Zinemaldia 2024
Elkarrizketa
Telmo Esnal: 'Euskal dantza tradizionalen bitartez, istorio bat kontatu dugu'
Natxo Velez | eitb.eus
Gipuzkoar zuzendariak ‘Dantza’ filma aurkeztuko du gaur Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. Dantza eta horrek atzean duen sinbologia ditu ardatz.
-
Telmo Esnal, Dantza filma
Euskal zinema Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean egongo da 66. edizio honetan ere. Dantza Telmo Esnalen filmak beteko du aurten azkenaldian Loreak, Amama eta Handia filmek bete duten ordezkari lana, film bakar batek sistema artistiko eta industrial konplexu oso bat ordezkatzea posible bada, behinik behin.
Lehiaketatik kanpo proiektatuko den lanean, kantu poetikoa egin die Esnalek “tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei”. Berarekin hitz egin dugu, EiTBren parte-hartzea duen filmari buruz gehiago jakiteko.
Zer da Dantza?
Dantza bizitza da, eta gure pelikulak horixe kontatzen du: bizitzaren istorio bat. Dantzen bitartez istorio bat eraikitzen doa filma, dantza eta musika lotuta doaz, eta, horrela ikusita, esan genezake musikal bat dela.
Euskal dantza tradizionalen bitartez, istorio bat kontatzen dugu, naturarekin eta bizitzarekin, lotutakoa. Herri laborari baten istorioa da: lurra landu, landatutakoa babestu, fruitua jaso, fruituaren ondoren festa egin... Horixe kontatzen du filmak.
Zer elementu erabili dituzu istorio hori kontatzeko?
Euskal dantza tradizionalak eta horiek atzean duten sinbologia ditu ardatz Dantza filmak. Horiek kontuan izanik eraiki dugu gure istorioa. Oso aberatsa da gure dantza tradizionala, mota askotako dantzak aurki ditzakegu errepertorioan, eta horiek ezagutu eta aukeratzea izan da lehen lana.
Zazpi urte joan dira proiektua sortu zenetik gauzatu den arte. Zer zailtasuni egin behar izan diozu aurre?
Batez ere arazo ekonomikoak izan dira, hori izan da zailena: produkzioa ekonomikoki ahalbidetzea, pelikulan parte hartzen duten erakunde eta telebistak inplikatzea. Nire ustez, hori izan da zailena, eta horrexek eraman du denbora gehien.
Behin hori konponduta, gauzak uste bezala joan dira. Urtaro oso bat behar genuen grabatzeko, eta horrela izan da. Hori bagenekien.
Dantzari profesionalik ez da ageri filmean. Nahita hartutako erabakia izan da? Zeri zor zaio?
Euskal dantza tradizionalean, ez da dantzari profesionala existitzen, denok dantzatzen dute bokazioz. Emaitza erabat profesionala da, baina ez da inor horretaz bizi.
Zeri zor zaion hori? Ez dakit zor den hitza; zeren errua den galdetuko nuke nik.
Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzekin aritu zara lankidetzan. Zer paper jokatu du bakoitzak?
Aurretik esan bezala, euskal dantza tradizionalen sinbologietan eta koreografietan dago oinarrituta filma, eta hori izan da Juan Antonioren papera. Ez pelikulan soilik, noski, bere bizitza eman du horretan lanean, eta ni lan horretaz baliatu naiz istorioa eraikitzeko.
Koldobikaren lana alde estetikoa izan da. Bera izan da hori guztia eraberritzearen arduraduna. Sinbologia horri beste ukitu bat eman dio, kontatu nahi genionari ondoen zetorkiona aurkitu, tokiak proposatu, jantziak eta atrezzoak prestatu...
Dantzari buruzko filma izaki, musikan arreta berezia jarri duzue, eta Pascal Gaigne, Mikel Urbeltz eta Marian Arregi zena arduratu dira horretaz. Zelan egin duzue lan esparru horretan?
Marianek eta Mikelek urte askoan landutako doinuetan oinarritu gara lan egiteko. Grabazioak beren doinuekin egin genituen, eta Pascal geroago iritsi zen proiektura.
Argi neukan kanpoko ikuspegi bat behar genuela, musikaren bidez narratibari laguntzeko. Eta hori izan da, azken finean, Pascalen lana: doinuak berregin, istorioari laguntzeko.
Espero zenuen filma Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatzea? Toki egokia da, zure ustez?
Film bat egiten dudanean, ez dut pentsatzen non bukatuko duen. Istorioari, kontatzen ari naizenari, fidela izaten saiatzen naiz. Gerokoak ez nau gehiegi arduratzen.
Baina egia da denoi gustatzen zaigula filma ahalik eta leku onenean egotea. Zinemaldian eta Sail Ofizialean egotea gure filmarentzat leku oso aproposa dela iruditzen zaigu.
Bestalde, “Agur, Etxebeste” filmatzen ari zara Asier Altunarekin. Zer moduz doaz filmatze lanak?
Laugarren astea betetzear gaude, eta gustura gaudela esan genezake. Lan asko, beti bezala, baina gustu handiz ari gara, eta eguraldia lagun... Bada zerbait!