Itxi

Zinemaldia 2024

68. edizioa

Zinemaldiak ziklo bat eskainiko dio 50eko eta 60ko hamarkadetako korear zinemari

eitb.eus

Donostiako jaialdiaren atzera begirako zikloetako batek Hego Koreako zinemaren urrezko aroa erakutsiko du, hogei film baino gehiagoko lagin baten bidez.

  • "Housemaid" (1960), Kim Ki-young

    "Housemaid" (1960), Kim Ki-youngena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartu dute.

Donostia Zinemaldiak Hego Koreako zinemaren urrezko aroari buruzko atzera begirako ziklo bat eskainiko du. 50eko eta 60ko hamarkadetako hogei film baino gehiago izango dira ikusgai Gipuzkoako hiriburuko zinema jaialdian irailaren 18tik 26ra.

Azken urteotan, Parasite filmaren lau Oscar sariek bikain erakusten dutenez, Hego Koreako zinema garaikidea erreferente argia bihurtu da, baina, Zinemalditik diotenez, zinematografia haren historiak ezezagun samarra izaten jarraitzen du mendebaldarrentzat.

Hori dela eta, Koreako “urrezko aroan” ardaztuta egongo da zikloa, orduan zinema popularra ekoizteko gai izan zen industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, gerraren ondoren herrialde hartako egoera ekonomiko estua eta Park Chung-hee-ren diktadura militarraren kontrola gorabehera.

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk ditugu: The Housemaid (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Flower in Hell (1958) eta Aimless Bullet (1960); A Female Boss (1959) komedia erromantikoa; Romance Papa (1960) zinema familiarraren klasiko atsegina; The Daughters of Kim’s Pharmacy (1960) eta Homebound (1967) melodramak; edota The Coachman (1961), Berlineko zinema-jaialdian Epaimahaiaren Saria irabazi zuena eta, horrenbestez, nazioarteko zinema-jaialdi batean sari bat irabazi zuen Hego Koreako lehenengo filma.

Atzera begirakoak Hego Koreako zinemak zuzendari gisa izan zituen lehenengo bi emakumeen lana ere berreskuratuko du: Park Nam-ok (The Widow, 1955) eta Hong Eun-won (A Woman Judge, 1962).

Halaber, Hego Korean ekoitzitako animaziozko lehen film luzea ere erakutsiko da zikloan: A Story of Hong Gil-dong (1967).