Zinemaldia
Bilbon
Oteizaren eskultura bat eta Zinemaldiko autografoen liburua, enkantean
Erredakzioa
Oteizaren 'Itziar' jarriko dute gaur enkantean eta bihar Nicolasa jatetxea zenak bildutako lau bisita liburua: Woody Allen, Charlton Heston eta Anthony Hopkins izarrek sinatu zuten bertan.
Jorge Oteizaren eskulturetako bat erosteko aukera izango da gaur Bilbon, 90.000 eurotan hasita. Artistak bere emaztearen bustoa oinarri hartuta 1947an sortu zuen Itziar lana da salgai jarriko dutena.
Bihar, ordea, 20 urtean zehar Zinemaldian bildutako 350 autografo jarriko dituzte enkantean. Nicolasa jatetxea zenak bildutako lau bisita liburu dira, eta, bertan 1989tik 2010era bitartean jatetxean izan ziren hainbat zinema izarren autografoak daude.
Woody Allen, Charlton Heston, Anthony Hopkins, John Malkovich, Richard Gere, Bernardo Bertolucci, Julian Schnabel, Anjelica Huston, Joel Coen, Christopher Lee, Antonio Banderas eta Javier Bardem dira liburuetan sinatu zutenetako batzuk. Joan Manuel Serrat abeslaria, Forges umorista eta Mario Vargas Llosa literaturaren Nobel sariduna ere badaude zerrendan.
Enkantea Bilbao XXI etxean egingo dute, eta 3.000 eurotan irtengo da sorta. Álvaro Jubera bertako arduradunetako baten hitzetan, baliteke 6.000 edo 7.000 euro ere ordaitzea lau liburuengatik.