Itxi

Zinemaldia 2024

Sail Ofiziala

"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"

Natxo Velez | eitb.eus

Argentinar zuzendariak Sail Ofizialean erakutsi du “Akelarre”, XVII. mendeko emakumeen errepresiora euskaraz eta gaztelaniaz gerturatzen den pelikula, Euskal Herrian filmatutakoa.

  • Pablo Agüero

    Pablo Agüero zuzendaria, "Akelarre" filmatzen

La Sorcière Jules Michelet (1798-1874) frantses historialariaren saioa irakurtzeak Pablo Agüero (Mendoza, Argentina, 1977) zuzendariaren jakin-mina piztu zuen 2008an.

Gaur, hamabi urte eta egun batzuk geroago, Agüero Zinemaldira bueltan da, Donostiako jaialdiaren Sail Ofizialean Akelarre bere seigarren film luzea aurkezteko. XVII. mendean independentzia eta askatasun gosez bizi ziren emakumeen historia beste alde batetik kontatzeko “gerrillako filma” da, emakume horiek memoriatik ezabatzeko asmoz “sorgin” ezatseginaren irudiz jantzi dituen herentzia inkisitorial eta misoginoari itzuri egiten diona.

Euskal Herrian filmatuta dago Akelarre, euskara eta gaztelania tartekatuta, proposamen tekniko eta estetiko dotorea du (Javier Agirre argazki-zuzendaria eta Mikel Serrano zuzendari artistikoa izan ditu lagun Agüerok) eta kontagai du Rostegui epaileak (Alex Brendemühl), Pierre de Lancre garai hartako frantses funtzionarioaren bizitzan dago oinarrituta, sei emakumeren aurka gidatzen duen jazarpen doilorra.

Amaia Aberasturi bizkaitar aktorea (Artea, 1997) ageri da sei emakume protagonistak gorpuztu ez ezik beroriei bizitza, ahotsa, musika eta argia ere ematen dien taldearen buru, eta zeregin horretan lagun ditu Yune Nogueiras, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Lorea Ibarra eta Jone Laspiur (aurkikuntza nabarmena, bai paper horretan baita “Ane” Zinemaldian erakutsiko den beste filmean sinesgarriro jokatzen duen protagonistarenean ere).

"Akelarre". Argazkia: David Herranz.

Agüerorekin mintzatu gara, berriz ere Urrezko Maskorrerako lehian jarri duen pelikula honi buruz.

La Sorcière liburuak piztu zuen “Akelarre” egiteko sua. Zer har esnatu zuen irakurketa horrek?

 “Sorgina” botere monarkiko, patriarkal eta klerikalak jazarritako emakume errebelde gisa ikustea izan zen errebelazio nagusia. Ikuspegi iraultzailea zen XIX. mendean, Micheleten liburua hainbat urtez debekatu zuten horregatik, baina XXI. mende betean iraultzailea da oraindik.

Liburu horrek gidatu ninduen klixe guztien aurkako bidean. Kako formako sudurra duen emakume petrikilo gisa erakutsi digute “sorgina”. Egiatan, baina, Euskal Herrian zigortutako emakume gehienak gazteak eta ederrak ziren eta ez zuten edaberik prestatzen.

Beraien edertasun eta askatasunak gizon boteretsuen libidoa pizten zuela eta horrek asaldatu egiten zituela estaltzeko deskribatu izan dituzte emakume hauek atso itsusi gisa. Herri kultura laidoztatzeko eta abortua eta antisorgailuak (hala moduz, baina egon bazeuden) kondenatzeko egozten diete deabruarekiko lotura. Arabiar eta juduekin nahaspila bat egiteko ezartzen zaie sudur konkorra. Horregatik deitzen diote “sabbat” ustezko akelarreari ere.

2008an irakurri nuenean, Micheleten liburuak nik zineman ordura arte egindakoa biltzen zuen bat-batean (feminitatea, bidegabekeria soziala, errebeldia…), eta hain adierazkortasun handiz egiten zuen, ezen bere itzalak “Akelarre” egiteko hamar urtez borrokatzera bultzatu ninduen.

 “Herri kultura deabrutu”

Zer iturritara jo duzu duela lau mendeko Euskal Herria islatzeko?

Hainbat urteko ikerketa izan da, baina Rostegui de Lancrek sorginkeriaren aurkako epaiketak kontatzen dituen liburua izan nuen iturri nagusi, errealitatearen ikuspegi desitxuratu eta subjektiboa interesatzen zitzaidalako gehien. Herri kultura deabrutu nahi zuten, zentzurik literalenean: ezberdina den oro deabruaren eitekotzat jotzen da, mundua antzoki handitzat ikusten dute eta deabrua bertan irudikatzen dute, paper ugari jokatzen.

Ikusmolde sukartsu horrek beldurretik gertu dagoen estilo batera eraman ninduen, thrilerrera hobe esanda, suspensea eta –gertakari eta elkarrizketek eldarniora jotzen dutenean– umore ukituak uztartuz.

Zer irizpide ezarri zenizkioten zeuen buruari horren unibertso estetiko zaindua sortzeko?

Horrelako pelikuletan egin ohi denaren kontrakoa egin nahi genuen. Jantzien desfileak eta dekoratuetan xahututako diru piloa erakusteko asmoz sortutako eszena deskriptibo aspergarriak saihestu, estetika zimurtu eta gordina... baina, aldi berean, modernoa bilatu.

Guk ez dugu antzinako garai hartan nola bizi omen ziren erakusten duen dokumental bat egin nahi izan (hori, gainera, interpretazio subjektiboa izaten da beti, argazkirik ez dagoenez ez baitago XVII. mendea nolakoa zen erakusten digun artxibo objektiborik).

Protagonistek bizi duten esperientzia bizi nahi dugu, anakronismorik egin gabe baina gaur egun gure ahizpak edo arrebak, alabak zein auzokideak izan zitezkeela sinetsita.

Nola lan egin duzu aktoreekin?

Ia 1.000 hautagaik hartu zuten parte castingean, eta askok hainbat proba egin zituzten, taldean eta bakarka. Ez genuen ezaugarri fisiko jakinik bilatu, baizik eta sentiberatasun handia, fikziozko egoerak benetakoak izango balira bezala bizitzeko eta barne egia hori adierazteko gaitasuna. Hainbat hilabete egon ginen dantza, kantua eta antzezpena lantzen. Prozesu horretan, lagun taldearen batasuna sortzen joan ginen.

"Akelarre". Argazkia: David Herranz

“Star Wars”en azken filmerako baino material gehiago filmatuta

Nolakoa izan da euskaraz eta gaztelaniaz filmatzea? Gustura aritu zara menperatzen ez duzun hizkuntza batean filmatzen, zeina, Rostegui epailearen laguntzailearen hitzetan, “deabruaren eitekoa eta landugabea izateaz gain piztiekin hitz egiteko soilik balio baitu”.

Euskara hizkuntza konplexua da, eta ñabardura eta aldaera asko ditu, epaileak nahiko lukeenaren guztiz kontrakoa!

Hainbat itzulpen egin genituen eta eztabaidagai izan zen zer euskara mota hitz egin behar zen. Azkenik, filmaren izaera ondoen erakusten duen aukeraren alde egin genuen: neskek berengandik, bere errealitate eta emozioetatik, gertuen dagoen euskara hitz egiten dute. Ez da euskararen berreraikitze historikoa, ezpada intimitatea eta freskotasuna darion hizkera. Oso gustura aritu nintzen, sentitu bainuen aktoreek bere egin zutela testua, ez dute deklamatzen, enfasi funsgaberik gabe esaten dute, oso barruan sentitzen dute.

Egia hori erdiesteko, harraldi asko egin genituen, bi kamerarekin. Filmatzen ari ginela ekoizleak apur bat beldurtuta esan zidanez, “Star Wars”en azken filmerako baino material gehiago filmatu genuen.

Izaera “sorgin eta punka”

Musikak pisu handia du istorioan. Zelan aritu zarete Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregirekin (Mursego)?

Mursegoren jarrerak eman zidan arreta lehenengo eta behin, agertokian bakarrik, soinu testuren collageak josten. Zerbait sorgin eta punka du. “Akelarre”ren izaera, hain zuzen ere.

Ikerlan handia egin genuen melodia tradizionalen bila, eta eraldatzen joan ginen gero, bat-batekotasuna emateko, lagun talde batek kantatutako abesti bati dagokion gisan. Aktore taldearekin batera, zenbait bertsio egin genituen deabruarekiko lotura gorenerako eboluzioa adierazteko.

Eszenetarako musika konposatzea beste urrats bat izan zen, hari laukotearekin eta nyckelharpa izeneko tresna oso antzinako batekin. Aranzazu pauso horretan batu zen, orkestraziorako. Dena dela, sotilki, melodia eta harmonia guztiek jatorrizko kantua dute sorburu.

Pelikula “beharrezkoa”

Istorioa 1609an girotuta dago, baina bestelakoa dena mehatxupean hartzeko eta ordena iraul lezakeena zigortzeko ohitura ez da inola ere amaitu. Horregatik idatzi duzu pelikula hau?

Mendeak joan mendeak etorri pentsamendu bakarraren sistema inposatu bazen, bestelako pentsamoldeak indarkeriaz zapaldu bazen, bestela pentsatzen zutenak torturatu, hil eta desagerrarazi bazituzten, ez da harritzekoa uztarri horretatik ateratzeko lanak izatea.

Horregatik iruditu zait beharrezkoa pelikula hau egitea, guretzat hartzen dugun baina inposatu egin diguten pentsamendu sistema baten sorrera erakusten digulako.

"Akelarre". Argazkia: David Herranz.

 “Akelarre”k beste ikuspegi batetik erakusten digu XVII. mendeko emakumeen historia; bertsio ofizialetik, zapaltzaileek eurek idatzitakotik, aldentzen da. Nola laguntzen du zinemak bestelakoa dena, hegemoniatik at dagoena, erakusten?

Zineman, gerran bezala, aldeak daude. XX. mende hasieratik, Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek zinema mundua mendean hartzeko arma gisa erabiltzea erabaki zuten. Ez da nire interpretazioa, herrialde horiek beretzat hartu zuten politika baizik.

Mendebaldeko mundua Hollywoodek hezi du, pentsamendu hegemoniko batean. Zuzendari handi batzuk (gehienak europar etorkinak) gizarte konpromiso handiagoa zuen mundu ikuskera erakusten hasi zirenean, errepresio bortitza pairatu zuten. Hain zuzen, 1950eko hamarkadan “sorgin ehiza” deitu zioten horri, oso modu egokian!

Gaur egun, autore zinemaren funtsezko helburu bat kontrabotere errebelde bat eraikitzea da, beste mundu ikuskera bat erakutsi. Eta erronka zera da, mende batez aldez eta moldez derrigor erakutsi dizkiguten pelikula horiekin alderatuta oso bestelakoa izanda, ikusleak dibertitzea, izutzea, hunkitzea…

Independentea edo autore zinema? Gerrilla armada erregularraren aurka.

 “Pertsona zapalduen bizitza thrillerra da”

Alde sakon eta gogoetatsu horren barruan, pelikula thrillerra da. Nola uztartu dituzu pelikularen alde ideologikoena eta alde dinamiko eta dramaturgikoena?

Egia esan, pertsona zapalduen eta jazarrien bizitza thriller bat da. Neska hauen kasuan, ez dute egotzi dieten krimena egin; areago, ez dakite ia ezer horri buruz. Krimenik egon ere ez dago! Mila handiz handiagoa den indar bati egin behar diote aurka.

Epaileak botere absolutua du: armen boterea eta bere kultura eta erretorikaren boterea. Neskak askoz gazteagoak eta inozoagoak dira, ez dute ez indar fisikorik ezta prestakuntza intelektualik ere. Nola irabaz dezakete borroka hori bizirik erre ez ditzaten? Suspensearen osagai guztiak beren benetako istorioaren barruan daude. 

Hirugarrenez hartuko duzu parte Donostiako Zinemaldian, bigarrenez Sail Ofizialean. Zer oroitzapen dituzu Donostiako zure aurreko bisiten inguruan? Zer espero duzu pelikulak Zinemaldian egingo duen bideaz?

Atzo izan balitz bezala daukat gogoan, Kursaal mukuru beteta, publikoa zutik txaloka minutu askoan eta Daniel Fanego aktore zahar eta gogorra, gizon zangarra, umea balitz bezala negarrez. Inoiz izan dudan saririk handiena da.

Pelikula berri honetan publikoarekin harreman handiagoa izaten saiatu naiz. Dagoeneko ez zait interesgarria iruditzen “zuzendari ona” izatea eta “plano ederrak” lortzea, ikusleek esperientzia handia bizitzea baizik. Nire ametsik handiena da “Akelarre”k nirea izateari uztea. Jendeak beretzat hartzea gustatuko litzaidake, bertan bere istorioa ikustea, bere interpretazioak egitea, bere borroketarako eta bere emozioak bizitzeko tresna gisa erabiltzea.