Zinemaldia 2024
Euskal Zinemaren Gala
Euskal zinemak bere burua omendu du Zinemaldian
eitb.eus
Euskal Zinemaren Galan, "Agur Etxebeste" filma estreinatu, eta Txepe Lara ekoizlea omendu dute Victoria Eugenia antzokian.
-
Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileen eskuetatik jaso du Larak Zinemira saria. Argazkia: Efe.
Zinemaldian urtero izaten duen hitzorduarekin leial, euskal zinemak bere gala ospatu du Victoria Eugenia Donostiako antzokian, eta, ospakizun horretan, Txepe Lara ekoizleak (“Justino, un asesino de la tercera edad”, “Pecata minuta”, “Aupa Etxebeste!”, “A ciegas”…) Zinemira saria jaso du bere ibilbide osoaren omenez.
Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek eman diote saria Larari, eta, ibilbide osoan zehar eskaini dien laguntzarekin esker onez, esan dute berebiziko eragilea izan dela gaur egun euskarazko zinema egoteko, “ezinbesteko bultzada” eman baitio, Altunaren hitzetan.
Txepe Larak, lazo horia eta etxegabetzeen aurkako elastikoa soinean, urte hauetan guztietan inguruan izan dituen lankideei eskerra emanez abiatu du hitzaldi oso politikoa, besteak beste Kataluniako politikari espetxeratuak eta euskal presoen senideak aipagai izan dituena.
Larak, hunkituta, bere bizitzaren errepasoa egin du, Alemanian ofizioa ikasten egin zituen urteetatik hasita, eta teknikari gisa lanean hasi zenetik zinemagintzan egindako bideaz harro agertu da, txalo artean.
"Agur Etxebeste"
Jarraian, Altuna eta Esnal agertokira irten dira berriz, galan estreinatu aurretik, “Agur Etxebeste” beren azken pelikula aurkezteko. Elkarrizketa batean esan ziguten bezala, 14 urte geroago etxebestetarren bigarren filma egin ahal izatea “opari handia” izan dela adierazi dute.
"Agur Etxebeste"ko zuzendariak eta hiru protagonistak