Itxi

Zinemaldia 2024

Inaugurazioa

Pelikulak ikustea posible egingo duen "distantzia" omenduz ireki dute Zinemaldia

Mikel Domínguez | eitb.eus

Pandemia garaian arte eszenikoek eta zinemak berak behar duten bultzada izan da Donostiako Zinemaldiaren irekiera ekitaldia.

7:53
Hasiera ekitaldia. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Hemen da segurtasun distantziaren, musukoen eta muturreko garbiketaren Zinemaldia. Hasi da Donostiako zinema jaialdia, hain zuzen ere, distantziaren ideia berriari buruzko hausnarketa batekin. Izan ere, distantzia horri esker pelikulak ikusi ahal izango dira Donostian, irailaren bukaeran ohikoa izaten denez.

Hasiera ekitaldia baldintzatu du distantziak, publikoaren arekoak zein Kursaalean izan diren aurkezleen artekoak. Agertokian izan dira Cayetana Guillen Cuervo, Eneko Sagardoy, Miren Gaztañaga eta Inma Cuevas.

Distantziak "urruntzen" eta "banatzen" gaitu, baina "salbatzailea" ere bada. Galaren gidoiaren atzean egon den Harkaitz Cano idazleak aldarrikatu duenez, ‘distantzia’ hitzak espero ez genuen zentzua hartu du. Zein da film bat ikusteko distantzia onena?

Kukai konpainiaren dantza, Jon Maya koreografoaren zuzendaritzapean, eta Luis Maria Moreno Urretabizcaya, Piratak zuzendutako bost musikariren talde bat gau osoan izan dira presente. Izan ere, momentu honetan, zinemaz gain, kultur mundu osoa eskatzen ari da paralisitik segurtasunez ateratzea.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta 2020an egin ezin izan den Cannesko jaialdiko zuzendari Thierry Fremauxek elkarrekin eskatu dute "zine aretoetara itzultzea", zinema industriaren alde.

"Zinemaldia ez da soilik pelikulak proiektatzen diren tokia, baizik eta esperentzieak elkarbanatzen diren lekua", eta "pelikula bat ikusteko lekurik onena zine aretoa da", esan du Rebordinosek.

'Rifkin’s Festibal' filmaren estreinaldia

Epaimahaia eta jaialdiko atal guztiak aurkezteko momentua izan da ekitaldia, baita Woody Allenek Donostian filmatutako Rifkin's Festival lana aurkeztekoa ere.

Zuzendari estatubatuarrak mezu bat bidali du, ezin izan delako Kursaalera etorri, eta Donostia eta Zinemaldia "txundigarriak" direla esan du. Esan duenez, pelikula berari Gipuzkoako hiriburuan filmatzea gustatu zitzaion bezainbeste gustatzea espero du. "Pandemia bukatzen denean" berriz Donostia bisitatu nahi du.

Gina Gershon eta Elena Anaya aktoreak eta Jaume Roures ekoizleak Kursaalean izan dira. Rouresek zorionak eman dizkio Zinemaldiari "pandemiaren aurrean eusteagatik eta erakusteagatik zinema eta kultura birusaren kontrako armarik onena direla, osasun langileen ostean". Anayak esan duenez, "zinea leku segurua da, denok behar dugu eta zineak behar gaitu".