Zinemaldia 2024
Irailaren 26an jasoko du
Ricardo Darin: 'Donostia saria nire bizitzako garrantzitsuena da'
Agentziak | Erredakzioa
Argentinar aktoreak Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du, eta azaroan “Escenas de la vida conyugal” antzezlana egingo du Bilbon.
-
Irailaren 26an jasoko du saria Ricadro Darinek Donostian
Ricardo Darin argentinar aktorearen esanetan, Donostiako 65. Zinemaldian jasoko duen ohorezko saria bere bizitzako “garrantzitsuena“ da, “ez baita sari bat soilik, baizik eta ibilbide profesional osoaren aitorpena”.
Gaur, irailak 15, egin ditu adierazpenok Darinek Madrilen, “Escenas de la vida conyugal” azaroan Bilbora, Campos Eliseos antzokira, ekarriko duen antzezlanaren Estatu mailako biraren aurkezpenean.
“Gauero, probasaioak egiten ditut esker oneko hitzaldia prestatzeko, baina biharamunean ez dut deus gogoratzen”, adierazi du aktoreak, eta gehitu du gida bat idatzi beharko duela sari honek berarentzat zer esan nahi duen adierazteko. “Halakorik egin ezean, negar zotinka arituko naiz etengabe, tipula mozten ari den sukaldari baten antzera”, bota du.
'Escenas de la vida conyugal', Bilbon
Donostiatik Madrilera eta, handik, Bilbora egingo du argentinar antzezleak; izan ere, azaroaren 1etik 12ra “Escenas de la vida conyugal” Ingmar Bergmanen lanean oinarritutako antzezlana taularatuko du Campos Eliseos antzokian, Norma Aleandroren zuzendaritzapean.
Lana 2014an estreinatu zuten, Argentinan, eta “aldaketa sakonekin” helduko da Bizkaiko hiriburuko oholtzara, Andre Pietra aktoreak aurreko aktore protagonista, Erica Rivas (“Relatos salvajes”), ordeztuko baitu.
Darinen hitzetan, aktorearekin izandako “ezadostasun” batek “banatzera” eraman ditu, eta errealitatea eta fikzioa lausotu ditu horrek, horixe gertatzen baita, hain zuzen, biok gorpuzten zituzten pertsonaien artean.