Zinemaldia 2024
Irailak 22-30
Zinemaldiaren Sail Ofizialak lau emanaldi berezi izango ditu
Agentziak | Erredakzioa
º
“Morir” ETBren parte-hartzea duen filmaz gain, “Au revoir là-haut”, “Wonders of the Sea 3D” eta "Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka?" japoniarra proiektatuko dituzte.
-
"Wonders of ths sea" Arnold Scwarzeneggerrek ekoitzi eta kontatu du
Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioko Sail Ofizialak lau emanaldi berezi izango ditu, hiru lan gehitu baitizkiote "Morir" Fernando Franco zuzendariaren filmari.
Honela, "Au revoir là-haut"/"See You Up There" Albert Dupontel (Saint-Germaine-en-Laye, Frantzia, 1964) frantsesaren filma ikusi ahal izango da. Dupentelek zuzendu, protagonizatu eta idatzi du lana, Pierre Lemaitre izen bereko eleberria idatzi zuen egilearekin batera.
Halaber, "Wonders of the Sea 3D", Arnold Schwarzeneggerrek ("The Terminator", "Total Recall") ekoitzi eta kontatutako filma eskainiko dute Donostian. Jean-Michel Cousteau (Toulon, Frantzia, 1938) esploratzaile eta ekoizleak, Jaques-Yves Cousteauren semeak, Jean-Jacques Mantello izan du zuzendarikide film honetan.
Bestalde, "Kimi no Na Wa" / "Your Name" iaz estreinatu zen Donostian, eta Japoniako animazio film arrakastatsuena izan da. Aurten, film haren ekoiztetxeak "Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka? / Fireworks, Should We See it From the Side or the Bottom?" aurkeztu du.
Donostiako zinema jaialdiak gaur egindako iragarpenaren arabera, hiru obra horiek osatuko dute Sail Ofizialeko emanaldi berezien atala, "Morir" Fernando Francoren (Sevilla, Espainia, 1976) filmarekin batera. Francok bi sari eskuratu zituen Donostian bere lehen lanarekin ("La herida"): Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Álvarez).