Zinemaldia
Gaur arratsaldean, irabazleak
Aurtengo Zinemaldiko Urrezko Maskorra, norentzat?
Erredakzioa
Lehiaketako azken filmak aurkeztu ondoren, hasi dira kinielak, eta Ogi Beltza dugu faboritoetako bat bertan. Epaimahaiarekin bat egingo al dute?
Eman beharrekoa emanda dago. Gaur arratsaldean, 16:00etan, aurtengo palmaresa emango du jakitera 58. Zinemaldi honetako epaimahai ofizialak. Kritikari, kazetari eta zaleek jarri dituzte jada aurtengo Urrezko Maskorraren eta Zilarrezko Maskorren irabazleen izenak. Dirudienez, ez datoz bat.
Prentsa espezializatuarentzat etsigarria izan da aurtengo edizioa, eta, beraz, asko dira kinielak. Ogi Beltza katalana omen da faboritoetako bat Urrezko Maskorra irabazteko, Lisboako Misterioak (Raul Ruiz) lanarekin batera. Baina bada Genpin japoniarraren alde egiten duenik ere. Agustí Villalonga Ogi Beltza filmeko zuzendariak saria irabazteko aukerak ditu, eta Raul Ruiz bera dugu zuzendari onenaren Maskorra jasotzeko beste izenetako bat. Gizonezko aktore onenaren saria jasotzeko hautagaien artean bi izen gailendu dira: Bruno Ganz (Koloreak iluntasunean) eta Lee Byung-Hun (Deabrua ikusita nago film odoltsuan egiten duen lanagatik).
Emakumezko aktore onenari dagokionez, badirudi adostasun handiagoa dagoela: Nora Navas aktorearentzat izan daiteke, Ogi Beltza filmean egiten duen lanagatik.
Goran Paskaljevic buru duen epaimahaiak emango ditu jakitera irabazleak, gaur, 16:00etatik aurrera.
Bederatzi egun luze
Joan den irailaren 17tik, 18 film aurkeztu dira Sail Ofizialean, eta horietatik 15ek eskuratu dezakete gaur saria. Joan den ostiralean hasi zen 2010eko Zinemaldia Chicogrande filmarekin. Egun horretan, John Malkovich izan genuen izar nagusietako bat.
Larunbatean, Alex de la Iglesia eta Santiago Segura izan ziren izen handiak Donostian. Bilbotarrak Zinematografiaren Sari Nazionala jaso zuen, eta Segurak, aldiz, Vazquez Handia aurkeztu zuen.
Igande goizean Pascual Maragall izan genuen Donostian, Bizikleta, koilara, sagarra dokumentala aurkezteko. Politikari ohiak Alzheimerraren aurka duen borroka kontatzen du lanak. Lehiaketaz kanpo aurkeztu zuten. Arratsaldean, ostera, zain egotea tokatu zitzaigun. Aurtengo edizioko izar handia arratsaldeko azken orduan zen iristekoa Donostiara. Eta iritsi zen, bai: 21:30 aldera heldu zen Julia Roberts Maria Cristina hotelera. Milaka lagun zituen zain, tartean Jan, errezatu, maitatu azken filmean lagun duen Javier Bardem bera ere.
Orduan hasi zen ‘’Julia Roberts urakana’’. Protagonismo guztia berea zen, astelehenean Donostia Sariaren egun handia baikenuen. Saria jasotzeko etorri zen Roberts Donostiara, baina baita Jan, errezatu, maitatu filma Bardemekin aurkezteko ere. "Zinemaldiko bikotea" osatu zuten bi aktoreek. Gauean, Bardemen beraren eskutik jaso zuen saria, hunkituta eta irribarretsu.
Ekaitzaren ostean, dena baretu zen. Bi aktoreek Donostiatik alde egin zutenean, Zinemaldiak arnasa hartu eta Sail Ofizialari ekin zion berriz. Gabonetan etxera eta Elisa K aurkeztu zituzten asteartean.
Asteazkena euskal zinemaren egun handia izan zen, eta Alex Angulok Zinemira saria jaso zuen Euskal Zinemaren Galan. Sail Ofizialean, Naomi Kawasen Genpin eta Agustí Villalongaren Ogi Beltza ikusi genituen. Amigo eta Aita izan ziren osteguneko aurkezpenak, eta atzo bertan itxi zuten aurtengo lehiaketa Maitasunaren menpe eta Cerro Bayo lanekin.
Dena den, oraindik pelikula bat dugu ikusteke Sail Ofizialean. Sarah zuen izena lanak jaialdia itxiko du gaur, eta saria banaketa ekitaldian izango dugu ikusgai. Ekitaldi horretako irabazleen izenak... 16:00etatik aurrera.