Itxi

Zinemaldia 2024

'Vitoria, 3 de marzo'

Victor Cabaco: '1976ko martxoaren 3ko gertakariak ez ahaztea da gure helburua'

Natxo Velez | eitb.eus

Donostiako Zinemaldiak 'Vitoria, 3 de marzo' 1976an Arabako hiriburuan Poliziaren tiroek bost langile hil zituenekoa gogora ekartzen duen filmaren estreinaldia hartuko du gaur, EiTB Galaren barruan.

1:14

EiTBk paper garrantzitsua beteko du aurten ere Donostiako Zinemaldiko 66. edizioan, jaialdian ikusiko diren 12 filmetan parte hartu baitu. Horietako bat da Vitoria, 3 de marzo Victor Cabacok zuzendutako filma, gaur gauean lehenengoz proiektatuko dena jendaurrean, Victoria Eugenia antzokian, EiTB Galan.

Vitoria, 3 de marzo lanak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoa islatzen du. Egun hartan, Poliziak protestan ari ziren bost langile hil zituen, Arabako hiriburuan.

Cabacok (Santander, 1967) Begoña (Amaia Aberasturi) izeneko pertsonaia erabiltzen du horretarako, bere burua, familiaren bidez eta maitasunaren ondorioz, hirian garai hartan puri-purian zen langile borrokarekin lotuta zuen emakume gaztea.

Begoñaren ikuspuntutik, eta garai hartako irudi eta soinuak eta fikziozko kontakizuna nahasita, hiri batek heldutasunera bidean egin zuen jauzi traumatikoa erakusten du Cabacok, zauri bat gaizki itxita baitzuen. Protagonistak helduarora egin behar izan zuen jauzia horren ispilu da.

EiTBren parte-hartzea duen filmeko zuzendariarekin hitz egin dugu.

Zergatik aukeratu zenuten fikziozko istorio bat 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa pantailaratzeko?

Ekoizleek, gidoigileek eta nik neuk beti pentsatu dugu fikziozko istorio bat zela modurik zuzen eta errazena ikuslearengana iritsi eta 76ko martxoan gertatu zena kontatzeko.

Orduan gertatu zena eta fikziozko pertsonaiak dituen film bat uztartu nahi genituen. Fikziotik abiatuta, orduko gizarte eragile guztietara heltzen gara: langileak, enpresaburuak, kazetariak, politikariak…

Gainera, pelikula baten bidez errazagoa da publiko gaztearengana iristea, bestela informazio hori jasoko ez zuen jendeari gerturatzen diozu honakoa bezalako istorio erreal bat.

Vitoria 3 de marzo

Begoña 18 urteko neskaren begietatik begiratzen diezue martxoaren 3ko hilketei. Zer abantaila ekarri dizue horrek?

Filmaren ardatza pertsonaia hori da, istorio guztiak batzen ditu. Aldaketak jasotzen dituen istorio bat da, kontzientzia hartzeko prozesua islatzen duena, familiartean hasi eta enpresa eta politika bezalako eremu zabalagoak harrapatzeraino.

Hori guztia gazte baten eta idealen ikuspegitik heltzen zaio ikusleari, baldintzarik ez duen eta bere emozioek bultzatuta mugitzen den begirada baten bitartez. Hortik, ideal sakonak sortzen dira.

Baina Begoñak kontzientzia politikoa hartzen du edo maitasunak bultzatuta soilik jokatzen du?

Jakin-nahi handiko neska da, gauza askotan sartzen dena, maitasunak zein kontzientziak gidatuta. Baina gertakari batzuek kontzientzia soziala, langile nortasuna, esnaraziko diote. Umezarotik heldutasunerako urratsa da.

Hainbat pertsonaiak erabakiak hartu behar dituzte pelikulan zehar. Denok dugu prezio bat?

Pelikula honetan denek dute prezio bat, baina ez bakarrik diruari dagokionez, ezpada kontzientziarekin, maitasunarekin eta idealekin lotutakoa ere.

Denek hartzen dituzte erabakiak beren arauen arabera, eta neke handiak hartzen dituzte horiengatik. Bizitzak ez ditu beti bide errazenetatik eramaten, baina, azkenean, denak saiatzen dira beren ideiekin zintzo jokatzen.

Nolakoa izan da dokumentazio prozesua? Nora jo duzue?

Pelikula honen proiektua duela zortzi urte abiatu zen. Dokumentazio oso zabala erabili dugu: gaiari buruzko makina bat dokumental, artxiboko irudiak, garai hartako prentsa, eta gertakariak berak ez ezik orduko egoera politikoa ere jorratzen duten liburuak.

Halaber, Martxoak 3 Elkartearekin ere harremanetan egon gara, eta egun haietako beren esperientziak kontatu dizkigute.

Horrez gain, nahiz eta irudi duen denbora asko joan dela, Gasteizko  jendeak etengabe gogorarazten zigun egun horietan gertatu zen, oso presente dago hirian. Santa Maria Aingeruen parrokian filmatu genuenean, erretoreak kontatu zigun langileen batzarrak non ziren eta nola lagundu zien sakristiatik ihes egiten, baita gero Poliziak jipoitu egin zuela ere.

Fikziozko istorioan garai hartako benetako soinu eta irudiak txertatu dituzue. Zer gehitu diote istorioari?

Sinesgarritasun handia ematen diote: dena ahalik eta errealena dela sinesten eta 70eko hamarkadan barneratzen laguntzen diote publikoari.

Audioak oso garrantzitsuak dira: agerian uzten dute orduko basakeria, eta oso balio handia ematen diote. Izugarria da gure kontakizunean audio horiek guztiak entzutea eta benetakoak direla jakitea.

 

 

Hiritik sortutako proiektua da, eta hiritar askok hartu dute parte estra gisa. Hiri osoaren proiektua dela uste duzu?

Gasteizko herritarren eta erakundeen parte-hartzea izugarria izan da, igartzen da oso gertakari garrantzitsua dela hiriaren historian. Kolaborazioa erabatekoa izan da, batik bat estra gisa jardutera bertaratu ziren pertsonena.

Filmaren tarte batean parte hartzeko etxetik 70eko hamarkadan bezala jantzita etortzen ziren pertsona horiei guztiei eskerrak eman besterik ezin dugu egin. Filmatzea oso aspergarria da, baina denbora gehiago ere gelditzen ziren laguntzen jarraitzeko.

Egun batzuetan, goizez 500 pertsona eta arratsaldez beste horrenbeste etorri ziren, guztiak oso sinetsita eta proiektuan izateko irrikan. Plazer hutsa izan da.

Oso une hunkigarriak egon ziren: hainbat adinekok une horretan non zeuden esaten zizuten, eta han egondakoen seme-alaba eta ilobak ere baziren.

Erakundeek hilketon aurrean erakutsitako utzikeriaren aurrean, uste duzu zerbait gehiago geratzen dela jakiteko?

Gertakariak hor daude, eta oso ondo dokumentatuta daude. Auzitegietan ahaztu duten tragedia bat da, eta argitu beharko litzateke, kaltedunen onerako.

Bake sozialaren mesedetan, badirudi Bruselatik ikertu egingo direla martxoaren 3ko gertakariak.

Vitoria 3 de marzo

Zer etorkizun aurreikusten diozue filmari Zinemaldiaz harago?

Gaurkoa aurkezpen bat izango da, eta filma 2019ko martxoaren 1ean estreinatuko da Estatu osoan. Aurreikusten diogun etorkizuna da jendeak ikustea, hunkitzea eta Gasteizen gertatu ziren jazoera larri haien berri izatea.

Horrez gain, hainbat jaialditara eraman nahi dugu filma. Bukatu berri dugu eta ahalik eta jende gehienek ikustea nahi dugu. 1976ko gertakariak ez ahaztea da gure helburua.