Itxi

Zinemaldia 2024

67. edizioa

Belodromoak hiru estreinaldi hartuko ditu Zinemaldian

eitb.eus

Besteak beste, “Sua-Irabazi arte” Realak irabazitako Erreginaren Kopa kontatzen duen dokumentala proiektatuko dute. Gainera, Itziar Ituñok Ramon Labayen saria jasoko du.

  • "Sua - Irabazi arte"

    "Sua - Irabazi arte"k Realaren Kopako garaipena kontatzen du

Lan hauek aurkeztuko dira Antonio Elorza Belodromoan, 2.500etik gora ikuslerentzat lekua duen zinema-aretoan, Donostiako Zinemaldiak iragarri duenez: Vida perfecta Leticia Dolerak sortutako telesail osoa, La gallina Turuleca Víctor Monigote eta Eduardo Gondell zuzendarien animazio filma, eta Sua – Irabazi arte dokumentala, Realak Erreginaren Kopa lortu aurreko asteari buruzkoa.

Gainera, larunbatean, hilak 21, 12:00etan, Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak berak antolatutako kontzertua hartuko du Belodromoak.

Zinemaldiaren arduradunek ohar batean azaldu dutenez, “Sua – Irabazi arte” Aurkene Arizak eta Mikel Fuentesek zuzendutako dokumentala ostiralean, hilak 27, emango dute, 19:30etik aurrera. Lan horretan, Donostiako kluberako historikoa izan zen garaipen horri bide eman zioten gogoa eta giroa jaso dituzte.  

EOSen kontzertua

Larunbatean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua egongo da Belodromoan. Ikuskizunak soinu banden interpretazio sinfonikoa eta musika hori oinarritu zuten eszenen muntaia uztartuko ditu.

Ramon Labayen saria, Itziar Ituñorentzat

Bestalde, Gros auzoko Ulialde elkarteak seigarren urtez banatuko du Ramon Labayen saria, eta aurten Itziar Ituño aktore bizkaitarraren (‘La casa de papel’, ‘Goenkale’, ‘Loreak’…) ibilbidea nabarmenduko du. Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da saria emateko ekitaldia, irailaren 27an, Ulialde elkartetik jakinarazi dutenez.

Sariaren asmoa euskal aktore edo zuzendari bat goraipatzea da, eta aurreko urteetako saridunak izan dira Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde eta Jon Plazaola.