumentala aurkeztu du Zinemaldiko Sail ofizialean, The Pogueseko abeslari Shane MacGowani buruzkoa.
Johnny Depp aktore estatubatuarrak Donostian esan duenez, Estatu Batuetako presidenteak barrea eragiten dio: "Trump ikusten dut eta barre egiten dut, komedia ona da, beldurrezko komedia bat".
Aktore estatubatuarrak Crock of gold dokumentala aurkeztu du Donostiako Zinemaldian. Deppek ekoiztutako eta Julen Templek zuzendutako filma Shane MacGowan The Pogues musika taldearen abeslaria erakusten du.
Prentsaurrekoan kazetariek galdetu diotenean esan duenez, AEBetako politika ez zaio asko interesatzen.
Trumpi buruz, zera gehitu du: “Imajinatzen dut komunera bakarrik joateko gai dela, baina ez dut gauza horietan gehiegi pentsatzen. Umore zentzu ikaragarria izan behar du”.
'Crock of gold: A few rounds with Shane MacGowan'
Sail ofizialean lehiatzen ari den dokumentalari buruz, ekoizleak azaldu du abeslari irlandarra orain dela 35 urte ezagutu zuela. "Bere lengoaiak eta abeslari indartsu eta zirraragarriak sortzeko gaitasunak liluratu" zuten. Esan duenez, bere irainak "opariak bezalakoak dira, soilik iraintzen zaituelako maite zaituenean".
"Dublinen ezagutu nuenean, esku batean pinta bat eta bestean gitarra akustiko bat zuen, eta lanak zituen oreka mantentzeko. 15 minutuz zutik jarraitu zuen. Lurrera erori baino 15 minutu lehenago aurkeztu zidaten", gogoratu du.
Julen Temple zuzendariak azpimarratu duenez, muntaia oso garrantzitsua da pelikulan, baita inoiz ikusi gabeko grabazioak ere. "Shane pertsonaia bezala sentitzea lortzen dute", azaldu du. Izan ere, The Pogueseko abeslariak ez zuen ohiko elkarrizketarik egin nahi.
Donostian 20 urte geroago
Deppek Euskal Herriko "oso oroitzapen onak" ditu, eta txakolinarekin "obsesionatuta" dago. Zinemaldira itzultzearekin “oso pozik” agertu da, "benetakoa delako eta errotuta dagoelako".
Bere ustez, "zinemarekin eta pelikulekin zerikusia duen" jaialdia da, "zati zentzugabe eta sentsazionalistarekin" baino.