Zinemaldia 2024
Irailak 26
Euskal zinemak Julia Juaniz muntatzailea omendu du
EITB.EUS
Muntatzaile eta errealizadore nafarrak Zinemira saria jaso du Victoria Eugenia Antzokian. Euskal Zinemaren eta ETBren Galari amaiera emateko, 'Elkarrekin-Together' dokumentala estreinatu dute.
Zinemira saria jaso du gaur Julia Juaniz muntatzaile eta errealizadore nafarrak, Euskal Zinemaren eta ETBren Galan, Victoria Eugenia Antzokian, eta ondoren Elkarrekin-Together ETBk lagundutako dokumentala estreinatu dute.
Bere hitzaldian, sariagatik eskerrak eman ostean, harriduraz jaso duen aitortza izan dela nabarmendu du. Hala ere, gaurkoa mugarri izatea espero du, aurrerantzean muntatzaileen lana beste zinema jaialdi batzuetan ere aitortzeko. Jarraian, irudien muntaketan aritzen dela eta bere lanak zertan datzan azaldu du.
Ikus-entzunezkoen lengoaia ikastetxeetan irakastearen aldeko aldarria ere egin du.
Eskertzen atalean, bere guraso eta senideez oroitu da, haren esanetan, beraiek erakutsi baitzioten zinema maitatzen. Halaber, saria Jon semearekin partekatu nahi izan du. Horrez gain, berarekin lan egin duten zinegileak izan ditu gogoan eta aipamen berezia egin die Javier Aguirreri, Victor Ericeri eta Carlos Saurari.
Julia Juanizek jaso du aurten euskal zinemagintzan murgilduta dagoen pertsona baten ibilbidea goraipatzen duen saria. Aurreko urteetan, Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015) eta Ramon Barea (2016) saritu zituzten.
Julia Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956) 60 zinta baino gehiago editatu ditu. Besteak beste, Carlos Saura, Victor Erice, Daniel Calparsoro, Mercedes Albarez, Rafael Gordon, Ramon Barea, Alberto Morais eta Ines Paris zuzendari ezagunekin egin du lan, baita Alberto Gorritiberea, Jabi Elortegi, Pedro Aguilera eta Arantza Ibarra zuzendari gazteekin ere.
Juaniz bi aldiz izendatu dute Goya saria jasotzeko, muntaia onenagatik, eta Espainiako Zinema Kritikarien Bilguneko saria jaso zuen El cielo gira (2004) lanagatik.
Bestalde, Elkarrekin-Together dokumentala izan da ikusgai Euskal Zinemaren eta ETBren Galan . Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak eta Igor Otxoak zuzendu dute, eta euskal arkeologo batzuek Estatu Batuetako uharte urrun batera egindako espedizioa erakusten dute bertan.